Select Page

Berriak

Bizkaiko enpresak bere produkzioaren % 80 baino gehiago esportatzen du Europar Batasuneko herrialdeetara.

Forging Steel Products enpresa Amorebieta-Etxanon kokatuta dago (Bizkaia), eta estanpa bidezko forjaketa-piezak diseinatzen eta fabrikatzen ditu. Gaur egun 135 langile dituen enpresa honek altzairuzko barrak hainbat pisutako takoetan mozten ditu, indukzio-labe elektrikoetan berotzen ditu eta forma desberdinak ematen diete forjaketa-makinen eta moldeen bidez. Pieza horiek tren-sektorean edo automobilgintzan (kamioiak) erabiltzen dira, baina baita makinerian edo eraikuntzan ere.

Forging Steel Products enpresak bere ekoizpenaren % 80 Europar Batasuneko herrialdeetara esportatzen du. Kamioiaren sektorean Scania, BPW edo DAF bezalako bezeroak ditu, eta trenbideen sektorean Siemens, Alstom edo CAF bezalako enpresak. “Azken urte hauetan trenbidearen sektorean zentratu gara. Sektore honek produktuari balio handia emateko aukera ematen digu; izan ere, neurrira egindako konponbideak behar dira, trenbidean muntatzeko prest” nabarmendu du Jesús del Ríok, enpresako industria-zuzendaria. Forging Steel Productsek piezen diseinuan parte hartzen du bere bezeroekin batera.

Forjaketa-piezak “balio erantsi handia” eskaintzen dio bezeroarentzat, barne-akats gutxiago dituztelako, propietate mekaniko hobeak dituztelako eta soldatzen errazagoak direlako. Piezen diseinuaz eta fabrikazioaz gain, enpresa bizkaitarra piezen mekanizazioaz eta margoketaz eta azpiegituren muntaketaz ere arduratzen da. Aipatzekoa da, halaber, Forging Steel Products Alemaniako Deutsche Bahn trenbide-operadore nagusiak ziurtatutako enpresa bat dela, baita bereizketa hori duen Estatuko forjaketa-enpresa bakarra ere.

Bere produktuen garapenean hobetzen jarraitzeko, Forging Steel Products enpresak I+G+Bko hainbat proiektu gauzatu ditu. Adibidez, horietako bat forjaketa-simulazioko software bat ezartzean datza, diseinu-lana errazten duena eta akatsak minimizatzea ahalbidetzen duena. “Guk planoaren gainean egiten dugu lan, gure bezeroekin diseinuan kolaboratzen dugu, eta software hau oso lagungarria da lan hori egiteko”, nabarmendu du Del Riok. Enpresak bere forjaketa-prozesuak ere automatizatu ditu roboten bidez, adibidez, tresneria berreskuratzeko soldadura robotizatuko soluzio baten bidez.

Etorkizunari begira, Bizkaiko enpresak tren-sektorean hazten jarraitu nahi du, bere prozesuen automatizazioan aurrera eginez eta bere kalitate-kontrolak hobetuz, ikusmen artifizialeko soluzioen bidez. “Etorkizunean, sentsorika eta 4.0 industria gure prozesuetan ezartzea gustatuko litzaiguke”, adierazi du Jesús Del Riok.

Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako programak eta laguntzak ditu. Hemen kontsulta daitezke.