Basque Trade & Investmentek Australiako sare elektrikoaren eraldaketak euskal enpresentzat eskaintzen dituen aukerak ezagutarazi ditu

Hogei euskal enpresa inguruk parte hartu dute Australiako elektrizitate-transmisioaren eta -banaketaren arloko aukerei buruzko webinarrean.

Basque Trade & Investmentek “Australiako Sare Elektrikoaren eraldaketako aukerak – Transmisioa eta banaketa” webinarra antolatu zuen Irailaren 29an, asteartean. Jardunaldiaren helburua izan zen euskal enpresei Australiako sistema elektrikoaren eraldaketak sortzen ari den negozio-aukerak lehen eskutik ezagutaraztea. Saioan 20 euskal enpresa inguruk hartu zuten parte.

Topaketan, Australian Energy Market Operator (AEMO) eta VicGrid erakundeetako ordezkariek Australiako sare elektrikoaren eraldaketa eta modernizazioaren esparruan datozen urteetarako aurreikusitako proiektu eta inbertsio nagusiak aurkeztu zituzten.

AEMOren 2026ko Sistemaren Plan Integratuak (ISP) energia-azpiegituretan inbertsio-programa garrantzitsua aurreikusten du 2050era bitartean. Planak, besteak beste, transmisio-azpiegitura berrien 6.000 kilometro inguru jasotzen ditu, baita energia berriztagarriak integratzeko, energia biltegiratzeko, sarea digitalizatzeko eta modernizatzeko hainbat ekimen ere.

Bestalde, VicGridek Victoria estatuan aurreikusitako sarearen garapen-programa nagusiak aurkeztu zituen. Besteak beste, Energia Berriztagarrien Eremuak (REZ) eta transmisio-korridore berriak nabarmendu zituen, energia-sistemaren eraldaketak sortzen dituen beharrei erantzuteko.

Webinarrean parte hartu zuten enpresek Australiako merkatuaren egungo eta etorkizuneko beharrei buruzko informazioa jaso zuten, baita hainbat arlotan sortzen ari diren negozio-aukerei buruzkoa ere. Besteak beste, ingeniaritza, elektrizitatearen transmisioa eta banaketa, sare elektrikoetarako ekipamendu eta irtenbideak, digitalizazioa, energia-biltegiratzea eta energia berriztagarrien integrazioa izan ziren aztergai.

Australia bere energia-sistema eraldatzeko prozesuan murgilduta dago, energia berriztagarrien hazkundeak eta transmisio- eta banaketa-azpiegiturak egokitu eta handitzeko beharrak bultzatuta. Testuinguru horrek aukera berriak sortzen ditu energia-sektorean gaitasun eta irtenbide espezializatuak dituzten enpresentzat.

Ekimen hau Basque Trade & Investmentek euskal enpresei nazioartekotze-prozesuan laguntzeko, merkatu berrietara sartzea errazteko eta nazioarteko eragile, bazkide eta negozio-aukerekin harremanetan jartzeko egiten duen lanaren barruan kokatzen da.

Horrelako topaketen bidez, Basque Trade & Investmentek merkatu estrategikoei buruzko informazio espezializatua euskal enpresen eskura jartzen du eta nazioarteko lankidetzarako eta negozio berriak garatzeko bideak identifikatzen laguntzen du.