Select Page

Brexit FAQ

<< Volver al listado de FAQs

Ez, ez da aldaketa handirik izan EU Settlement Scheme erregistro-sistemari dagokionez. Datu esanguratsu gisa, 2019/03/30etik aurrera posible da eskaria online egitea, Interneteko nabigatzailea duen edozer ordenagailu, tableta edo gailu erabilita, esteka honen bidez.

Era berean, eskaria Android gailuak erabiliz egiten jarrai daiteke. Gainera, gaurko egunez, Android gailu bat erabili behar da prozesua % 100 telematikoki egin ahal izateko. Beste kasuetan, dokumentazioa postaz bidal daiteke, eta nortasun-agiriak eskaneatzera joateko hainbat bulego ireki dituzte. Aplikazioari buruzko informazio gehiago, honako esteka honetan.

Brexitaren data 2019ko apirilaren 12ra atzeratu bada ere, ez da inolako aldaketarik egon pre-settled edo settled egoerak eskuratzeko data edo baldintzen inguruan. Baldintza nagusia honako hau da: Erresuma Batuan bizitzen hastea 2020/12/31 baino lehen, akordiodun Brexita badago, eta 2019/04/12 baino lehen, akordiorik gabeko Brexita badago. Aplikatzekoak izaten jarraitzen dute, hortaz, baldintza hauek:

Eskaera-data:

  • Akordiodun Brexita egonez gero: 2019/03/30etik 2021/06/30era arte.
  • Akordiorik gabeko brexita egonez gero: 2019/03/30etik 2020/12/31ra arte.

Egoera mota:

  • Settled Status: eskaera egiteko egunean Erresuma Batuan gutxienez 5 urtez jarraian bizi izan direnentzat.
  • Pre-settled Status: eskaera egiteko egunean Erresuma Batuan jarraian 5 urte baino gutxiago bizi izan direnentzat. Herrialdean bizitzen 5 urte jarraian daramatzatenean, Settled Status egoera eskatu ahal izango dute.

Pertsona bat Erresuma Batuan bizi dela ulertuko da, oro har, elkarren segidako 5 urtetan herrialde horretan bizi izan bada urteko 12 hilabeteetako 6tan gutxienez. Interpretazio horrek baditu zenbait salbuespen, hemen kontsultatu daitezkeenak.

Eskaera egiteko unean, honako hauek egiaztatzeko dokumentazioa eduki beharko da:

  • Eskaera-egilearen nortasuna.
  • Bizilekua Erresuma Batuan izan dela beharrezko denboran.

Era berean, polizia-aurrekariei buruzko hainbat galdera egingo dira, eta dagokien Erresuma Batuko erregistroak egiaztatuko dira.

Nortasuna egiaztatzeko, pasaporte biometriko bat erabili beharko da.

Erresuma Batuko etengabeko bizilekua frogatzeko agiri hauek onartuko dituzte, besteak beste: gutxienez 6 hilabeteko ordainketa edo kobrantzen bankuko laburpenak, zerga-adierazpen bat, etxebizitzaren errentamenduaren kontratua ezarritako errentaren ordainagiriekin edo enplegatzailearen gutun bat, eskatzaileak benetan Erresuma Batuan lan egiten duela esaten duena. Onartutako dokumentuen zerrenda osoa esteka honetan aurki daiteke.

Eskaria onartzen bada, Erresuma Batuko Barne Ministerioak e-mail bat bidaliko dio eskatzaileari. Esteka bat izango du, onartutako egoera egiaztatzeko, baina ez da dokumentu fisikorik helaraziko egoeraren egiaztagiri bezala.

EU Settlement Schemeko erregistro-eskaera doakoa eta nahitaezkoa da Europar Batasuneko herritar guztientzat.

Londreseko Espainiako Enbaxada, bestalde, laguntza ematen ari zaie Espainiako herritarrei eskariak egiteko. Horren inguruko informazio gehiago dago esteka honetan. Antza denez, prozesua ez da konplikatua, eta, jakin dugunez, onartu egin dira Enbaxadaren laguntzarekin egindako eskari guztiak.

Bestalde, Erresuma Batuko gobernuak laguntza digitaleko sistema bat eta harremanetarako linea bat gaitu ditu prozesuan laguntzeko.

Bestalde, Brexitaren ondoren baina 2020/12/31 baino lehen Erresuma Batura iristen diren Europar Batasuneko herritarrek aldi baterako bizileku-baimen bat jasoko dute (Temporary leave to enter). Horrekin, herrialdean egon ahal izango dira 3 hilabetez bisarik gabe. Epe hori igarota ikasten edo lan egiten jarraitzeko herrialdean geratu nahi dutenek bizileku-baimenaren luzapen bat eskatu beharko dute (Temporary leave to remain). Horretarako, nortasuna eta polizia-aurrekariak egiaztatuko dira eta segurtasun-kontrolak egingo dira. Baimen horrek 36 hileko iraupena izango du gehienez ere, eta ezin izango da luzatu. 39 hilabete horien ondoren Erresuma Batuan bizitzen jarraitu nahi duten herritarrek baimen bat eskatu beharko dute, migrazio-araudi berriaren arabera. Horren ildo nagusiak iazko urte amaieran aurkeztu ziren, Liburu Zurian.

Erresuma Batura 2020/12/31 eta gero iristen diren herritarrei etorkizuneko araudi britainiarra aplikatuko zaie.

Araudi hori 2021etik aurrera aplikatuko da, eta indarrean egongo da 2025era arte. Atzerriko langileen prestakuntzan eta esperientzian oinarritutako sistema bat ezarriko du, jatorri-herrialdea edozein izanik ere, eta horrela ez da egongo Europar Batasuneko langileen aldeko lehentasun edo baldintzarik. Sistema horrek prestakuntza txikiko edo gabeko langileak eta prestakuntza handikoak bereiziko lituzke. Lehenengoek 12 hileko bizileku- eta lan-baimen luzaezin bat eskatzeko aukera izango lukete, eta bigarrenek gehienez ere 5 urteko iraunaldia izango lukeen baimena. Eskema horren arabera, prestakuntza handiko langiletzat hartuko dira urteko soldata 30.000 libera esterlinatik gorakoa dutenak. Edonola ere, proposamen horiek ez dira oraindik Erresuma Batuko barne-araudietan txertatu, eta hortaz aldaketak izan litezke.

Herrialdera sartzeko beharrezko dokumentazioari dagokionez, nortasun-agiri nazionalak 2020ko abenduaren 31ra arte onartuko dira, eta data horretatik aurrera beharrezkoa izango da pasaportea aurkeztea.