Select Page

Berriak

Egungo kudeatzaileak, Segundo Llorentek, azaldu dizkigu nolako abantailak dituen Sprilur Taldearen enpresa-gune batean kokatuta egoteak, hitz egin digu arrain kontserben negozioaren gorabeherez, beren instalazioak handitzeko proiektuaz, eta negozio-ildo berri baten hasieraz.

Ehun urtetik gorako Pescados Llorente enpresa Mutrikuko Mijoa Industrialdean kokatuta dago. Izen horrekin sortu zen 1973an, baina bere jarduera 1921ean abiatu zen.

Pescados Llorenteren egungo kudeatzaileak, Segundo Llorentek, enpresa zuzentzen duen familiako laugarren belaunaldiko kideak azaldu dizkigu nolako abantailak dituen Sprilur Taldearen enpresa-gune batean kokatuta egoteak, hitz egin digu arrain kontserben negozioaren gorabeherez, beren instalazioak handitzeko proiektuaz, eta negozio-ildo berri baten hasieraz.

100 urte lanean arrantza sektoreari lotuta. Nolakoa izan zen Pescados Llorente enpresaren hastapena Mutrikun? Nolako lantaldea zenuten hasieran eta nola aldatu da denborarekin?

1921.urtean Joaquín Iriondo Asumendi ondarrutarrak JOAQUÍN IRIONDO Y COMPAÑÍA arrain kontserben enpresa sortu zuen herrian bertan, negozioaren oinarritzat harturik Kantauriko hegaluze eta antxoa arrainen kontserbak. Orduantxe hasi zen familia-enpresa baten kate luzea.

1973an, sortzaile haren biloba Angelita Iriondok eta bere senar Segundo Llorentek erabaki zuten negozioa dibertsifikatzea, eta PESCADOS LLORENTE S.L. sortu zuten, helburutzat hartuz herriko arrantza-baliabide guztiak aprobetxatzea eta Estatuko zein nazioarteko merkatuetan sartzea. Gure negozio-eredua da merkatu zentralak, azalera handiak eta kontserba fabrikak hornitzea. Logistikarako garraio-enpresa bat daukagu, geurea, “AIXA LLORENTE S.L.” deitzen dena. Hasieratik osatu dugu langile talde konpetente bat. Une honetan familiaren laugarren belaunaldiak zuzentzen du Pescados Llorente, eta denak dira ekonomia eta ingeniaritza arloetako goi-mailako prestakuntza duten pertsonak.

Arrantza sektoretik eratorritako elikadura-industria garrantzitsua da herrian eta eskualde osoan. Zeintzuk dira zuen jarduera-eremuak eta nolako produktuak manipulatzen eta ekoizten dituzue?

Itsasoko elikadura-industria herriaren motor ekonomikoa da. Mota guztietako arrain freskoak manipulatzen ditugu, eta laster arrain izoztuaren munduan ere sartuko gara proiektu berri batekin.

Tokiko hornitzaileak dituzue ala kanpoko antolakundeak ere baliatzen dituzue?

Kantauri itsasoko portu guztietatik hornitzen gara, bai eta Frantziatik, Portugaletik, eta batez ere Irlandatik.

Zuen merkatua nazioartekoa da ala tokikoa bakarrik? Zein da zuen salmenta-bolumena nazioarteko herrialdeetan?

Maiz lan egiten dugu Europar Batasuneko herrialdeekin (adibidez, Frantzia, Italia eta Portugalekin) eta batzuetan Europako Erkidegotik kanpoko beste herrialde batzuekin ere bai. Gure lan-bolumena urtean 6-8 mila tona bitartekoa da, eta hortik portzentaje handi bat, ezberdina urtearen arabera, esportatu egiten da.

2020ko urrian instalazioak handitu zenituzten partzela berri bat hartuz Mutrikuko Mijoa industrialdean. Nola eta zergatik sortu zen zuen proiektua handitzeko premia?

