Select Page

Berriak

Kurrika doigarrien diseinu, fabrikazio eta merkaturatzean espezializatutako enpresa bizkaitar honek BDIH Konexio programaren laguntza jaso du.

Grip on Tools kooperatibak krisian zegoen enpresa baten ardura hartu zuen duela hiru urte eskas. Orain 20 pertsonako plantilla du eta nazioartekotzea da bere nortasun-ikurra, bere negozioaren % 70 esportatzen baitu. Kurrika doigarriak diseinatu, fabrikatu eta merkaturatzen dituen Berrizko konpainia honek SPRI Taldearen laguntza jaso du BDIH Konexio programaren bitartez, zeinarekin Basque Digital Innovation Hub-ek ETEen eskura jartzen baitu fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, testak egiteko eta baliozkotze prozesuetarako.

2018az geroztik, konpainia hau lan-elkarte misto bat da, baina familia-enpresa batetik dator, 2016an hartzekodunen konkurtsoan sartu zena. Langileek proiektuari eustea erabaki zuten eta kooperatiba bat sortu zuten. “Aurreko enpresako 7 langilek ekin genion proiektuari, eta orain 20 gara, horietatik 8 emakumeak. Ner Group-ek lagundu zigun (kapitalaren zati bat berea da), eta babes handia izan zen bai kapitalaren aldetik eta bai jarduera eta lanpostuak mantentzeko emandako bultzadagatik. Izen komertziala mantendu genuen, jendeak kalitatezko tresna batekin lotzen duelako” azaldu dute kooperatibako presidente Pilar Diezek, Joseba Zubizarreta koordinatzaileak eta Beñat Unamuno I+G-ko teknikariak.

Enpresaren merkatu-nitxoa profesionalentzako kalitatezko lanabesena da, eta orain “azken erabiltzailearengana iristen hasi gara. Gure fakturazioaren % 70 esportatzen dugu”.

Grip on Tools enpresaren lan-estiloa Ner Group taldearen barruko beste 20 antolakunderen berbera da. Grip on Tools-ek “lantalde autokudeatuetan lan egiten du, non gardentasuna eta konpromisoa baitira oinarrizko zutabeak. Soldatak orekatuak dira, emaitzak banatu egiten dira eta konprometituta gaude gizartearekin: emaitzen % 5 eta lanorduen % 2 komunitateko lan sozialetara bideratzen dira”.

Enpresa honen bezeroak burdindegien sektoreko banatzaile handiak dira, eta bere produktuak erabiltzen dira soldaduran, metalezko arozgintzan, mantenimendu-lanetan, brikolajean edo mekanikan.  Kurrika doigarriak egiten dituzte, bai unibertsalak -denetarako balio dutenak- eta bai espezifikoak, hots, soldadurarako kurrikak, hodiak moztekoak, eustekoak eta irismen handikoak (arozgintzarako).

Enpresaren urteko fakturazioa 2,5 milioi euro ingurukoa da, eta hortik % 5a bideratzen da I+G-ra.

BDIH Konexio programaren laguntzarekin (ia 12.000 euro), hiru produktu batu dituzte bakar batean, Multigrip izeneko proiektuaren bidez. “Hiru funtziotarako kurrika bana egin beharrean, eskuz azkar eta erraz desmuntatzen den kurrika bakar bat egin dugu, aurreko hirurek zeuzkaten funtzioak mantenduz lanabes bakarrean”.

Kontua da neurrira eginiko kurrikak fabrikatzea. “Sistema honen bidez neurrira egiten ditugu kurrikak”. Fabrikazio gehigarria erabiltzen da diseinuaren faserako, “horrek aukera ematen digu esperimentatzeko eta askatasun handia dugu geometria eta material desberdinak probatzeko”. Gainera, aurrezki handi bat da enpresarentzat eta kontsumitzaileentzat.

Multigrip proiektua prototipo fasean dago, hobetzeko eta baliozkotzeko prozesuan. Enpresaren asmoa da datorren otsailean Kolonian (Alemania) egingo den burdindegi-azokan aurkeztea.

Grip on Tools enpresak badu beste proiektu berritzaile bat esku artean: errematxatzeko makina bat diseinatzen ari da, “gai izango dena errematxatze-puntua presio aproposera egokitzeko eta fabrikazio prozesua azkarrago eta errentagarriago egiteko. Orain baino askoz automatikoagoa izango da”.

Etorkizuneko erronketako bat da balio erantsi handiagoko merkatuetara iristea “gaur egun daukagun ezagutza mantenduz”. Bolumenean hazi nahi dute, baina baita ere kalitatean. “Asmoa da esportazioetan ere hazten jarraitzea”. Alemania eta AEBak dira euren merkatu garrantzitsuenak. Arduradunek diote fabrikazioa lokala dela ia % 100ean. “Errematxeak baino ez dizkiogu eskatzen kanpoko hornitzaileari, hain zuzen, Valentziako bati. Gainerako guztia Euskadin ekoizten da”.