Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Nazioaterako bloga

02/02/24

Britainia Handiko Gobernuak aduanetako karga administratiboa eta kostuak murriztu ditu

Britainia Handiko Gobernuak aduanetako kudeaketa-sistema berri bat aktibatu du, muga-kontrolak arindu eta modernizatzeko eta produktu eta salgaien inportazio eta esportaziorako eragiketei lotutako karga administratiboa eta kostuak murrizteko. Border Target Operating Model (Mugako Eredu Operatiboa) 2024ko urtarrilaren 31n sartu da indarrean.

 Border Target Operating Model delakoari atxikitako ekimenetako bat Esportaziorako Ziurtagiri Digitala da. Honek Esportaziorako Osasun Ziurtagiriak (EHC) eskuratzera behartzen ditu enpresa esportatzaileak, PDF formatuan eta jatorrizko herrialdeko agintaritza eskudunak digitalki sinatuta, paperezko dokumentuak erabiltzea saihesteko.

Ziurtagiri digital hauen inplementazioa errazteko, esportazioak egiten dituzten enpresek dokumentuak PDF formatuan bidali behar dizkiete, agintari eskudunei inportazioak jakinarazteaz arduratzen diren pertsona edo erakundeei. Paperezko bertsioa beharrezkoa den salbuespenezko egoeretan, kopia bat eskaneatu ahal izango da Produktuak, Animaliak, Elikagaiak eta Pentsuak Inportatzeko Sisteman (IPAFFS), eta agintaritza eskuduna arduratuko da paperezko jatorrizko bertsioa bidaltzeaz.

Osasun-baldintzak betetzea

 Halaber, Border Target Operating Model delakoak nahitaezko baldintza bat ezarri du inportazioak eta esportazioak Erresuma Batutik eta Erresuma Batura jakinarazteko. IPAFFS sisteman sartzean, enpresek Common Health Entry Document (CHED) delakoaren 1. zatia bete beharko dute, hauxe baita salgaia zehaztu eta osasun-baldintzak bete izana ziurtatzeko erabili beharreko formularioa.

Testuinguru honetan, Erresuma Batuko Ingurumen, Elikadura eta Landa Gaietako Departamentuak (DEFRA) CHED aurkezteko betebeharra ezarri du animalia-produktuetarako eta arrisku ertaineko landareetarako. Arrisku-maila honek animali zein landareen arloko osasun publikorako mehatxuen probabilitatea ebaluatzen du, eta Europar Batasunean nahiz Europako Esparru Ekonomikoan (EEE) erabiltzen da, Islandia, Liechtenstein eta Norvegia barne. Era berean, neurri hau Irlandatik Erresuma Batura sartzen diren EBko animalia-jatorririk gabeko arrisku handiko elikagai eta pentsuetara hedatu da.

Aldaketa hauen bidez, Erresuma Batuak trazabilitate handiagoa bermatu nahi die nekazaritzako elikagaigintzako produktuei, estandar sanitarioak eta fitosanitarioak betetzen direla ziurtatuz.

Border Target Operating Model (BTOM) delakoari buruz

Mugako Eredu Operatibo berriak aldaketa nabarmena dakarkie Erresuma Batuko aduana-prozedurei, arriskua produktu-motaren arabera kategorizatuz hiru zutabe hauen bitartez: aurretiazko jakinarazpenak, ziurtagiri sanitarioak eta fitosanitarioak, eta kontrol fisikoak.

Helburua eragiketen eraginkortasuna eta segurtasuna optimizatzea da, herrialdeen arteko merkataritza-transakzioetan sor daitezkeen konplexutasunei helduz.

Basque Trade & Investment (BT&I) erakundearen Londresko bulegoak Erresuma Batuarekiko merkataritzari lotutako neurri-mota hauen berri eman du Brexita hasi zenez geroztik, eta Erresuma Batuko Merkataritza Departamentuarekin mantendu duen lankidetza estuari esker, herrialde hartako administrazio-prozedurak arintzeko beharrezko informazioa eskaini ahal izan die euskal enpresei.

BT&I-ren Londresko bulegoak etengabeko komunikazio-kanal aktiboa du euskal enpresekin, eta gai honi buruzko zalantzak argitzeko, helbide elektroniko honetaz balia daitezke: info@basquetrade.eus.