Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Nazioaterako bloga

09/05/23

CMZ, 75 urtetik gora nazioarteko proiekzioa duten “made in Euskadi” CNC tornuak fabrikatzen

1945etik hona, famili enpresaren funtsari eutsi dio, 500 langile baino gehiago enplegatzen ditu CNC tornuen fabrikazioan, eta bere fabrikazioaren % 80 esportatzen du. 

 

Bizkaia Sortaldeko Industrialdea, S.A.k laguntza eman dio CMZri Bizkaiko enpresa-guneetan zabaldu eta negozio-ildo berriak instalatzeko.  

 

Aitor eta Iñaki Zumarraga -familiako hirugarren belaunaldi erreleboa- dira CMZren erreferentzia. CMZ famili enpresa bat da, 75 urtetik gorako ibilbidearen ondoren, CNC tornuen fabrikazioko enpresa lider bilakatu dena Bizkaian. Gainera, bere zabalkunde-planen bidez, filial propioak sortu ditu Frantzia, Erresuma Batu, Alemania, Italia eta Danimarkan, eta aliantzak lortu ditu banatzaile ofizialekin Europako hainbat herrialdetan, Turkian eta AEBetan.

CMZk 32.000 metro koadroko sei fabrikazio-lantegi ditu Zaldibar, Elorrio eta Mallabian, eta galdarategi industrial bat Cadizen. Lantegi horietan fabrikatzen ditu makinen osagai garrantzitsuenak, eta hantxe egiten du baita ere makinen muntaia.

Bere hazkunde-faseetan, CMZk Bizkaia Sortaldeko Industrialdea, S.A. (Sprilur, Bizkaiko Foru Aldundia eta Mallabia eta Lea Artibaiko udalek partaidetua) sozietate publikoaren laguntza jaso du, zeinak bere babesa eman baitio negozio-ildo berriak abiatu eta ezartzeko Bizkaiko hainbat udalerritan kudeatzen dituen enpresa-guneetan.

500dik gora pertsona kualifikatu aritzen dira lanean egunero batez beste fabrikatzen diren 3 tornuetan, ondoren munduko edozein txokotara banatzeko.  Nazioarteko salmenten arduradun Javier Zumarragak esan digunez, "2022an 525 makina fabrikatu genituen, nagusiki Europako merkaturako. 2023an fabrikazioa handitu nahi dugu 600 makina egitera iristeraino".

Enpresako lantaldea profil teknikodun pertsonaz osatuta dago; pertsona horiek bertako erreferentziazko Unibertsitateetatik eta lanbide heziketako zentroetatik iritsitakoak dira, eta lantegiaren instalazioetan bertan egiten dute euren espezializazio praktikoa.

"Estuki kolaboratzen dugu Euskadiko unibertsitateekin, eta geure burua ezagutzera ematen dugu unibertsitateko ikasleek jakin dezaten nolako aukerak eskaintzen ditugun", Zumarragaren esanetan,

Kontrol numerikoan oinarritutako tornuak zehaztasun-indize handiz fabrikatzen dira (mikrak), minutuko 6000 b/m-ko buru-abiadura har dezakete, eta fresatzeko gaitasun handia dute. "Gainerakoengandik bereizten gaituena da kalitate handiko produktu bat eskaintzen dugula, prestazio handiekin eta lehen mailako osagaiekin egina" dio Javier Zumarragak.

CMZren tornuak sektore oso desberdinetara bideratzen dira, nagusiki hauetara: automobilgintza, aeronautika, energia, medikuntza-osasungintza, defentsa, nekazaritza, makina-erreminta eta mekanizatua orokorrean.

Horrelako makinak erosten dituztenean, bezeroek gehienetan eskatzen dute aukera izatea pieza konplexuak mekanizatzeko, produkzio-bolumen handia edukitzeko eta egonkortasun- eta zehaztasun-maila altuak izateko. Hala, makina hauek 20 urte baino gehiagoko bizi-zikloa eskaintzen dute. CMZk laguntza teknikoko zerbitzu hurbil bat ere eskaintzen du, bezeroen premiak ase eta ahalik eta produktibitate handiena bermatzeko. Produkzioaren ia % 80 Europara esportatzen da, eta gainerakoa Estatuan zabaltzen da. 2022an 97 milioi euroko fakturazio bolumena lortu zen.

