Estatu Batuak

Estatu Batuak da munduko merkatu nagusia eta enpresak erakartzeko gaitasun handia du, bere lidergo teknologiko eta berritzailearen ondorioz eta energiaren eta azpiegituren sektoreetan inbertsio handiak behar dituelako. Halaber, industria estrategikoek eta manufaktura-industriek handitu egin dituzte inbertsioak herrialde horretan, fabrikazio nazionala eta birlokalizazioa sustatzeko onartu berri dituzten legeak direla eta. Egonkortasun makroekonomikoa, segurtasun juridikoa eta jabetza intelektualaren segurtasuna eta munduko merkaturik handiena izatea dira merkatu horren aldeko apustua egiteko arrazoi nagusiak.

Munduko ekonomia nagusia, enpresak erakartzeko gaitasun berrituarekin

Estatu Batuek posizio nabarmena dute oraindik ere munduko ekonomian, ekonomia nagusia baitira. 25 bilioi dolarretik gorako BPG du eta oinarri ekonomikoa dibertsifikatua dago; berrikuntza teknologikoan liderra da; baita balio erantsi handiko sektoreetan ere. Horrek eragin handia du bere menderakuntza-posizioan. Barne-merkatu handi eta dinamikoari eta azpiegitura on baina zaharrari esker, Estatu Batuak erakargarria da inbertitzaileentzat. Gainera, Estatu Batuetako dolarra da oraindik nazioarteko erreserbaren moneta nagusia eta horrek are gehiago handitzen du finantza-merkatu globaletan duen eragina.

Barne-politika (2024ko hauteskunde orokorrak, politikaren polarizazioa) eta kanpo-politika (Ukrainako gerra, gaztaka komertziala Txinarekin, gazako gerra) garrantzitsuak dira herrialdeko politika arautzaile ekonomiko eta komertzialentzat. Trumpen gobernuak ezarritako ekoizpen nazionala sustatzeko politikekin jarraitu du Bidenen gobernuak, eta indartu ere egin ditu. Horrek industria estrategikoen reshoring edo nearshoringa sustatu du, besteak beste, elektronikarena eta telekomunikazioena. Egungo testuinguru geopolitikoan, Estatu Batuen helburua da Mendebaldearekin eta herrialde kideekin dituen aliantzak indartzea.

Herrialdeko ekonomiak hazkunde-zantzu positiboa du; 2024rako, BPG % 2,2 ingurukoa izango da eta 2025ean % 1,8 inguruan egotea espero da. Bilakaera on horrek hainbat arrazoi ditu; lan-merkatu sendoa, goranzko barne-merkatuak herrialdeko ekonomian duen rol erabakigarria, zorpetzeko gaitasun ona eta, arlo makroekonomikoan, inflazioaren beherakada. 2025ean, interes-tasek jaisten jarraitzea eta jardun ekonomiko ona sustatzen jarraitzea espero da. Bidenen gobernuak sustatutako ekoizpen nazionala bultzatzeko politikek herrialdeko inbertsio produktiboa handitzen lagundu dute.

Estatu Batuak nazioarteko merkataritzako eragile nagusietako bat da oraindik ere; ondasunen eta zerbitzuen munduko inportatzailerik handiena da eta bigarren esportatzailerik handiena, Txinaren atzetik. Estatu Batuek egiten dituzten esportazioen artean daude produktu teknologikoak, nekazaritzakoak eta manufakturakoak. Aldiz, inportazioak kontsumo-ondasun askotarikoak, makinak eta produktu energetikoak izan ohi dira. Estatu Batuen balantza komertzialak etengabeko defizita izan du eta partzialki konpentsatu izan da jasotako atzerriko zuzeneko inbertsioarekin. 2024-28 aldian BPGren % 3 inguruan mantentzea espero da. Defizit hori igarri egiten da eta kontu korrontea maila kudeagarrian mantendu da.

Estatu Batuetako merkataritza-harremanean eragina dute bi aldeko eta hainbat aldeko askotariko akordioek, baita herrialde garrantzitsu batzuekin dituen merkataritzako tentsioek ere, besteak beste Txinarekin. Tentsio horien ondorioz, babes-politikak sustatu ditu sektore estrategikoetan eta jabetza intelektualaren babesa handitu du.

Estatu Batuetako merkatua da munduko handienetako eta dibertsifikatuenetako bat, dinamismoa eta berritzeko gaitasuna dituelako, araudi-ingurune onuragarria duelako, azpiegitura aurreratuak eta lan-indar oso trebatua. Barne-kontsumo sendoa du, eskuragarri dagoen diru-sarreren maila handia delako eta kontsumo-kultura errotua dagoelako. Hortaz, merkatua sustatzeko indar handia izaten jarraitzen du, eta geroz eta ikuspegi handiagoa du produktu eta zerbitzu jasangarrietan eta teknologikoki aurreratuetan. Teknologia, finantzak, osasuna, manufaktura eta entretenimendua ekonomiaren funtsezko motorrak dira eta mundu mailako enpresa liderrak ditu sektore horietan. Enpresa horiek jarraitzen dute herrialdeak hazkundea eta lehiakortasuna izan dezan sustatzen. Adimen Artifizialaren eta mikrotxipen garapenaren sektoreak inbertitzaile handiak erakartzen ari dira. Halaber, negozio-aukera berriak daude garraioaren eta mugikortasunaren sektorean, bereziki, garraio publikoaren sistemen garapenean, bai eta azpiegituren berrikuntzan ere, funtsezko azpiegitura batzuk zaharkituta geratu baitira.

