Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Nazioaterako bloga

05/03/24

Euskadiko ehun enpresa inguruk ezagutu dituzte Estatu Batuetako negozio-aukerak

Euskadiko ehun enpresa inguru izan dira SPRI Taldearen mendeko Euskadiko Nazioartekotze Agentziak (Basque Trade & Investement) Bilbon antolatu duen Estatu Batuetako negozio-aukerei buruzko jardunaldian. Estatu Batuetako 13 estatutako ordezkariek energiaren, fabrikazio aurreratuaren eta biozientzien sektoreetan inbertitzeko aukerak eta Estatu Batuetan nazioartekotzeko interesa duten Euskadiko enpresentzako eskuragarri dauden laguntzak eta pizgarriak aurkeztu dituzte.

Mikel Amundarain Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak eman dio hasiera jardunaldiari eta nabarmendu du Euskadiko 239 enpresa daudela ezarrita AEBn, 99 ekoizpen-instalaziorekin. Ekitaldiak oinarri izan dituen hiru sektoreetan, Euskadiko 100 enpresa daude. “Sektore horietan oso lehiakorrak gara eta Euskadi da Europako hirugarren eta munduko bederatzigarren ekoizlea fabrikazio aurreratuaren arloan”.

Amundarainek nabarmendu du Euskadiko Nazioartekotze Agentziak jarraituko duela Euskadiko enpresen gaitasunak atzerrian sustatzen, “Atlantikoaren bi aldeetan negozio-aukerak sortzeko”.

John Coronado AEBko Enbaxadako Gai Komertzialetarako kontseilariak nabarmendu du Espainiar Estatua “ezinbesteko aliatua” dela, eta “lotura ekonomiko eta kulturalak dituztela mende batzuetatik”.  Gehitu du, zifretatik harago, garrantzitsuena dela “bi aldeko inbertsioak kalitate handikoak” direla, eta nabarmendu du horrelako jardunaldiek “lotura hori are gehiago indartzeko” balio dutela. “Ilusio handia egiten dit Euskadiko enpresek AEBko merkatu-aukeretan konfiantza izaten jarraitzeak. Haien ezagutza eta teknologia eskaintzen ari dira”.

Ekitaldian energiaren, fabrikazio aurreratuaren eta osasunaren eta bioteknologiaren arloko ordezkari sektorialak izan dira, Estatu Batuetako 13 estatutatik etorriak. Fabrikazio aurreratuaren sektorean sei estatuk hartu dute parte. Texaseko ordezkariek nabarmendu dute liderrak direla AEBko erdi-eroaleetan. Automobilgintzan berriz, 46.000 enplegatu baino gehiago ditu eta sektore aeroespazialean 137.000 pertsona baino gehiago.

Virginia estatuak 35.000 enplegatu baino gehiago ditu sektore aeroespazialean eta zerbitzu pertsonalizatuak eskaintzen dizkie enpresei, enpresen hazkunderako. Ohiok kostu lehiakorrak eskaintzen ditu eta soldatak Estatu Batuetako batez bestekoa baino % 10 baxuagoak dira. Alokairu industrialak berriz, % 34 baxuagoak.

Ipar Karolinak 464.000 enplegatu ditu fabrikazio aurreratuan, horietatik 40.000 baino gehiago ingeniariak. Automobilgintzan, 27.500 langile eta 230 enpresa baino gehiago ditu eta sektore aeroespazialean 200 enpresa inguru daude. Gainera, urtero, 400 ingeniari aeroespazial berri ateratzen dira.

Hego Karolina da atzerriko enpresetako langileak dituen Estatu Batuetako lehen estatua eta Euskadiko dozena erdi enpresa daude bertan. Fabrikazio aurreratua da industria nagusietako bat bertan eta, iaz, lau proiektu industrial iragarri zituzten. 1.800 bilioi dolarreko inbertsioa egin zuten guztira eta 5.000 enplegu baino gehiago sortu zituzten.

Indianako ordezkariak nabarmendu du herrialdeko fabrikazio aurreratuaren arloko enplegu-kontzentraziorik handiena bertan dagoela eta aberastasunaren % 25 sektore horretatik datorrela. Esportazioak 34,8 bilioi dolarrekoak dira eta negozioak egiteko Estatu Batuetako lehen bost estatuetako bat da.