Select Page

Nazioaterako bloga

03/04/23

Ainhoa Ondarzabal (BT&I): “Lehentasuna eman nahi diogun merkatu estrategikoetako bat da Japonia”

Nazioartekotzeko Euskal Agentziak, Basque Trade & Investment,  eta Japoniako Enbaxadak 2023 aukeratu dute Euskadi-Japonia urte gisa, “bi herrialdeen arteko harremanak bultzatu eta sustatzeko eta Japoniako eta Euskadiko enpresen arteko sinergiak garatzea da helburu nagusia” Ainhoa Ondarzabal, Basque Trade & Investment erakundeko zuzendari nagusiak zehaztu duenez. 

Jardueren programa martxoaren 29an hasi zen Euskadi-Japonia ekitaldiarekin, Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan izan ziren Japoniako enbaxadorea eta Japoniako elkarte eta enpresetako ordezkariak. 

2022an, Nazioartekotzeko Euskal Agentziak bulego berri bat ireki zuen Tokion, “Eusko Jaurlaritzak merkatu horrekin duen konpromisoa erakusteko”, Ondarzabalek nabarmendu duenez. Ildo horretan, BTIko zuzendariak azpimarratu du “Euskadik garapen potentzial oso handia du Asiako merkatuan, eta hor aurkeztuko dira aukerarik onenak datozen urteetan. Hain zuzen, arreta jarri eta lehentasuna eman nahi diogun merkatu estrategikoetako bat da Japonia”. 

Euskal industriarentzat estrategikoak diren sektoreei dagokienez, Ondarzabalek baieztatu duenez, “askotariko aukerak daude askotariko sektoreetan, baina guretzat ere oso estrategikoak dira: automobilgintzaren sektorea, energia berriztagarrien sektorea, batez ere energia ´offshore' flotatzailea”. Gainera, “makina-erremintaren sektorea eta automobilgintzaren sektorearen elektrifikazioa bat datoz. Hor azpiegitura guztiak berritzeko aukerak agertuko dira”, Ondarzabalek ondorioztatu duenez. 

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.