Euskal ETEek atzerriko proiektu berritzaileei bideratutako aurrekontuaren %60rainoko dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte Eurostars programari esker. CDTI Estatu Agentziak, Eureka programako Idazkaritzak eta Enterprise Europe Network – EEN sareak (enpresei berritzen eta nazioartean hazten laguntzeko Europako sarea, zeinetan integratua dagoen SPRI Taldeak kudeatzen duen EEN Basque partzuergoa) antolatu dituzte bi jardunaldi telematiko horiek otsailaren 2 eta 3an, informazioa emateko datorren martxoaren 24an itxiko den programari buruz.
Eurostars 3 programak laguntza ematen die 37 herrialdetako bazkideekin lankidetzan –ez soilik Europakoekin– merkatutik hurbil dauden I+G-ko proiektuak garatuz nazioartean zabaldu nahi duten ETE berritzaileei. Eurostars-3 programan ebaluazioak azkarrago egiten dira orain eta aukeraketa-irizpideak ere sinpleagoak dira.
Otsailaren 2an, 11:00etatik 12:00etara bitartean nazioarteko lehen webinarra egingo da ebaluazio prozesuari eta plataformaren erabilpenari buruz (izena emateko epea zabalik dago jadanik). Hurrengo egunean onlineko saio bat egingo da 11:00etatik 12:30ak arte, Espainiako parte-hartzaileei zuzendua. Ekitaldi horretan hainbat gomendio espezifiko eskainiko zaizkie, jakin dezaten nola prestatzen den eskaera irabazle bat eta nola eskuratu Espainiako finantzaketa eta EEN Sarearen zerbitzuak. Azkenik, galdera-txanda ireki bat egingo da. Eureka programaren Idazkaritzako, EEN sareko, Eurostars-en Independent Expert Panel batzordeko eta CDTIko hizlari espezializatuek parte hartuko dute. Izena emateko epea zabalik dago jadanik.
Jardunaldi bien edukiak elkarren osagarriak direnez, antolatzaileek gomendatzen dute bietan parte hartzea.
Laguntza hauek jaso ahal izateko, proiektuek partzuergo txiki batek aurkeztuak izan behar dute (nahikoa da bi herrialdetako bi bazkide izatea, baina bizpahiru bazkide da batez besteko kopurua), eta ETEek erabateko protagonista izan behar dute: eurak izango dira proiektuaren liderrak eta euren esku egongo da aurrekontuaren zati handiena.
Merkatutik hurbil
Eurostars-3 programak merkatutik hurbil dauden I+G-ko proiektuak bilatzen ditu, zeintzuetan ETEak, I+G-ko jarduera horien bazkide izateaz gain, emaitzen ustiapenaren onuradun ere izango baitira. Bottom-up programa bat da, edozein eremu teknologikotako proiektuak onar ditzakeena, baldin helburu zibil bat badute eta 24-30 hilabete bitarteko iraupena (gehienez 36).
Finantzaketa dirulaguntza baten bidez eskaintzen da eta Estatu mailan ematen da, hau da, Espainiako enpresen kasuan CDTI da organismo finantzatzailea. Onuradunek aurrekontuaren %60rainoko dirulaguntza jasotzen dute enpresa txikia bada, eta %50ekoa ertaina bada.
Programa oso egonkorra da, aurreikusita baitauka deialdiak ixten jarraitzea martxoan eta irailean 2027ra arte. 2022ari dagokionez, deialdiak martxoaren 24an eta irailaren 15ean itxiko dira, eta eskaerak aurkezteko sistema zabalik egongo da hamar bat aste lehenagotik.
Bazkideen arteko lankidetza da Eurostars proiektuen giltzarria. Partzuergoak behar diren bazkideak izan behar ditu, ez gehiago eta ez gutxiago, eta elkarren osagarriak izan behar dira, bai ikuspegi teknikotik eta baita ere merkatuari dagokionez. Gainera, proiektua aurrera ateratzeko lain gaitasun tekniko eta finantzario izan behar dute. Proiektuak aurkezten duen erronka teknikoa da oinarrizko bigarren elementua. Asmo handikoa izan behar da, baina egingarria partzuergoarentzat. Azkenik, nazioarteko merkatu zabal batera bideratu behar dira proiektuaren emaitzak eta, ahal dela, bazkideen jatorrizko herrialdeetatik harago zabaldu behar dira, proiektuaren hedapena ahalbidetzeko.
Proiektuak aurkezteko orduan, enpresek CDTIko Eureka lantaldearen laguntza izango dute. Dela programari buruzko zalantzak argitzeko, dela zehazteko zein dokumentazio aurkeztu behar den, dela baloratzeko proiektuko ideia aproposa ote den Eurostars programarako, eurostars3@cdti.es helbidea erabili daiteke harremanetarako. Gainera, tailer praktikoak antolatzen dira eskatzaileentzat (lehen presentzialak ziren eta orain onlinekoak).
Espainiako plataforma teknologiko askok topaketak antolatzen dituzte balizko partner-en artean, eta aholkularitza ematen dute proposamenak prestatzeko. Gainera, nazioarteko konexio bikainak izaten dituzte, eta hori lagungarri da beste herrialde batzuetako bazkideekin harremanetan jartzeko.
Azkenik, SPRI Taldeak kudeatzen duen EEN Basque partzuergoak zerbitzu bikaina ematen die euskal ETEei bazkideak bilatzeko, IP kontuez aholkatzeko, etab. Orobat, SPRIk aholkularitza ematen die euskal ETEei Eurostars programarako proposamenak prestatzeko.