Euskadi Europako erreferente gisa finkatu da ekintzailetzarako

Gaur Bilbon aurkeztutako Global GEM 2024-2025 txostenak agerian uzten du ekosistema ekintzaile globalak erronka garrantzitsuei egin behar diela aurre, baina baita aldaketarako aukerei ere. Porrotaren beldurra gainditzea, genero oztopoak murriztea, ekosistema ekintzaileak indartzea eta berrikuntzaren eta jasangarritasunaren alde egitea funtsezkoak izango dira datozen urteetan ekintzailetza dinamikoagoa eta erresilienteagoa bultzatzeko.  GEM Global 2025 Nazioarteko Konferentzia EEB-OVEk (Ekintzailetzaren Euskal Behatokia) antolatu du, GEM Global eta GEM Spain erakundeekin lankidetzan. Hala, Bizkaia Aretoan mundu osoko 52 herrialde baino gehiagotako 400 aditu, akademiko eta ekintzailetza-lider baino gehiago bildu ditu bere bigarren jardunaldian.

Bilbo, Bizkaia eta Euskadi ekintzailetzaren munduko nodo dira egun hauetan, GEM Global 2025 Nazioarteko Konferentziaren egoitza izanik. Estatuan aurrekaririk ez duen hitzordua da, eta Euskadik berrikuntzan eta ekintzailetzan nazioarteko erreferente gisa duen posizioa indartzen laguntzen du. EEB-OVEk (Ekintzailetzaren Euskal Behatokia), GEM Global eta GEM Spainekin lankidetzan antolatutako ekitaldi hau otsailaren 17an, 18an eta 19an ari da garatzen, eta gure inguruko erakunde nagusien babesa du: Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (SPRIren bidez). Gainera, hitzorduak Industria eta Turismo Ministerioaren (ENISA) eta Euskadiko hiru unibertsitateren babesa du: Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea.

Gaurko hitzorduak mundu osoko 52 herrialde baino gehiagotako 400 aditu, akademiko eta ekintzailetzako lider baino gehiago bildu ditu Bizkaia Aretoan, UPV/EHUko paraninfoan. Jardunaldiak, ekintzailetza globalaren joera eta erronka nagusiak lantzeko diseinatutako hitzaldi, mahai-inguru eta tailer praktikoekin osatutako programa oso bat eskaintzeaz gain, GEM Global 2025 txostenaren azken ondorioak aurkezteko eta funtsezko gaiak lantzeko balio izan du, hala nola emakumeen ekintzailetza, enpresa jasangarritasuna eta ekosistema ekintzaileen dinamikak.

Bigarren jardunaldiaren hasieran Euskadiko politika eta ekonomia arloko pertsona nabarmenek parte hartu dute. Aileen Ionescu-Somers, GEMeko zuzendari exekutiboa lagun, bertan izan dira Bizkaia Aretoko Mitxelana Aretoan Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Andoitz Korta, Eusko Jaurlaritzako Industria Sustapeneko sailburuordea; eta Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusia. Ekitaldiaren irekiera akademikoa Joxerramon Bengoetxea (UPV/EHU), Juan José Etxeberria (Deustuko Unibertsitatea) eta Vicente Atxa (Mondragon Unibertsitatea) euskal unibertsitateetako errektoreek egin dute María Saiz EEB-OVEko lehendakariarekin batera, eta ekitaldiak unibertsitatea eta enpresa arloan duen garrantzai nabarmendu dute.

Andoitz Korta Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordeak azpimarratu duenez, “gure asmoa da industria adimenduneko ekintzailetza-gune gisa kokatzea nazioartean, eta Europan lehiakortasunean eta berrikuntzan erreferente izaten jarraitzea. Horregatik, ekintzailetza Eusko Jaurlaritzaren eta lantzen ari garen 2025-28 Industria Garapenerako Planaren lehentasunezko jarduera-ardatz bat da”.