Select Page

Nazioaterako bloga

23/06/22

Tapia Euskadin interesak dituzten Alemaniako multinazional nagusiekin elkartuko da

  • Tapiak egun hauetan, euskal eredu ekonomiko-industriala ezagutzeko, Euskadin dabilen Saxoniako ordezkaritza hartu du gau 

Arantxa Tapia sailburuak egun hauetan, euskal eredu ekonomiko-industriala ezagutzeko, Euskadin dabilen Saxoniako ordezkaritza hartu du gaur. Helburu horrekin, Eusko Jaurlaritzak lan-jardunaldi betea prestatu du. Goizeko lehenengo orduan egin den lan-saio batean, Euskadiko Itun Berdearen (Basque Green Deal) ezaugarri nagusiak azaldu ditu, bai eta egungo eredu industriala edo I+G+b-ren ezaugarriak ere.

Lan-jardunaldiaren ostean, ordezkaritzak erreferentziako zentro batzuetako instalazioak bisitatu ahal izan ditu, hala nola Basque Cibersegurity Centre, CIC Energigune, Euskadiko landa garapeneko politikak ezagutuko dituzte eta Neiker zentro teknologikoa.

Alemaniako ordezkaritza honen bisitak agerian jartzen du Euskadiko eredu industriala, ekonomiaren garapenerako politikak edo I+G+b-ren arloan egiten den lana interesgarriak direla Alemania bezalako herrialde batentzat, Euskadirekin merkataritza-harreman estua eta aipagarria duela kontuan izanda. Gogora ekar daiteke Alemania dela Euskadiren hornitzaile nagusia eta euskal enpresen esportazioen bigarren helmuga, Frantziaren ondoren.

Misio instituzionala eta enpresariala Alemaniara

Testuinguru horretan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak aurreratu ditu uztailaren 4tik 8ra bitartean Alemaniara egingo duen misio instituzional eta enpresarialaren agenda eta izango dituen bilerak. Euskadiren ordezkaritzak Euskadin interesak dituzten enpresa multinazionalen, besteak beste, Mercedes-Benz Taldearen, Bayerren edo Trumpfen zentralak bisitatuko ditu.

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Mercedes-Benzek sinatutako hitzarmenaren ostean, eta Mercedes Taldeak Gasteizko plantarako 1.200 milioi euroko inbertsioa iragarri ondoren, sailburuak bilera egingo du taldearen zuzendaritzarekin, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, Euskadiren gaitasun teknologiko zientifikoetan eta aurreikusitako inbertsioak egiteko egokitasunean aurrera egiten eta horretarako konfiantza sendotzen jarraitzeko.

Bestalde, Bayerrera egingo duen bisitaren helburua izango da talde farmazeutikoaren etorkizuneko proiektuak ezagutzea, talde horretako kide izanik Donostiako Viralgenen planta. Euskadi berrikuntza bioteknologikoan nazioarteko erreferente izatera iristeko ari da lanean. Bio-osasunaren sektorea urtean % 5 hazi da Euskadin azken bost urte hauetan, eta Bayer bezalako talde handiekin elkarlanean jardutea norabide horretan aurrera egiten jarraitzeko pizgarria izan daiteke.

Enpresa-misioa osatzeko, bilerak egingo dira makina herramientaren sektoreko Trumpf edo automazizazio industrialeko Festo enpresetako goi-zuzendaritzako taldeekin, eta gainera konputazio kuantikoaren edo hidrogenoaren ikerketan diharduten erreferentziako zentro teknologikoak ere bisitatuko dira.

Misioak izaera instituzionala eta soziala ere izango du; izan ere, Eusko Jaurlaritzak topaketa bat antolatu du Munichenjatorriz euskaldunak diren eta gaur egun Bavieran bizi diren hainbat pertsonarekin. Jaurlaritzak Ordezkaritza Komertziala du Munichen, 2015az geroztik.