Select Page

Nazioaterako bloga

06/06/24

Eusko Jaurlaritzak euskal enpresei lagundu die BIEMHn, SPRI taldearen bitartez

Eusko Jaurlaritzak parte-hartze hau izan du BIEMH-Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren 32. edizioan, SPRI Taldearen bitartez: Aitor Urzelai SPRI Taldeko zuzendari nagusia eta Mikel Amundarain Industriako sailburua sektoreko enpresekin elkartu dira. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak BECen egiten den ekitaldi garrantzitsu honi ematen dion laguntza agerian geratu da Iñigo Urkulluk egindako inaugurazioan, Arantza Tapia sailburuaren presentzia aktiboarekin.

Izatez, Euskadiko Makina-Erremintaren sektorea da Estatuko garrantzitsuena: 2014tik 75,03 milioi euro jaso ditu Renove laguntza-programen bitartez, eta, horren ondorioz, 695,8 milioi euroko inbertsioa egin da eta 1.852 proiektu onartu dira. Egun, azaroaren 8ra arte dago zabalik Renove Smart Industry programan eskaera egiteko epea, eta 7 milioi euroko esleipena du. Azken legegintzaldian, Eusko jaurlaritzak 177,73 milioi euroko inbertsioa lortu du sektorean, 31,86 milioi euroko laguntza ekonomikoari esker, eta 590 proiektu onartu dira.

BIEMH

29 herrialdetako 1.500 enpresa erakusketari eta 3.500 produktu eta zerbitzu baino gehiagorekin, martxan dauden makina handiak izan dira 2024ko BIEMHko protagonistak, eta, aldi berean, industriarekin lotutako beste hiru ekitaldi ere izan dira: ADDITƐD, BeDIGITAL eta WORKinn Talent Hub. Fabrikazio aurreratuaren arloko azoka nagusia da eta edizio hau ikuskizun industrial eta teknologiko izugarria izan da. Nazioarteko presentzia handia egon da azokan, besteak beste, Alemaniako, Italiako, Portugalgo, AEBko, Japoniako, Taiwaneko eta Turkiako erakusketariak egon dira.

Hitzorduak sektoreen araberako banaketa argia izan du eta Txiribil-harroketa bidezko makinen eta deformazio-makinen fabrikaziorako eta banaketarako enpresak (% 35), Robotika eta automatizazioa (% 20), Tresnak eta osagarriak (% 12), Industrian aplikatutako digitalizazioa (% 9), Osagarri mekanikoak (% 9), Ekoizpenerako eta enpresarako zerbitzuak (% 6), Fabrikazio aditiboa eta 3D (% 5) eta Metrologia (% 4) izan dira. Eta aurtengo berrikuntza robotikarako, automatizaziorako eta digitalizaziorako espazio bereizi bat eta Robot Demo espazioa izan dira. Enpresa liderrek robot kartesiarrak, artikulatuak, industrialak, kobotak, autonomoak eta AMRak aurkeztu dituzte, funtzionamenduan.

Basque Women in Industryren aurkezpena

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren parte-hartzearekin aurkeztu zen Basque Women in Industry ekimena asteazkenean, ekainaren 4an. Zehazki, SPRIk Bilboko Professional Women’s Networkek antolatutako espazioan hartu du parte, emakumeak industriaren lehiakortasunean duen inpaktuaren gainean kontzientziatzeko. Izan ere, azterketa bat egin du eta frogatu du enpresa parekideagoak lehiakorragoak direla. Garapen teknologikoaren genero-ikuspegiari buruzko mahai-inguruaren abiapuntua izan da.

Ondorioek frogatzen dutenez, genero-berdintasuneko maila handiena duten enpresak lehiakorragoak dira, eta emaitza hobeak dituzte fakturazioari, enpleguari, I+G+b arloari eta nazioartekotzeari dagokienez. Gainera, enpresa lehiakorrenek genero-berdintasunaren maila altuagoa dute. Hortaz, honako giltzarri hauek identifika daitezke berdintasunean oinarrituta lehiakortasuna bultzatzeko:

    • Bereizketa horizontala (sailka).
    • Bereizketa bertikala (erantzukizun mailaren arabera).
    • Laneko eta norberaren bizitzaren arteko kontziliazio-neurriak (ordutegi-malgutasuna, telelana, zaintzetarako baimenak...).
    • Berdintasuneko barne-politikak (planak, batzordeak, prestakuntza eta berdintasun-protokoloak).

