Select Page

Nazioaterako bloga

30/03/23

Gosan, altxatzeko eta garraiatzeko makinerian mundu mailako erreferentea

Mende erdi baino gehiagoko esperientziarekin, Gosan enpresa bizkaitarra,  “aitzindaria da sektorean, eta mundu osoan erreferentzia da altxatzeko eta garraiatzeko makinentzako kalitate handiko produktuen fabrikazioan”, Javier García Iberoamerikako eta Gosaneko Europako arloko gerentearen arabera.

Euskal enpresak mundu osoan dihardu. “Produkzio-prozesua Ortuellako (Bizkaia) gure lantegian garatzen den arren, merkataritza-bulegoak ditugu Estatu Batuetan eta Asian” nabarmendu du Garciak. 

Bere produktu nagusia polea mekaniko-soldatua da, “kable bidezko mugimendua duen makina orotan ezinbesteko osagaia”, konpainiaren ordezkariaren esanetan. Gainera, polea solidoak, gurpilak, aparailuak, akoplamenduak, xafla-kakoak eta produktu mekanizatuak ere egiten ditu, adibidez, ardatzak. “Gure produktuak neurrira fabrikatzen dira bezeroaren beharren arabera. Eta garrantzi handia ematen diogu diseinu on bati, horrek kostua murrizten eta materialaren enplegagarritasuna hobetzen baitu” azpimarratzen du.

Gosan 45 langilek osatzen dute, eta sektore hauetan dihardu: eolikoa, portuak eta ontziolak, industria, meatzaritza, eraikuntza, oil&gas edo garabi mugikorra. Eta bere produktuak munduko poleen kontsumitzaile nagusientzat fabrikatzen ditu: Konecranes, Macgregor, NOV, Ternium, APM Terminals edo Favele, altzairu talde handiak eta garabien fabrikatzaile nagusiak barne hartzen dituzten konpainiak. “Esan genezake sektore guztietan eta poleak kontsumitzen dituzten bezero guztiekin lan egiten dugula”, ziurtatu du arloko kudeatzaileak Iberoamerikan eta Europan.

Etorkizun berdea

Euskal enpresak bere produkzio-prozesuetan berrikuntzaren eta maila guztietan etengabeko hobekuntzaren alde apustu sendoa egiten du. “Oso mentalizatuta gaude enpresaren etorkizun berdean, sail guztiak inplikatuz. Hori beharrezkoa da merkatuaren goialdean egoteko eta erreferente izateko, aitortzen du. Ildo horretan, aurten pintura-prozesuak hobetu ditugu, “gure karbono-aztarna murriztera bideratuta” aditzera eman du.  

Urtean 18 milioi euroko fakturazioarekin, Gosanen etorkizuneko helburu nagusia “produktuen kalitate estandar altuenekin jarraitzea da, merkatuan marka erreferente izaten jarraitzeko”. Eta salmentak handitzea, “baina ez edozein preziotan, guztiontzako etorkizun berdeagoa lortzeko asmoz”, Javier Garcíak aitortzen duenez. 

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.