Select Page

Berriak

Ezagutzak eta jardunbide egokiak partekatuko dituzte hainbat sektore industrialetan, besteak beste hauetan: basogintza, papergintza, siderurgia, nekazaritza eta elikadura, hondakinen kudeaketa, lurzoru kutsatuak, uraren kudeaketa edo airearen kalitatea.

Euskadik eta Txileko Biobio eskualdeak euren arteko harreman ekonomikoak sendotu dituzte, lankidetza-akordio bat sinatu baitute nazioartekotzea eta ingurumen arloko ekintzak bultzatzeko. Helburua da ezagutzak, datuak, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea hainbat sektore industrialetan, besteak beste hauetan: basogintza, papergintza, siderurgia, nekazaritza eta elikadura, hondakinen kudeaketa, lurzoru kutsatuak, uraren kudeaketa edo airearen kalitatea.

Industriako euskal sailburuorde Mikel Amundarainek eta Biobio eskualdeko gobernadore Rodrigo Diaz Wörner-ek sinatu dute SPRI Taldearen barruko Basque Trade & Investment–Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren eta Desarrolla Biobio-Eskualdeko Garapen Korporazioaren arteko akordio hori.

Biobio erreferentziazko eskualdea da berrikuntza arloan ez bakarrik Txilen, baita ere Latinoamerikan. 1,5 milioi herritar ditu, biztanle gehien dituen herrialdeko hirugarren eskualdea delarik, Santiago eta Valparaíso eskualde metropolitarren atzetik. Bere jarduera ekonomiko garrantzitsuenak basogintza eta arrantza dira, eta atzetik doazkie nekazaritza, manufaktura industria eta zerbitzuak.

Gaur egun hainbat jarduera ekonomiko berri bultzatzen ari da, esaterako, osasun arloko berrikuntza, hidrogeno berdea, zerbitzu teknologikoen industriaren sustapena eta birziklapenaren arloko programa pilotu bat.

Euskadiren eta Txileko eskualde horren arteko akordioak hiru urteko indarraldia izango du, eta epe horretan hainbat ekintza garatuko dira, besteak beste informazio eta jardunbide egokien trukea, bi eskualdeetara bidaiak egitea, eta mintegiak nahiz bilerak antolatzea ezagutza partekatzeko.

Euskadiren eta Biobio eskualdearen arteko harremanak ez dira berriak. Duela hainbat urte lankidetza-akordio bat sinatu zuten berrikuntza teknologiko, unibertsitate eta sormen-industrien arloan. Biobio eskualdeko ordezkaritza bat SPRI Taldeko zuzendaritza-karguekin bildu zen 2019an,lehen eskutik ezagutzeko Euskadiko politika publikoak eta hainbat eragileren gaitasunak, arlo teknologikokoenak barne. Ordezkaritza horrek orobat harremanak egin zituen kluster, teknologi zentro eta administrazio publikoekin.