 

Funts familiarra nazioarteko ikuspegiarekin

CMZ 1945ean sortu zen, eta bere hastapenetan zurgintzarako makinak (lodieran arrabotatzeko makinak eta izurtzeko makinak) fabrikatzen zituen Zaldibarren, 65 metro koadroko behe batean. Handik pixka batera, sektore industrialerako lehen karrakatzeko makinak merkaturatu zituen.

1961etik aurrera hasi zen erakusle gisa parte hartzen Bilboko Makina-erremintaren Azokan, eta beste merkatu batzuetara zabaldu zen, esaterako Alemania eta Kolonbiara iritsiz. Sasoi horretan, 5.000 metro koadroko azalera batean kokatu zituen bere instalazioak Zaldibarren bertan, garai hartarako dezente handia zen gune batean, eta horixe da gaur egun CMZren bulego zentralen egoitza. Enpresak erronka berriei ekin zien, eta bere produkzio-gaitasuna handitzea lortu zuen, hilean  karrakatzeko 25 makina fabrikatuz. Unitate kopuru handia, kontuan izanik enpresak garai hartarako bazituela produktu berbera fabrikatzen zuten hamahiru bat lehiakide.

70eko hamarkadaren hasieran, karrakatzeko makinak atzean utzi eta lehen tornu konbentzionalak ekoizten hasi zen, eta diseinatutako hiru tornu modeloek eskaera osoaren % 80 hartzen zuten. Gero, teknologia berriak eta kontrol numerikoa txertatu zituen makina industrialen produkzioan; orduantxe profesionalizatu zen CMZ eta orduantxe hasi zen CNC tornuen linea berriak sartzen. Hala, teknologikoki aurreratuagoak ziren modeloak inplementatuz, bere produktu-gama modernizatzea lortu zuen.

Azken belaunaldi erreleboa 80ko hamarkadaren amaieran gertatu zen, eta sasoi horretan finkatu ziren enpresaren zabalkunderako helburuak. Negozio-plan berri bat eskuartean, instalazio berriak ireki zituen Elorrion, eta ziklo berri horretan Europako merkatu gehiagotara zabaldu zen, lehen filial propioa irekiz Frantzian.

2000 urtetik aurrera abiatutako nazioartekotze-planen bidez hainbat filial propio berri ireki zituen Erresuma Batuan, Alemanian, Italian eta Bizkaian bertan ere bai (Elorrio eta Mallabia).

2019an, CMZk Bizkaiko Enpresa Onenaren saria jaso zuen Confebask-en eskutik, eta Euskal Enpresari Onenaren saria ere bai, kasu honetan Empresa Vasca y Sociedad Fundazioaren eskutik. 2020an, Seuner Fabricados filialak (CMZ Taldea) Spin-off baten Ibilbide Onenaren OnBizkaia Saria jaso zuen.

Azken lau urteotan, CMZk dorre anitzeko bi tornu berri merkaturatu ditu, bereziki diseinatuak goi-mailako produkziorako eta dekoletaje lanetarako. Gainera, CMZ Logistics sortu da, negozioaren kudeaketa logistikorako sail berria.

CMZ enpresa taldeak bere nortasunaren ikurtzat ditu konstantzia, nekaezintasuna eta diziplina, eta horrela lortu du makina-erremintaren sektoreko erreferente bihurtzea Euskadin, Espainian eta nazioartean. Dagoeneko abiatu dituen zabalkunde- eta hazkunde-planak aurrera eramateko, CMZk enpresa arloko programak eta azpiegitura industrial publikoak baliatu ditu Bizkaia Sortaldeko Industrialdea, S.A.ren bitartez. Laguntza horri esker, gai izan da bere instalazioak handitzeko, operatiba eta fabrikazioko premietara egokitzeko eta negozio-ildo berriak irekitzeko.