Maiatzaren 8an irekiko da euskal industriaren deskarbonizaziorako 22 milioi euroak eskuratzeko epea

Maiatzaren 8an irekiko da deskarbonizaziorako laguntzak eskatu ahal izateko epea, Deskarbonizazio Industrialeko programaren bidez. Programa horren bidez, euskal enpresa industrialek, enpresa handiek eta ETEek 22 milioi euro eskuratu ahal izango dituzte, beren ekoizpen instalazioetan inbertsioak sustatzeko, berotegi efektuko gas gutxiago sor ditzaten eta beren ekoizpen prozesuetan deskarbonizazioa sor dezaten. Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna Sailaren programa bat da, SPRIk kudeatzen duena, eta bigarren edizioan enpresek 1,5 milioira arteko laguntzak eskatu ahal izango dituzte.

 2024ko balantzea

Eusko Jaurlaritzaren Deskarbonizazio Industriala Programan, 2024an, 58 enpresa izan ziren 17,6 milioi euroko inbertsio publikoaren onuradun, eta inbertsio horrek beste 85,6 milioi euroko inbertsio pribatua eragin zuen. Batez beste, 303 mila euroko dirulaguntza izan zen proiektu bakoitzeko.

Onartutako proiektuetatik, 16 proiektuk eguzki-panel fotovoltaikoak barne hartu zituzten. Gainera, % 82 energia-efizientziako proiektuetarako jarri ziren, % 15 elektrifikaziorako eta % 3 energia-efizientziako eta elektrifikazioko proiektuetarako.

2024an, honako hauek izan ziren sektore onuradun nagusiak: forjaketa eta galdaketa; siderurgia eta metalurgia; beira-fabrikatzaileak; makina-erreminten fabrikatzaileak; paper-fabrikak; petrolioa fintzeko enpresak; ekipo elektrikoen fabrikatzaileak; alkoholik gabeko edarien fabrikatzaileak; osagai aeronautikoen fabrikatzaileak; mekanizatuen fabrikatzaileak; plastikozko piezen fabrikatzaileak; eta balorizazio eta birziklatzearen arloko enpresak.

10 urtetan erregaien kontsumoa eta CO2-ko emisioa murriztea

58 enpresa horiek beren ekoizpen-instalazioak berotegi-efektuko gas gutxiago sortzen duten espazio bihurtzeko hasi dituzten prozesuei esker, 10 urtetan erregaien kontsumoa 1.232.580 MWh murriztuko da elektrizitatean, 1.106.379 MWh gas naturalean, 2.105.000 litro fuel-olioan eta 7.100.000 litro gasolioan.

Hala, Deskarbonizazio Industriala Programari esker, 10 urtetan 1,45 milioi tonako CO2-ko emisioak saihestuko dira, eta epe horretan bertan lehengaien kontsumoa 467.990 tonatan murriztuko da ?ur korronteko 363.376 tonako murrizketa nabarmentzen da?.Bestalde, hondakinen kudeaketa 51.389 tonatan murriztea lortuko da.

Deskarbonizazio Industriala programa funtsezko tresna da hazkunde ekonomikoa, garapen industriala eta aurrerapen teknologikoak sustatuko dituen deskarbonizazio adimendunerantz aurrera egiteko. Azken batean, Eusko Jaurlaritza industria-sektorearen eskutik garatzen ari den prozesua da.

 Deskarbonizazio Industriala Programa

Deskarbonizazio industrialerako laguntzak bideratzen dira enpresek prozesuari hasiera ematera. Zehazki:

  • Lehendik dagoen ekoizpen-prozesuarekin zuzenean lotzen den makineria erostera.
  • Lehendik dagoen produkzio-prozesurako osagai osagarri gehigarriak erostera.
  • Ekoizpen-instalazioak hobetzera, esaterako, industria-instalazioen girotze- edo berokuntza-sistemak optimizatzera.
  • Establezimendu berriak edo oraindik existitzen ez diren ekoizpen-lerroak erostera.

Berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea dakarten proiektuak, hala nola lehengai jasangarri berriak edo sekundarioak erabiltzea, industria-hondakinak kudeatu eta balorizatzea eta gas fluordunak ordezkatzea.