Select Page

Berriak

Low Carbon and Circular Economy Business Action in the Americas (LCBA) proiektua Europako Batzordeak ko-finantzatutako ekimen bat da, “Green Deal” akordioaren barruan kokatzen dena. Bere helburua da ekonomia zirkular bateranzko trantsizioa sustatzea, karbono-isuriak murriztea Latinoamerikako hainbat herrialdetan eta Kanadan, eta Europako enpresen nazioartekotzea sustatzea Amerikako kontinentean.

Basque Trade & Investment-ek, SPRI Taldean integratutako Nazioartekotzeko Euskal Agentziak, laguntza ematen dio IDOMek gidatutako partzuergoari proiektu hau gauzatu dezan Brasilen, Argentinan, Kolonbian eta Txilen, aukera honen berri emanez interesatuta egon daitezkeen enpresa guztiei.

Proiektu hau plataforma bezala gauzatuko da, Europako eta Latinoamerikako enpresen arteko teknologia berdeen salerosketako negozioak sortzeko sektore estrategiko hauetan:

  • Energia berriztagarriak.
  • Nekazaritza, abeltzaintza eta basozaintza
  • Hondakinen kudeaketa
  • Eraginkortasun energetikoa eta prozesu industrialetako isurketen murrizketa
  • Mugikortasun jasangarria
  • Ekonomia zirkularra

Ekimen europar hau oso interesgarria izan liteke gaur egun Brasil, Argentina, Kolonbia eta Txilera esportatzen duten edo herrialde horietan kokatuta dauden 500 langile baino gutxiagoko euskal enpresentzat, aukera izango baitute LCBAko lantaldeak dohainik eskainitako kontaktu-sareaz, neurrira eginiko laguntza teknikoaz eta ekitaldiez baliatzeko, eta hartara, era askotako proiektuak garatzeko euskal enpresen eta tokiko enpresen artean. Zehazki, enpresa interesatuek zerbitzu hauek eskuratu ahal izango dituzte:

Proiektuak xeheki jasoko ditu gorago aipatutako herrialdeetako enpresen behar eta eskaera teknologikoak, eta eskaera horiek ase ditzaketen Europako enpresen bilaketa bat egingo du. Behin identifikatu ondoren beharra eta balizko hornitzailea, LCBAko lantaldeak berak egingo du “match”-a, eta proiektua edo salerosketa prestatuko du elkarlanean: batetik, euskal enpresa hornitzailearekin eta, bestetik, aipatu diren herrialde latinoamerikar horietako enpresa eroslearekin.

Bideragarritasun handiena duten eta inpaktua izateko aukera gehien duten proposamen bateratuek laguntzak jaso ahal izango dituzte: gehienez 25 eguneko laguntza teknikoa eurek nahi duten alderdiei buruz (bideragarritasun tekniko edo komertzialeko azterketak, inportaziorako baldintza legalak, lizentziak, finantza arloko coacing-a…).

Enpresa interesatuak LCBAko lantaldearekin harremanetan jar daitezke helbide honetan: latam@lowcarbonbusinessaction.com