Select Page

Berriak

Gailu medikoen sektoreak Kolonbian duen egoera aztertu da  SPRI Taldean integratutakoNazioartekotzeko Euskal Agentziak (Basque Trade & Investment) antolatutako jardunaldi batean. Negozio horrek diru kopuru handiak mugitzen ditu urtero: iaz Kolonbiak 1.200 milioi euro gastatu zituen gailu medikoak inportatzen.

OME-Osasunaren Munduko Elkartearen arabera, Kolonbiakoa da Latinoamerikako osasun sistema onena, eta horregatik da merkatu erakargarria euskal enpresentzat. Bio-osasunaren sektorean badira jadanik ia 200 euskal konpainia, eta Kolonbia da lehentasunezko merkatuetako bat.

Txile, Peru eta Kolonbiarako Euskadiko ordezkari Rafael Manuel Kutz Garaizabalek ireki du jardunaldia; ondoren, hitza hartu du Mavel Constanza Barbosak, INVIMA – Kolonbiako Medikamendu eta Elikagaien Zaintzako Institutu Nazionaleko Gailu Mediko eta beste Teknologia batzuen Zuzendaritzako kideak. “Ardura handi bat daukagu gure herriko pertsona guztiak babesteko eta segurtatzeko ongi gainbegiratuta dagoela medikamendu, elikagai, garbigarri, garbiketa, higiene-produktu, edari eta abarren inguruan erabiltzen den guztia”.

Azaldu du zein izan den sektore horietako kontrol-araudien bilakaera iragan 16 urte hauetan, eta nola zaintza-sistemaren barruan sartzen den bai merkatura iritsi aurreko kontrola (ikerketa klinikoa eta fabrikazioa), eta bai merkaturatu ondorengoa (“teknozaintza” eta “zaintza erreaktiboa” programak). “Latinoamerikako beste herrialde batzuen aldean”, esan du,  “geuk ditugu baimenak emateko denbora onenak: 15 egun arrisku baxuko gailuentzat eta hiru hilabeteraino arrisku handiko gailuentzat”.

Claudia Isabel Guevara Pérezek, Keralty enpresako Osasun eta Berrikuntzako presidenteorde seniorrak, esan du iaz 1.200 milioi euroko inportazioak egin zituztela gailu medikotan eta gehienak Estatu Batuetan erosi zirela.

Orobat esan du teknozaintza programa etengabeko zaintza programa bat dela eskaintzen diren zerbitzuen kalitatea hobetzeko. “Iaz 274 alerta sanitario antzeman genituen eta 83 hornitzaileren jarraipena ikuskatu genuen”.