Italia

Italiako eta Euskadiko merkatuaren arteko enpresa-harremana sendoa izan da historikoki eta sektore garrantzitsuetan egindako merkataritza-trukeek markatu dute, besteak beste, manufaktura-industrian, automobilgintzan eta teknologian. Italia Euskadiko bazkide nagusietako bat da, egitura ekonomikoen antzekotasunarengatik eta enpresa txiki eta ertainek bi lurraldeetan duten presentzia indartsuarengatik. Euskadiko enpresek aukerak izan dituzte Italiako merkatuan produktu teknologikoak eta energetikoak esportatzeko, eta, gainera, berrikuntzako lankidetzak eta garapen teknologikoak are gehiago indartu ditu bi merkatuen arteko harremanak.

Italia, Euskadiko enpresentzako funtsezko bazkidea

Italiak posizio garrantzitsua du munduko ekonomian, zortzigarren ekonomiarik handiena baita BPG nominalari dagokionez eta potentzia handia hainbat sektoretan, besteak beste, manufakturan, diseinuan, modan eta makinen ekoizpenean. Merkataritzaren terminoetan, ondasunen esportatzaile nagusietako bat da, adibidez, automobilena, luxuzko produktuena, elikagaiena eta makinena. Italia Europar Batasuneko, G7ko eta NATOko kide garrantzitsua da eta horrek nazioarteko auzietan eragiteko gaitasun handia ematen dio, bai ekonomikoetan, bai diplomatikoetan. Barne-erronkak izan arren, hala nola zor publikoa eta hazkundearen dezelerazioa, Italiak munduko erabaki politikoak hartzeko garaian eta nazioarteko merkataritzan eragina izaten jarraitzen du, Europa barruan batez ere.

Italiako ekonomia Europar Batasuneko hirugarren ekonomia da eta askotariko egitura du; sektore tradizionalak (besteak beste manufaktura eta turismoa) eta industria modernoak (teknologian eta berrikuntzan oinarritutakoak) uztartzen baititu. Italiak oinarri industrial sendoa du, batez ere herrialdearen iparraldean, bertan baitago ibilgailuen, makinen, produktu kimikoen, ehunen eta modaren ekoizpenik handiena. Gainera, luxuzko ondasunen, elikagaien eta ardoen munduko esportatzaile nagusietako bat da Italia eta presentzia indartsua du munduko merkatuetan.

BPGk % 0,9ko hazkundea izatea aurreikusten da, 2023ko % 1aren antzekoa, eta hazkunde egonkorra izan du elektrizitatearen prezioetan izandako beherakadarengatik. Horrez gain, kontsumo pribatua % 1,2 igotzea espero da, soldaten igoerarengatik eta inflazioaren beherakadarengatik. Italiako esportazioaren eskariak handitzen jarraituko du Europako merkatuaren barruan 2025-2028 aldian. 2025-28 aldian hazkundeak aurreikuspenak gainditzea espero da, batez ere kontsumo pribatua eta Europako inbertsiorako dirulaguntzak igo egin direlako.

Italiako kanpo-sektorea bere ekonomiaren funtsezko zutabeetako bat da, eta mundu mailako ekonomia esportatzaile nagusietako bat da. Italiak kalitate handiko manufaktura-produktuak esportatzen ditu, tartean, ibilgailuak, industriako makinak, produktu kimikoak, ehunak, moda eta elikagaiak. Gainera, Italia liderra da munduan kapital-ondasunen diseinuan eta manufakturan, batez ere makinetan eta industriako ekipamenduetan.

2024an BPGren % 1,1eko superabita aurreikusten da, batez ere merkataritza-balantzak hobera egin duelako. Superabit handiagoa izango du balantza horrek energiaren prezioa murriztu egin delako. 2025-28 aldirako aurreikuspenak onak dira, superabita handitu egingo da pixkanaka eta 2028an % 2ra iritsiko da, herrialdeko merkataritzako superabitak sustatuta.

Italia lan-indar prestatuenetakoa eta jendetsuenetakoa duten EBko merkatu nagusietako bat da. Lurrez Europa erdialdearekin konektatuta dagoenez eta portu oso estrategikoen bidez Mediterraneorako sarbidea duenez, Europan, Ekialde Ertainean eta Afrika Iparraldean banaketak egiteko kokalekua da.

Ibilgailuen sektorean, garraiorako ibilgailu astunen merkatuan (HCV) eta ibilgailu arinen merkatuan (LCV) aukera handiak egotea espero da, % 17ko hazkundearekin merkataritzako ibilgailuetan. Energiaren sektorean energia berriztagarri ez hidraulikoa % 16 handitzea aurreikusten da eta horrek herrialdearen elektrizitate-kontsumoa handitu dezake. Kontsumo-ondasunen merkatuan, kontsumo pribatuak gora egitea espero da, inflazioak behera egin duelako, soldatak igo direlako eta langabezia jaitsi egin delako.