2020ko urrian zabalkuntza-lanak hasi genituen Mutrikuko Mijoa Industrialdean, eta ustez 2021aren erdialderako bukatuko dira. Inbertsio ekonomiko handia egin dugu proiektu berri honetan, eta helburua da erantzuna ematea hotzaren (produktu izoztuen) munduan  ditugun bezeroen eskaerari. Iruditzen zaigu proiektu honek eskaera handia duela une honetan eta lanpostuak sortuko dituela inguruan.

Nolako ekimen, inbertsio edo proiektuak aurreikusten dituzue etorkizunerako?

Gure asmoa da egungo lan-ildotik jarraitzea.

Nolako abantailak eskaintzen dizkiote zure proiektuari  Deba Bailarako Industrialdeak kudeatzen duen Mijoa industrialdeak eta bertako instalazio eta azpiegiturek?

Gure enpresa 2005. urtean kokatu zen Mijoa Industrialdean. Proiektu berri honekin gure asmo guztiak betetzen dira, enpresaren espektatiba guztiak asetzen ditu eta. Mijoakoa bezalako industrialde batean lan egiteak abantaila handiak ditu, behar besteko gaitasuna dugulako gure lana eraginkortasunez eta inolako mugarik gabe egiteko eta irisgarritasun optimoa emateko gure jarduerari.

Nolako eragina dute ingurumenak eta jasangarritasunak zuen jardueran? Zein neurri hartu dituzue?  

Pescados Llorente S.L.k asko zaintzen du ingurumena. Zentzu horretan, enpresak badu IFS Food (International Featured Standards) ziurtagiria. Elikagaien segurtasun arau bat da, segurtasuna ez eze, produktuen kalitatea ere bermatzen duena. Era berean, badugu MSC (Marine Stewardship Council) ziurtagiria, arrantza jasangarrirako eta ziurtagiridun arrantzako produktu jasangarrien trazagarritasunerako estandarrak ezartzen dituena.

DEBA BAILARAKO INDUSTRIALDEAk STEPUP PROGRAMA ESKAINTZEN DU MUTRIKUKO PROIEKTU EDO EKIMEN EKINTZAILEEI LAGUNTZEKO

Sprilur Taldeak bere enpresa-gune batzuetan martxan jarri du proiektu eta ekimen ekintzaileei zuzendutako StepUp laguntza-ekimena, bidea errazteko espazio berriak edo lehengoak baino handiagoak behar dituzten enpresa-proiektu berriak instalatzeko edo negozio-ildo berriak irekitzeko. Mutrikuko Mijoa industrialdea laguntza-plan horretan txertatu da, eta orain baldintza aproposak eskaintzen dizkie enpresei bertan kokatzeko finantzaketa-aukera abantailatsuekin.

Ekimen horren eskutik, enpresa-proiektu berri bat iritsiko da laster industrialdera energia berriztagarrien arloko prototipo bat garatzeko. Gainera, Deba Bailarako Industrialdea, Debegesa eskualdeko garapen agentziaren laguntzarekin, lanean ari da enpresa ekimen berriei laguntzeko eta proiektu ekintzaile berriak eskualdera ekartzeko.

Pescados Llorente, S.L. enpresa Deba Bailarako Industrialdea, S.A.ri erositako 1.667 m2-ko partzela berrira etorri denetik, 28 enpresa kokatu dira Mutrikuko Mijoa industrialdean eta 213 langile ari dira euretan.

Deba Bailarako Industrialdeak 16.383 m² partzela industrial urbanizatu, 12.924 m² pabilioi eta nabe modular eta 821 m² bulego sustatu ditu Mutrikun. Gaur egun Mijoan 40 m² bulego eta 2.897 m² pabilioi daude, une honetan erreserban, betiere industrialdera sartu nahi luketen balizko enpresen interesak baldintzatuta.