Nazioaterako bloga
Zuaitzo, haragi proteinen ordezko begetala ‘made in Euskadi’
Haragia dietaren zati garrantzitsua den gizarte honetan, gero eta pertsona gehiagok aukeratzen dituzte beste elikagai proteina-iturri batzuk horren ordez. Arrazoiak hainbat dira: ingurumenaren alde egitea, animalien tratu txarren aurka joatea edo, besterik gabe, haragi gutxiago jatea. Esparru horretan mugitzen da Zuaitzo, estatu mailan tofua eta seitana lantzen aitzindaria den enpresa.
Enpresa arabarra 80ko hamarkadan sortu zen Gasteizko Alde Zaharreko kale batean, Javier Arocena eta Noah Villaren eskutik, eta Estatuan landare-proteina ekologikoak egiten aitzindaria izan zen. Garai hartan, informazioa zabaltzeko lan handia egin behar izan zuen, bere artisau-produktuak, tofua eta seitana, ezezagunak baitziren gizartearen gehiengoarentzat. Denboraren poderioz, hazi egin zen bere produktuen eskaria, eta 2000. urtean ekoizpen erdiindustrialerako jauzia egin zuen bi bazkide berriren lankidetzari esker, Miren Valenciaga eta Jon Alberdi. Momentu hartan jaio zen EKOSAL-LUZ, S.L. enpresa (Zuaitzo).
Pixkanaka, proteina-karga handiko alternatiba begano berriak gehitzen joan da, gaur egun, berrogeita hamar produktu baino gehiagoko eskaintza izan arte: hartzituak, humusa, kroketak, hanburgesak edo saltxitxak, esaterako. Elikagai-sorta zabal horrek mugak gainditu ditu eta, besteak beste, Belgikara, Frantziara, Erresuma Batura eta Suitzara ailegatu da. Herrialde horietan, Zuaitzok Asiako bezeroak ditu batez ere, izan ere, “lehiatik bereizten gaituzten ekialdeko artisau-produktuak garatu dituen sukaldari japoniar bat dugu lantaldean”, enpresako kudeatzaileak, Miren Valenciagak, dioenez. Are gehiago, “Natto merkaturatzen duen penintsulako enpresa bakarra” da. Soja-hartzigarri hori oso preziatua da Asian, bere nutrizio-ezaugarriengatik, eta bere kontsumoa gero eta hedatuagoa dago.
Nattoak, beste produktu hartzitu batzuen moduan, nutrizio balio handia du, baita propietate prebiotiko eta probiotikoak ere; horregatik, Zuaitzok elikagai sorta horren alde egiten du. “Gaur egun, kontsumitzaileen ezjakintasunagatik, ez da erraza produktu horiek saltoki handietan aurkitzea, baina nazioarteko merkatuan gehien eskatzen diren produktuak dira”, dio Valenciagak. Hala ere, “kontsumitzaileek gehien eskatzen dituzten produktuak ezagunenak dira: tofua, seitana eta humusa”.
Enpresak beste erronka bati aurre egin behar dio: lehiakideen aurrean bereizteari; hori beharrezkoa baita landare-proteina haien produktu-sortan sartu duten talde handiekin lehiatzeko. Izan ere, Valentziagaren arabera, “elikagai-merkatu horren egoera nabarmen aldatu da: kontsumitzaileen ezagutza ezagatik sortzen ziren arazo eta zailtasunetatik, egunetik egunera handituz doan lehia gogorrari aurre egitera”.
Horregatik, orain, begano eta begetarianoei ez ezik, gizarteko talde guztietara iristea du helburu. Bere desira da elikaduraren bidezko osasun-arreta gero eta handiagoak, iraunkortasunaren pertzepzioa eta animalien ongizaterako onurak, elikagaien prozesamendu-mailari buruzko kezka gero eta handiagoak eta etxeko erosotasunarekiko erakargarritasun berrituak, “pixkanaka landare-proteinaz egindako produktuen aukeraketa bultzatzea”, dio Valenciagak.
Gainera, Zuaitzok 0 kilometroko lehengaien aldeko apustua egin du, bere eremu geografikoan “aurkitzen zailak” baitira. Sojari dagokionez, Valenciagak azaldu duenez, “Frantziatik ekartzen dugu, aurkitu dugun soja-hornitzaile hurbilena baita”. Enpresaren esparruan, oraindik ez dago bere beharrak asetzeko behar duten ekoizpen zabalik. Halere, Arkautiko, Arabako, Neiker zentro teknologikoko Landare Ekoizpen eta Babeserako Departamentuak sojari buruz egiten ari den saiakuntza moduko nekazaritza-proiektuak babesten ditu.
SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.