Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Nazioaterako bloga

08/06/23

Lanikek Dohara eraman ditu bere estalkiak, munduko aireportu garrantzitsuenetako bat

Lanik nazioartean presentzia handiena duen euskal enpresetako bat da. Fatxada estaliak eta egitura erretraktilak diseinatzen, fabrikatzen eta muntatzen ditu. Egoitza nagusia Donostian duen enpresa honek, gainera, bost kontinenteetan banatutako ordezkaritzak ditu, besteak beste, Frantzian, Italia, Qatarren, Australian, Chilen edo Mexikon. Susana Lasa, Laniken zuzendari nagusiak azaldu duenez, “gai gara proiektu interesgarriak atzemateko eta horiek azkar eskuratzeko. Nazioarteko hainbeste proiektu egin izanak ikuspen handiagoa ematen die bezeroei. Gainera, herrialde bakoitzaren egoera zehatzarekiko independenteagoak izaten laguntzen digu, arriskuak minimizatuz, diru-sarrerak deszentralizatuz eta, azken batean, produktuak, merkatuak eta sistemak dibertsifikatuz”. 

Nazioarteko lanaren adibide gisa, Gipuzkoako konpainiak proiektu bat amaitu berri du Dohako aireportuan, Qatarren; zehazki, 14.000 m²-ko beiraz hornitutako estalkia, aireportuko barrualdeko lorategirako. Gaur egun, Lanik proiektu batean murgilduta dago, Foster and Partners multinazionalarekin batera, Itsaso Gorriaren Nazioarteko Aireportu berrian (Umluj, Saudi Arabia), 24.000 m2 baino gehiago dituena. 

Baina Lanik ez du nazioartean soilik lan egiten, ia 50 urteko ibilbidean proiektu handiak burutu ditu tokiko eta estatuko esparruan. Duela gutxi proiektu bat egin du Teruelen, Espainiako hangar nagusiko estalkiak eta fatxadak eginez, 18.000 m2 inguruko azalerarekin. Nabarmentzekoa da Donostian ere lan asko egin dituela, hala nola Zuhaiztiko Polikiroldegia, Donostia Arena edo Tabakalera. 

Lan batzuetarako SPRI Taldearen laguntza izan du Lanikek, I+G+B edo nazioartekotzea sustatzeko hainbat programaren bidez. Adibidez, Tecnaliarekin batera egindako proiektu baten bidez, enpresak EPD (Environmental Product Declarations) ziurtagiria lortu zuen. “Gure jarduerak ingurumenean duen eragina murrizteko konpromisoa hartu dugu, baliabide naturalak arduraz eta eraginkortasunez erabiliz, eta, ahal den neurrian, hondakinak, isuriak eta emisio atmosferikoak murriztuz eta kutsadura saihestuz”, adierazi du Susana Lasak. 

Etorkizunari begira, enpresaren estrategia hau da: “egungo bezeroak gehitzea eta egonkortzea, etekin handiagoa ekarriko diguten negozio-ildo berriak bilatzen jarraitzen dugun bitartean”, adierazi du CEOk. 

Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.