Select Page

Berriak

Aclima ingurumen klusterrak eta SPRI Taldean integratutako  Nazioartekotzeko Euskal Agentziakantolatutako jardunaldi telematikoan hizpide hartu dira astearte honetatik Txileren ingurumen-egoera eta -erronkak, herrialde hegoamerikarrak aukera handiak eskaintzen dituelako hondakinen kudeaketarekin, urarekin eta Txileko udalerrien hobekuntzarekin lotutako proiektuak garatzeko.

Aclima klusterreko presidente Xabier Cañok eta idazkari Olga Martinek moderatutako jardunaldi honetan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Amaia Barredok parte hartu du eta esan du Euskadi aitzindaria dela garapen jasangarriko helburuen ezarpenean, eta hainbat emaitza lortu dituela, esaterako, aztarna ekologikoa % 7 murriztea 2001etik hona. Orobat aipatu du “inor atzean utziko ez duen eredu batean oinarritutako” hazkunde estrategia berri bat garatu behar dela, eta azpimarratu du 300dik gora euskal enpresak ekonomia zirkularrak erabiltzen dituztela. “Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak enpresa trakziogile handiekin kolaboratzen du neurri zirkularrak aplikatzeko, eta gaurkoa bezalako topaketak lagungarri dira gai horiei buruzko ezagutza aurreratua partekatzeko”.

Txileko gobernuko Ingurumen idazkariorde Javier Naranjok adierazi du Txileko ingurumen arloko legeria dela “ziurrenik, Latinoamerika osoko aurreratuena”. Gogoratu du lehen mugarria 1994an gertatu zela, Ingurumen Lege Orokorra onartu zenean, eta haren atzetik beste batzuk etorri direla, hala nola  Ingurumen Ministerioa eta Ingurumen Ebaluaketarako Zerbitzua sortu izana 2010ean.

70 Euskal enpresa Chilen

Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendari Ainhoa Ondarzabalek azaldu du Txile bazkide komertzial garrantzitsua dela Euskadirentzat, 70 euskal enpresa inguru baitaude han.  “Enpresentzat nazioartekotzea palanka bat da krisitik irteteko. Uste dugu esportazioen sektorea erabakigarria izango dela krisialditik suspertzeko”.

Ondarzabalek ziurtatu du ingurumenaren euskal sektoreak garapen potentzial handia duela nazioarteko merkatuetan eta, Nazioartekotzeko Euskal Agentziako zuzendariaren arabera, “ekitaldi hau gure jarduera planaren barruan kokatzen da”. Gogora ekarri du Txilek legeria zorrotza duela ingurumen arloan, 6.000 milioi dolarreko inbertsioa egin beharko duela desertifikazioaren aurkako borrokan eta 1.450 milioi inbertitu beharko dituela ingurumen arloko proiektuetan. “Aukera horiei esker, Txile bazkide paregabea da ingurumenaren euskal sektorearentzat”.

Txileko gobernuko Ekonomia Zirkularraren Bulegoko buru Guillermo González birziklapena indartzeko estrategiaz mintzatu da. Hala, adierazi du une honetan meatzaritzako pneumatikoen % 17 bakarrik aprobetxatzen dela, baina “asmoa da hamarkada baten buruan % 100eko birziklapena lortzea”. Ontzien kasuan, helburua da egungo % 5-11 bitarteko birziklapenetik % 65era iristea 12 urtean. “Eta estrategia bat garatu dugu hondakin organikoen arloan, egungo % 1eko birziklapenetik % 66ra igarotzeko hamar urteko epean”. Laburtzeko, Gonzálezek esan du xedea dela 2040rako egungo %4ko birziklapenetik %65era pasatzea eta 180.000 lanpostu berri sortzea ekonomia zirkularrean.

Adapt Chile-ko (ingurumen erronkak landu dituzten udalerriei aholkularitza ematen dien erakundea) zuzendari exekutibo Christian Gutiérrezek moderatutako mahai-inguruan parte hartu du Txile hegoaldeko Concepción udalerriko ordezkari José Luis Guarderasek. Guardarasek aipatu du kutsaduraren % 60 etxebizitzek sortzen dutela “sutarako egur hezea erabiltzen dutelako eta isolamendu termikoko sistemarik ez dutelako”. Horrez gain, bada beste arazo bat ere, udalerriko urmaelak kutsatuta baitaude legez kanpoko isuriengatik eta hazkunde desordenatuagatik.

Txileko Santiagoko eremu metropolitarrean dagoen Renca udalerriko alkate Claudio Castrok 2030era begira prestatu duten tokiko garapen plana azaldu du eta kexu agertu da hauxe esanez: “enpresek 100.000 lanpostu sortzen dituzte, baina Renca-ko 14.000 biztanle baino ez dituzte enplegatzen”. Plan horren apustuetako bat da gehiago kolaboratzea sektore pribatuarekin, eta bere baitan hartzen du, besteak beste, tokiko industriaren eraldaketa diruz laguntzeko proiektu bat.

Hondakinak desagerrarazteko planak

Acción Empresas irabazi asmorik gabeko antolakundeko (kudeaketa jasangarriaren arloko 130etik gora enpresa biltzen ditu) garapeneko kudeatzaile Katherine Müller-ek hizpide hartu ditu 2018an abiarazitako hondakinak desagerrarazteko planak, zeintzuen helburua baita isurketak ahalik eta gehien murriztea ekonomia zirkularreko praktikak aplikatuz. “47 enpresak eta 81 lantegi eta instalaziok parte hartu dute plan honetan” zehaztu du.

Txilen hondakinak kudeatzen dituzten ingurumen eta osasun arloetako enpresen AEPA elkarteko presidente Cristian Rojasek adierazi du Txile dela diru-sarreren esparruan desberdintasun handienak dituen ELGAko herrialdea. Bere esanetan, zabortegi guztien % 20k baino gehiagok ez dute baimenik, eta eremu metropolitarrean badaude legez kanpoko 79 zabortegi handi eta gutxienez hektarea bateko azalera duten beste 600. “Eta kontuan hartu behar da biztanleriaren dentsitatea oso handia dela eremu honetan: 478 biztanle kilometro koadroko”.

Fundación Chile erakundeko kudeatzaile-orde Ulrike Broshek Txileko egoera hidrikoaz mintzatu da, eta esan du arazoak dituztela bai kalitatearekin (iparraldean eta hegoaldean) eta baita ere kantitatearekin. “Akuiferoen % 72k jasotzen dutena baino ur gehiago erabiltzen dute”. Broshek-en arabera, Txile izango da 2040an lehorte arazo larriak izango dituen Latinoamerikako herrialde bakarra. Horregatik esan du herrialdeak lidergo argi bat behar duela uraren kudeaketan (gaur egun 43 erakundek parte hartzen dute), ekosistema hidrikoak babestu behar direla eta ur iturri berriak bilatu behar direla.

Hona hemen lehenengo jardunaldiaren bideoa:

Hona hemen bigarren jardunaldiaren bideoa: