Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Nazioaterako bloga

22/11/24

Eusko Jaurlaritzak Estatu Batuetako inbertsio berriak eta Euskadiko enpresentzako aukerak erakartzen jarraituko du

Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak, Andoni Kortak, adierazi du Estatu Batuak “gure esportazioen laugarren helmuga dela, eta oso merkatu garrantzitsua gure ekonomiarentzat”. Horregatik, Jaurlaritza “prest dago gure enpresak babesteko eta ahal den laguntza guztia emango die, Erresuma Batuan Brexitaren kasuan egin genuen moduan”. Kortak ostiral honetan Euskadiko Nazioartekotze Agentziak (SPRI taldearen parte) antolatutako jardunaldi batean parte hartu du, eta bertan Donald Trump Estatu Batuetako presidentetzara heltzeak Euskadiko negozioetan izan dezakeen eragina aztertu du.

Sailburuordeak azpimarratu du ezinbestekoa dela “gobernuak diplomazia ekonomikoarekin lan egitea. Era horretara, inbertsio eta aukera berriak erakarriko ditugu gure enpresentzat. Eta horretarako, trantsizio berdea aukera-iturri izango da”.

Trumpek produktu guztiei muga-zergak jarriko dizkiela egindako iragarpenari buruz, Kortak esan du “berdin dela Atlantikoaren beste aldean gertatzen dena, gure baloreak defendatu behar ditugula, eta etorkizun berde eta hobe baten alde lanean jarraitu”. Erantsi du trantsizio berdea aberastasuna ez ezik, “espezie gisa bizirauteko modu bakarra dela”.

Jardunaldia Eusko Jaurlaritzako EUko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiak ireki du, Ander Caballerok. Jarraian, Brett Bruenek, Barack Obamaren agintaldian Etxe Zuriko Kudeaketa Orokorreko zuzendari gisa jardun zuen Estatu Batuetako diplomazialariak, ziurtatu du “benetako galdera zer gertatuko den” dela, baina negozio-aukerak egongo diren uste osoa du. Estatu Batuen bakartzeak aukerak sortzen ditu Europan”, esan du.

Bruenek onartu du Donald Trump presidentetzara heltzea ez dela berri ona enpresa-mundurako. Baina adierazi du ez dagoela zalantzarik AEBko sektore pribatuak eraldaketa handiei erantzutearen eta trantsizio energetikoan inbertitzearen aldeko apustua egiten jarraituko duela Gobernu iparramerikarraren babesik ez badu ere.

Aipamen berezia egin die osasunaren edo ikerketaren arloan inbertitzeko aukerei. Bruen eragin handieneko sektoreez aritu da, eta manufaktura-industria, energia berriztagarriak, finantzak edo Defentsa aipatu ditu tartean.

Diplomazialaria oso ziur dago AEBek negozioa egiteko aukera-lekua izaten jarraituko dutela, Donald Trumpen agintaldia gorabehera. “Amerikar gizarteak eta sektore pribatuak munduari irekiak eta berritzaileak izaten jarraituko dute beren gobernuak hartzen dituen erabakiak gorabehera”.

Jardunaldiarekin amaitzeko, bertaratutakoak parte-hartzaile izan dituen eztabaida izan da, eta bertan, Cie Automotive, Gastamp edo Tubos Reunidos Euskadiko enpresentzako ondorioez, Errusiarekiko etorkizuneko egoeraz, eta Estatu Batuen eta Mexikoren arteko harremanez aritu dira, azken herrialde horretan baitaude ezarrita Euskadiko enpresa ugari.