Select Page

Berriak

Brexita errealitate bat da joan den urtarrilaren 1etik, eta Erresuma Batuan kokatutako euskal enpresek arau berrietara egokitu behar dute, adibidez indarrean sartu diren bisatu berrietara. Nazioartekotzeko Euskal Agentziakjardunaldi telematiko bat antolatu du (ikusgai dago SPRI Taldearen Youtubeko kanalean) eskakizun berriak ezagutzera emateko.

Nazioartekotzeko Euskal Agentziak Londresen duen bulegoko zuzendari Pablo Fanok eman dio hasiera jardunaldiari. Fanoren arabera, Agentziak egindako azterlan batek erakutsi du enpresek Brexitaren inguruan dituzten zalantzak lau arlotan zentratzen direla: mugikortasuna, produktuen ziurtapenak, muga-zergak, eta fiskalitatea eta BEZa.  Horregatik, astearte honetan lehen jardunaldi telematiko bat egin da mugikortasunaren gaia jorratzeko, eta datozen hilabeteetan beste hiru jardunaldi egingo dira gainerako gaiak aztertzeko.

Migrazio-markoa (lanera joateko edo ikasketak egiteko modua) eta negozio-bidaiak ardatz izan dituen jardunaldi honetan hizlari aritu da Diana Matsinde, Newland Chase enpresako immigrazio managerra eta Brexitaren ondorengo tramiteetan aditua. Esan du urtarrilaz geroztik lanerako bisatu bat sartu dela indarrean Erresuma Batuan, puntu bidez funtzionatzen duena eta jatorria barik gaitasunak eta talentua lehenesten dituena.

Matsinde-k jakinarazi du funtsean bi bisatu daudela: langile kualifikatuarena, “epe luzeko sarrera ematen duena bizileku-baimen iraunkorra lortzeko aukerarekin, eta ingeles-maila handiagoa eskatzen duena”, eta enpresa barrukoa, langile bati baimena ematen diona Erresuma Batura joateko bost urtez. “Puntukako sistema bat da: 70 lortu behar dira. Eta babesletza-lizentzia bat daukan enpresak 20 puntu jasoko ditu. Lizentzia hori gabe ezin dira lortu bisatu biak”.

 

Pasaportea

Adituak gehitu du negozio-bisitak egiteko nahikoa dela pasaportea. Alta, immigrazio-arauak etengabe ari dira aldatzen, eta adi egon behar da jakiteko aldi bakoitzean zer egin daitekeen eta zer ez. Posible da kontratu bat negoziatu edo saltzea, baina ezin da zuzenean saldu. Matsinde-k gogorarazi du atzerriko fabrikatzaile baten langile batek posible duela zerbitzua ematea Erresuma Batuko bezero bati, baldin hornikuntza, erosketa edo errentamendu kontratu bat tartean badago. “Jarduera debekatuen artean daude lanpostu bat lortzea, enpresa britainiar batentzat lan egitea edo enpresa bat administratzea autonomo gisa”.

Roger Llaveria-k, Newland Chase enpresako salmenta saileko exekutiboak, esan du bere enpresak beste enpresa batzuen bidaien egokitasuna kudeatzen duela. “Inkesta labur batekin erabakitzen dugu negozio-bidaia baten ezaugarriak dituen, eta halakoak baditu adostasun-agiri bat ematen zaio. 25€ balio du”. Orobat esan du badela beste konponbide bat ere: sarrerako gida,  doako tresna bat, non bakarrik adierazi behar den nondik datorren bidaiaria eta zein herrialdetara doan.

Galderen txandan hizpide hartu dira langile atzerriratuak, bisatuak eskuratu ditzaketenak euren familientzat baina bakarrik lanean arituko diren denborarako. Bestalde, irailaren 30etik aurrera NANa ez da baliozkoa izango Erresuma Batura joateko, eta pasaportea beharko da derrigor.

Jardunaldiko parte-hartzaileek bisatuen kostuaz ere galdetu dute. Diana Matsinde-k esan du prezio desberdinak daudela, dela 1.000€ urtean   langile batentzat, dela 600€ pertsonako bisatu partikularretan, dela 624 libera osasun zerbitzuak jaso ahal izateko. “Ikusi ditut 10.000 euroko fakturak, eta baita 20.000koak ere, familiaren tamainaren arabera”.

Orobat aztertu da Brexitaren aurretik Erresuma Batuan bizi ziren langileen egoera, pre-settled status direlakoak.  “Bisatuak jarraitzen du baliozkoa izaten, baina erne egon behar da arauak ezagutzeko. Bost urtera iristen zarenean eskaera bat egin behar duzu. Bisita familiarrei dagokienez, motaren arabera izango da: langilea ezkonduta badago posible da eskaera bat egitea, baina bisitaria ahaide bat bada zailagoa da eta kasua aztertu behar da”.

Txostena HEMEN

21419_BREXIT-Y-MOVILIDAD