Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Nazioaterako bloga

24/10/23

Euskadik eta Galesek mikroelektronika arloko lankidetza-aukerak partekatu dituzte

Basque Microelectronics Hubeko (BMH), Euskadiko mikroelektronikaren eta erdieroaleen estrategiako, ordezkariek Newporten (Hegoaldeko Gales) egin den Wales Tech Week goi-bilera bisitatu dute. Bertan, Britainia Handiko eskualde hartako eragile publiko-pribatuekin lankidetza-aukerak partekatzeko aukera izan dute.

Galesek eta Euskadik erakunde eta enpresa arloko harreman handia dute 2018an Memorandum of Understanding (MoU) edo Elkar Ulertzeko Memoranduma izenekoa sinatu zutenetik. Horren helburua da bi herrien lankidetza-harremana, garapena eta ongizatea indartzea.

Euskadiko ordezkaritza SPRI Taldeko, CEITeko, GAIAko, Ikerlaneko, Tecnaliako eta EHUko ordezkariek osatu dute eta Galeseko mikroelektronikaren eta erdieroaleen ekosistemako gaitasun teknologiko handieneko eragile publiko eta pribatu batzuen egoitzak bisitatu dituzte Galesen Garapenerako Agentziak (Trade for Wales) antolatutako agendaren barruan.

Harreman hori oso erabilgarria izan da esperientziak trukatzeko eta bi ekosistemetako enpresa- eta erakunde-ingurunea hobeto ezagutzeko. Horren bidez, “erronka eta aukera komun berriak identifikatu ahal izan dira, beste hainbat arloz gain diseinuarekin, arkitekturarekin edo materialen erabilerarekin lotutako abangoardia teknologikoko jarduerak lankidetzan garatu ahal izateko”.

Wales Tech Weekeko (Galeseko Aste Teknologikoa) goi-bilera erdieroaleekin eta mikroelektronikarekin zerikusia duten eragileen eta enpresen artean harremanak eta aukerak sortzera zuzenduta dago. 2023ko edizioan, produktuen eta zerbitzuen erakustaldiak eta aurkezpenak, hitzaldiak, eztabaidak eta proiektu berritzaileak, inbertsio-tresnak eta abarrak bateratzeko lanak egin dituzte eskualdean jarduera berria bultzatzera bideratutako programa oparoaren barruan.

Euskadik parte hartu izanak networkingerako eta atzerrian duten proiekzioa hedatu nahi duten mikroelektronikaren eta erdieroaleen munduko erakundeen artean aliantzak finkatzeko aukera ezin hobea ekarri du.

Galesek eta Euskadik oso antzekoa den historia eta orainaldi industriala, teknologikoa eta berritzailea dute, baina bi eskualdeak lotzen dituzten beste antzekotasun batzuk ere badituzte: Giza Garapen Jasangarriaren alde egindako apustu irmoa, nortasun kulturalari emandako garrantzia eta hizkuntzen sustapena, esate baterako.