Estatu Batuek erakargarritasun maila handia dute, bereziki, sektore teknologikoetan, osasunean eta energia berriztagarrien sektorean, enpresarien jabetza-eskubideak babesteko lege-sistema sendoa dela eta. 2024ko azaroko hauteskundeak dira herrialdeko ziurgabetasun-foku nagusia, eta finantza-merkatuen hegakortasuna handitu dezakete. Finantza-sektore lehiakorrak eta zerga-sistema atseginak atzerriko inbertsioa erakartzen duten arren, Erreserba Federalak inflazioa geldiarazteko ezarri duen epe luzeko interes-politikak ez du hain erakargarri egiten inbertitzea. Baliteke Trumpen garaipenak politika ekonomiko protekzionistagoak sustatzea, merkataritzako akordioak berriro negoziatzea eta hirugarren herrialdeetako produktuei muga-zergak aplikatzea edo handitzea, batez ere, Txinakoei. Horrek tentsio komertzial berriak sor ditzake eta esportazioei zein inportazioei eragin diezaiekete.

Zerga-politika eta gastu publikoa dira Estatu Batuetako gobernu federalaren tresna nagusiak ekonomian eragiteko, COVID-19 pandemiaren garaian ikusi zen moduan. Orduan, gobernuak zergak estimulatzeko neurri masiboak ezarri zituen, esaterako, ordainketa zuzenak norbanakoentzat, enpresa txikientzako laguntza eta langabezia-sari handiagoak. Bidenen gobernuak inbertsioa sustatu du azpiegituretan, gizarte-ongizaterako programetan, ikerketan eta garapenean, epe luzeko hazkunde ekonomikoa sustatzeko. Trumpek 2024ko azaroko hauteskunde orokorrean lortu duen garaipenarekin, arlo batzuk desarautzea espero da, besteak beste, energia.

Estatu Batuetako merkataritzaren irekiera funtsezkoa izan da bertako ekonomiarentzat eta agerian geratu da nazioarteko merkataritzan izan duen parte-hartzean eta alde biko eta hainbat aldetako tratatuen bitartez atzerriko merkatuetara sartzeko egindako ahaleginean, esaterako, Estatu-Batuak-Mexiko-Kanada (T-MEC) akordioaren eta Asiako eta Europako herrialdeen akordioen bitartez. Hala ere, Trumpek hasitako Txinarekiko merkataritza-gerraren ondorioz, politika protekzionistagoak ezarri ditu, eta muga-zergak aplikatu dizkie herrialde horretatik inportatutako produktuei, merkataritzako defizita murrizteko eta industria nazionalak babesteko. Bidenek tentsio komertziala izan du Txinarekin eta politika protekzionistak ezarri ditu, baina, halaber, interesa erakutsi du merkataritzako aliantzak indartzeko eta erronka orokorrak jorratzeko, hala nola klima-aldaketarena, jardunbide jasangarriak sustatzeko hitzarmen komertzialekin. Trump Etxe Zurira iristean, Txinarekiko harremanean are tentsio handiagoa sortzea espero da eta harreman multilateralak eta nazioarteko politiketan klima-aldaketa lehenestea alde batera utziko ditu.

Estatu Batuetako araudia energia berriztagarrien eta sektore aurreratuen merkatuak estimulatzen saiatzen ari da. Horretarako, hainbat babes-neurri ezarri ditu sektore horietan, batez ere Txinaren lehiakortasunetik babesteko. Horren erakusle da Estatu Batuak Aliantza Transpazifikotik atera izana, alde biko merkataritza libreko tratatuak berriro negoziatzeko. Inportazioen muga-zergak asko aldatzen dira industriaren arabera; tarifak altuagoak dira ehungintzarentzat, eta baxuagoak, berriz, makinentzat. Muga-zergak ez diren neurriek hartzen dituzte inportazioen % 70 baino gehiago, industrien erdietan baino gehiagotan.

Estatu Batuek erakunde eta lege sendoak dituzte jabetza pribatua babesteko, hortaz, herrialdea oso erakargarria da inbertitzaileentzat teknologia handiko sektoreetan. Lege-sistema eta sistema judiziala oso eraginkorra da eta ustelkeriaren aurkako legeak handitzeko ari da lanean. Inportazioen gaineko hainbat araudi eta nazioarteko hainbat zigor direla eta, inbertitzaileek indarrean dagoen legedia ezagutu behar dute, herrialdeak ematen dituen aukerak aprobetxatu ahal izateko.

Jurdana Izagirre

Estatu batuetako Basque Trade & Investmenteko zuzendaria

ESTATU BATUETAKO BASQUE TRADE & INVESTMENT

1901 Pennsylvania Avenue, NW Ste 202 Washington, DC 20006, USA

+1 (202) 450 4089

+1 (202) 487 4865

* Ordutegia:

Astelehenetik ostiralera: 9:00-17:00

Nola lagun diezazukegu?

Basque Trade & Investmenten zure nazioartekotze-prozesuan lagunduko dizugu, zerbitzu pertsonalizatuak behar badituzu edo zure enpresa atzerrira zabaltzeko informazioa nahi baduzu.
JARRI GUREKIN HARREMANETAN