COFIDESek, Finantzen Euskal Institutuak (FEI) eta ELKARGIk, SPRI Taldeko Basque Trade & Investmenten (BTI) koordinazioarekin, Virtualware enpresak Virtalis Holding konpainia britainiarraren % 100 eskuratzea babestu dute. Virtalis Holding errealitate birtualeko softwarean, 3Dko bistaratze aurreratuan eta biki digitaletan da espezialista.
COFIDES, FEI, ELKARGI eta SPRI Taldeko BT&I erakundeen arteko lankidetzaren barruan kokatzen da eragiketa. Lankidetza horren helburua da euskal enpresei finantzaketa espezializatua lortzen laguntzea, eta nazioartekotze-, enpresa-hazkunde eta kanpo-merkatuen dibertsifikazio-prozesuetan laguntzea.
Erosketa honen bidez, Virtualware enpresak beste urrats bat eman du nazioartean hazi eta sendotzeko estrategian. Enpresa 2004an eratu zen, eta Euronext Growth Parisen kotizatu zuen. Enpresa-inguruneetarako murgiltze-teknologietan eta errealitate birtualean oinarritutako software-soluzioen garapenean espezializatuta dago. Tresna horiek sektore estrategikoetan erabiltzen dira, hala nola industrian, energian, azpiegitura kritikoetan eta defentsan.
Enpresaren garapen nagusien artean nabarmentzekoak dira VIROO, ingurune profesionaletarako errealitate birtualeko plataforma, eta Simumatik, biki digitalak simulatu, emulatu eta sortzeko soluzioa.
Virtalis, bestalde, 2003an eratu zen eta Manchesterren du egoitza. Ibilbide luzea du murgiltze-bistaratzearen eta biki digitalen esparruan. Enpresa britainiarrak teknologia propioa du, eta nazioarteko bezero erreferenteak defentsa, industria aurreratu, energia eta teknologiako sektoreetan.
Bi konpainien integrazioari esker, Virtualwarek nabarmen indartuko du merkatu britainiarrean duen presentzia, nazioarteko bezero berriengana iristeko aukera handituko du eta sinergia komertzialak eta teknologikoak sortuko ditu, enpresa bakoitzaren bezeroei soluzioak modu gurutzatuan eskainita.
COFIDESen, Euskal Finantza Institutuaren eta ELKARGIren babes finantzarioari esker —eta SPRI Taldeko Basque Trade & Investmenten laguntzarekin— eragiketa estrategikoa bultzatu ahal izan da, hala euskal enpresa teknologiko bati dimentsioa irabazten, lehiatzeko gaitasuna handitzen eta nazioarteko merkatuetan duen hedapena bizkortzen laguntzeko.
Unai Extremok, Virtualware enpresako CEO eta fundatzaile-kideak, nabarmen duenez, «erosketa hau mugarri garrantzitsua da Virtualware enpresarentzat, ez bakarrik eragiketa handia delako, baita produktu-zorroa indartu eta industria-bezeroen oinarria zabaltzen duelako ere».
Erakundeen arteko lankidetzari buruz
COFIDES, Finantzen Euskal Institutua eta Elkargiren arteko lankidetzaren eta SPRI Taldeko Basque Trade & Investmenten koordinazioaren helburua da euskal enpresei finantzatzeko tresnak lortzen laguntzea, eta kanpoko merkatuetan nazioartekotze- eta hazkunde-proiektuak garatzen laguntzea.
Erakundeen jarduera koordinatuak finantza- eta laguntza-gaitasunak batzeko aukera ematen du, euskal enpresa-sarearen dimentsioa, lehiakortasuna eta nazioarteko presentzia sendotzen lagunduko duten proiektuak bultzatzeko.