Italiako ekonomiaren irekidurak balio teknologiko handiko inbertsioak egiteko aukerak eskaintzen ditu, merkataritzako superabit handia duelako eta EB barruan oztopo minimoak dituelako. Hegoaldean inbertsioentzako dauden zerga-kenkariek atzerriko inbertitzaileak erakartzen dituzte, nahiz eta komunitatez kanpoko merkataritzarentzako aduanako konplexutasuna handi samarra izan. Finantza-sistema egonkorra izan arren, zerga-ingurune konplexua du eta horrek Italiako merkatura sartu nahi duten operadore berriak uxa ditzake. Enpresek Italiako arau-esparru korapilatsua ezagutu behar dute eta arriskuak txikitzen ahalegindu. Panorama aldekoa da, baina baita burokratikoa ere; plangintza estrategikoa beharrezkoa da Italiako manufakturaren eta inbertsioaren potentziala aprobetxatzeko.

Italiako estatuak rol oso aktiboa izan du historikoki Italiako ekonomian, eta EBko politikei erantzuteko pixkanakako pribatizazio-prozesua bizi izan duen arren, rol aktiboa du oraindik ere ekonomiaren erregulazioan, bereziki sektore estrategikoetan; hala nola telekomunikazioetan, garraioan eta energian. Italiako Gobernua herrialdearen erakargarritasuna areagotzen ahalegintzen ari da, zerga-sisteman, banku-sisteman eta finantza-sisteman erreformak eginez. Zerga-sistema sinplifikatzen ari da eta pizgarriak ezartzen ari da atzerriko talentua erakartzeko. Banku-merkatua geroz eta irisgarriagoa da eta errazagoa da kredituak lortzea.

Nazioarteko merkatura irekitzeari dagokionez, kokapen geografiko ona du eta esportazio-sektore indartsua, baina burokrazia-sistema ez eraginkorrak eta presio geopolitikoek mugatu egiten dute. Italiak sarbidea du hainbat merkatutara. Izan ere, Euroguneko kide izateaz gain, akordioak ditu Asia eta Afrikako herrialdeekin.

Italiako merkataritzako irekierak superabit komertzial handia du, gama altuko manufaktura-produktuen ondorioz, esaterako, makinen eta farmaziako produktuen ondorioz. EBko kide denez, Italiak muga-zergarik gabeko merkataritza librea du; izan ere, bere merkataritza guztiaren % 60,0 EB barruan egiten da, gertutasun geografikoa eta barne-merkataritzarako oztoporik eza baliatuz. Italia funtsezko eragilea da munduko merkataritzaren barruan. 27 merkaturik garatuenen barruan 16. postuan dago Italia eta munduko 202 merkatuen artean 53. postuan, merkataritzako irekierari dagokionez.

Komunitatez kanpoko herrialdeek Italian dituzten merkataritzako oztopo nagusiak aduanetako burokrazia eta horrek sortzen dituen atzerapenak dira, batez ere paperean oinarritutako sistemak zaharkituak daudelako, eta digitalizazio geldo eta garestiagatik. Italiak oztopo protekzionistak diru bere produktuen merkatua babesteko eta prezioak desleialak izan daitezke EB kanpoko herrialdeetatik datozenentzat. EBko produktuek muga-zergarik ez duten arren, beste inportazio batzuk % 15eko tarifa izan dezakete.

Italiako lege-sistema gardena da eta araudia bat dator nazioarteko legediarekin. Enpresentzako lege-ingurune segurua eskaintzen du. Lege-sistema ez da erabat efizientea ustelkeriaren aurka egiteko garaian eta hori arriskutsua izan daiteke lege aldetik inbertitzaileentzat. Segurtasun digitala eta jabetza intelektualaren gaineko legedia sendoak diren arren, praktika konplexua da batzuetan enpresentzat.

Ainara Isasa

Italiako Basque Trade & Investmenteko zuzendaria

ITALIAKO BASQUE TRADE & INVESTMENT

Via Santa Maria Segreta, 6
20123 Milano Italia

* Ordutegia:

Astelehenetik ostegunera 07:30etik 16:00etara
Ostirala 08:00etatik 13:00etara

Nola lagun diezazukegu?

Basque Trade & Investmenten zure nazioartekotze-prozesuan lagunduko dizugu, zerbitzu pertsonalizatuak behar badituzu edo zure enpresa atzerrira zabaltzeko informazioa nahi baduzu.
JARRI GUREKIN HARREMANETAN