Select Page

Berriak

Guztira 81 euskal enpresa batu dira SPRI Taldean integratutako Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren(Basque Trade & Investment) hogei bulegorekin, elkarrekin aztertzeko nola handitu edo abiatu euren nazioarteko jarduera.

Zehazki, bilerak egin dira Agentziak herrialde hauetan dituen bulegoetako ordezkariekin: Argentina eta Uruguai, Brasil, Txile, Estatu Batuak, Txina, Kolonbia, India, Italia, Mexiko, Polonia, Erresuma Batua eta Irlanda, Txekiar Errepublika eta Eslovakia, Errusia eta Singapur.

Basque Trade & Investment agentziaren kanpo sareko bulegoek lehen eskuko informazioa ematen dute Covid-19aren erronka globalaren aurrean merkatuak ematen ari diren erantzunari buruz. Hala, enpresek zuzenean jakin dezakete zeintzuk diren 2021erako joerak eta aurreikuspenak, nola sartu herrialde horietara, nola bilatu hornitzaileak, merkatu-azterketak, tramiteetarako laguntzak, coworking espazioen lagapena, ezarpen komertzial edo produktiboak egiteko laguntza eta aholkuak, eta nazioartekotzearekin lotutako zein urrats eman behar dituzten eremu geografiko horietan duten jarduera handitu ahal izateko.

Bileretan aukera aprobetxatu zen erakusteko nolako tresnak eskaintzen zaizkien euskal enpresei nazioarteko merkatuetan duten posizionamendua sendotzeko eta esportatzeko, adibidez, nazioartekotzeari laguntzeko programen bidez ematen diren laguntzak eta finantzaketa edota Agentziak eskaintzen duen zerbitzu-zorroko zerbitzu pertsonalizatuak.

Indiako automozio sektoreko aukerei buruzko jardunaldi birtuala

Bestalde, Nazioartekotzeko Euskal Agentziak Indian duen bulegoak, ACICAE-Euskadiko automozioaren klusterrak eta Indiako World Trade Centre Pune zentroak jardunaldi birtual bat antolatu dute, Indiak eskaintzen dituen merkatu-aukeren berri emateko eta loturak sortzeko Euskadiko zein Indiako automozio arloko enpresen artean. Topaketan lau euskal enpresak (Rubber Parts, Powertrain, e-Vehicles, Engine Electronics eta Light Weighting technology) parte hartu zuten, eta bertan euren enpresa- eta teknologia-gaitasunak aurkeztu zizkieten Indiako 30 enpresari.