Basque Trade & Investment-ek Global Offshore Wind Summit Japan 2026 (GOWS-J) ekitaldian parte hartu du, urriaren 13tik 15era Nagasakin. Bertan, Euskadik eolikoko balio-kate lehiakor eta nazioartekotu baten garapenean duen esperientzia aurkeztu du. Parte-hartzeari esker, euskal enpresen gaitasun industrialak eta teknologikoak ikusarazi dira, eta nazioarteko lankidetzak itsas eolikoko hornidura-kateak indartzeko duen ahalmena nabarmendu da.
Global Wind Energy Councilek (GWEC) eta Japan Wind Power Associationek (JWPA) antolatutako nazioarteko topaketa honetan euskal presentzia horrela antolatu da: euskal enpresen erakusketa-espazio batean, Regional Forum & Networking-aren esparruan aurkezpen batean eta Basque Trade & Investment erakundeak itsas eolikoaren hornidura-katean nazioarteko lankidetzari buruzko mahai-inguru batean.
Euskadik bere garapen industrialaren gakoak partekatzen ditu sektoreko eragile nagusiekin
Parte-hartzearen ardatzetako bat Nadia Maestro Basque Trade & Investmenteko Adimen Lehiakorreko kudeatzailearen parte-hartzea izan da, International Collaboration in the Offshore Wind Supply Chain mahai-inguruan. Japonian eta Asia-Pazifikoko eskualdean hornidura eolikoaren katea garatzeko erronkak eta aukerak jorratu ditu eztabaidak, baita sektorearen hazkundea bultzatzeko merkatuen arteko lankidetzaren zeregina ere.
Basque Trade & Investment-ek euskal industria eolikoaren bilakaera azaldu du, industria-fabrikazioarekin eta lurreko energia eolikoaren garapenarekin lotutako jatorritik hasi eta gaur egun itsas eolikorako teknologien, ekipoen eta zerbitzuen nazioarteko hornitzaile gisa duen posizionamendura arte, teknologia flotatzailea barne.
Euskadiren esperientzia azaltzeak industria-oinarri sendoa izatearen garrantzia nabarmentzea ahalbidetu du, denboran lerrokatutako eta eutsitako energia-, industria- eta teknologia-politikekin lagunduta. Prozesu horretan, lankidetza publiko-pribatuak, klusterren politikak eta gaitasun teknologikoetan eta entsegu-azpiegituretan inbertitzeak ekosistema industriala indartzen eta euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzen lagundu dute.
Mahai-inguruak sektoreko erreferentziazko erakunde eta konpainien ordezkariak bildu ditu, besteak beste, Vestas, Global Offshore Wind Alliance (GOWA) eta Doosan Enerbility, eta moderatzailea Chihiro Terasawa izan da, Mitsubishi Research Instituteko Eraldaketa Berdearen Dibisioko Ikerketa zuzendaria.
Japonia, itsas eolikoko lankidetzarako merkatu estrategikoa
Japoniak itsas eolikoa teknologia garrantzitsutzat jotzen du 2050ean trantsizio energetikoaren eta neutraltasun klimatikoaren helburuetan aurrera egiteko. Itsas potentzialak eta manufaktura-industriaren esperientziak aukera ematen dute ekoizpen-gaitasun berriak garatzeko eta hornidura-kate espezializatuak finkatzeko.
Topaketan nabarmendu da merkatu egonkorra eta aurreikusteko modukoa izan behar dela, epe luzera ikusgarritasuna emango duten eta enpresei inbertsioak planifikatzeko, industria-gaitasunak garatzeko eta eskala-ekonomiak lortzeko aukera emango dieten politikek babestuta.
Era berean, nazioarteko balio-kateen arteko osagarritasunak aprobetxatzearen garrantzia azpimarratu dute parte-hartzaileek, espezializazioa bultzatuz eta bikoiztasunak saihestuz. Testuinguru horretan, Japoniaren gaitasun teknologikoek eta manufaktura-gaitasunek Euskadiko industria-esperientziarekiko osagarritasun-esparruak erakusten dituzte, enpresa-lankidetzarako bide berriak ireki ditzaketenak.
Bi ekosistemen arteko lankidetzak negozio-aukerak identifikatzen, baterako proiektuak bultzatzen eta euskal enpresek itsas eolikaren balio-kate globaletan duten presentzia indartzen lagun dezake.
Euskal enpresen gaitasunak ikusarazteko gune bat
Euskadik GOWS-J 2026an izan duen parte-hartzeak erakusketa-gune propioa izan du, eta bertan itsas eolikarekin lotutako lau euskal enpresa egon dira. International Booth-ek haien teknologiak, produktuak eta zerbitzuak erakusteko aukera eman du, baita Japoniako merkatuko konpainia eta eragileekin harremanetan jartzeko ere.
Euskadiko ordezkaritzak Regional Forum & Networking topaketan ere parte hartu du, urriaren 14an. Basque Trade & Investment erakundeak Euskadiko ekosistema industriala aurkeztu zuen, eta parte-hartu zuten hiru enpresek aurkezpenak egin zituzten ere. Bilkura ezagutzaren trukea, business matching-a eta Europako eta Asiako erakundeen arteko balizko lankidetza-bideak identifikatzea sustatzera bideratuta egon da.
Basque Trade & Investment erakundeak bigarren aldiz parte hartu du Global Offshore Wind Summit Japan azokan, eta jarraipena eman dio Japoniako merkatura hurbiltzeko eta euskal industriaren gaitasunak nazioartean sustatzeko estrategiari.
Euskal industria eolikoaren nazioartekotzea bultzatzea
GOWS-J 2026an parte hartzeak lagundu egin du Euskadiren nazioarteko ikusgaitasuna indartzen, balio-kate lehiakorren garapenean esperientzia duen ekosistema industrial gisa, bai eta sektore eolikoa sendotzen eta nazioartekotzen laguntzen duten faktoreei buruzko ikaskuntzak partekatzen ere.
Basque Trade & Investment-ek lanean jarraituko du euskal enpresei merkatu estrategikoetarako sarbidea errazteko, enpresa-harreman berriak sustatzeko eta nazioarteko lankidetzarako aukerak detektatzeko. Itsas eolikoa bezalako sektore batean, zeinaren garapenak gaitasun industrial espezializatuak eta hornidura-kate globalak eskatzen dituen, Euskadiren eta Japoniaren arteko lankidetza hazkunde-aukera berriak aztertzeko eta trantsizio energetikoan laguntzeko bide bat da.