    Emaitza horiek potentzial handia dute enpresetan genero-berdintasuneko politikak ezartzeko garaian motibazioa sortzeko tresna gisa; izan ere, frogatuta geratu den moduan, “genero-berdintasuna giza baliabideekin lotura duen gaia izateaz gain, lehiakortasuna eta susperraldi ekonomikoa bermatzeko funtsezko gaia ere bada”.

Mexiko, herrialde gonbidatua

Bestalde, Ainhoa Ondarzabal Basque Trade & Investmenteko zuzendariak Mexiko herrialde gonbidatuari egindako harrera baliatu zuen Mexikoko merkatuak euskal enpresentzat duen garrantzia nabarmentzeko. Bere hitzartzean, Ondarzabalek Euskadi eta Mexikoren arteko lotura historikoak eta egungoak nabarmendu zituen eta aipatu zuen harreman hori «inoiz baino aktiboago» dagoela. Duela aste batzuk, automobilen sektoreko euskal industriaren misio batek Mexikora egin zuen bisita, eta, horri esker, gertutik ikusi ahal izan zuten herrialdeak sektore horretan duen lidergo globala.

Gainera, bi herrialdeen arteko lankidetza ez da soilik automobilgintzaren arlokoa. Horri dagokionez, Ondarzabalek Queretaro eta Nueco León estatuetan hainbat sektoretan egindako hitzarmenak nabarmendu zituen, besteak beste, manufaktura aurreratuaren sektorean eta sektore aeronautikoan. “Egun, euskal esportazioen % 9,3 Ipar Amerikara egiten da eta Mexiko da liderra fabriken kopuruan. Mexikon dauden 192 euskal enpresetatik, 52 makina-erremintaren sektorekoak dira eta 20 ekoizpen-fabrika dituzte”, azaldu zuen.

Horri dagokionez, Mexiko bazkide estrategikoa da Euskadirentzat, eta bere esportazio eta inportazioetarako hamar merkatu nagusienen artean dago. Hitzartzean, Ondarzabalek nabarmendu zuen Euskadi “Europako industriako erreferentea” dela: “bere BPGren % 25 industria-sektoretik dator, Europako batez bestekoa baino gehiago”. Lorpen hori industria-politika egonkorraren eta lankidetza-publiko-pribatu eraginkorraren emaitza da. Horri esker, Euskadi liderra da ezagutzan, berrikuntzan eta teknologian. Amaitzeko, Basque Trade & Investmenteko zuzendariak adierazi zuen Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoari esker, “Euskadi eta Mexikoren arteko merkataritza-harreman emankorrak are gehiago sustatzea eta gure harremanak are gehiago estutzea” espero zuela.

US Machine Tool Market: Forecast and Opportunities jardunaldia

AEBko sektorearen egungo eta etorkizuneko egoeraren berri ematea eta hainbat merkataritza-estrategiatan ezagutza eta esperientzia eskaintzea da helburua, bakoitzaren abantaila eta desabantailetan sakonduz. Estatu Batuetan jarduera edo interesa duten Makina-Erremintaren sektoreko euskal enpresei zuzenduta dago zehazki. Aitor Urzelai SPRI Taldeko zuzendari nagusiak eman zion hasiera ekainaren 5ean The US Machine Tool Market: Forecast and Opportunities jardunaldiari. AFM Clúster, AMT (The Association for Manufacturing Technologies) eta BECen laguntzarekin antolatu da jardunaldi hori.

Jardunaldi horretan adierazi zuten Estatu Batuak euskal enpresentzako merkatu ezagun eta garrantzitsua dela, eta soluzioak eta ekipoak saltzen dituztela bertan eragileekin eta hornitzaileekin egindako merkataritza-hitzarmenen edo delegazio propioen bidez.  Ekonomia sendoa du eta koiuntura hazten ari da. Hortaz, salmenta-aukerak eskaintzen ditu kalitatea eskatzen duten sektoreetan, eta prezioa ez da faktore erabakigarria.  Hala ere, kasu batzuetan, Estatu Batuetan “herrialde” edo merkatu bakarraren ikuspegitik egiten da lan maiz, geografikoki elkarrengandik urrun dauden estatuen edo merkatuen multzo gisa beharrean, eta horrek ez du aukerarik eman duen erosketa-potentzial guztia aprobetxatzeko

Azken ekitaldietan, euskal enpresa askok eguneratu dute Estatu Batuetako merkatuen gaineko interpretazioa, beren salmenta-estrategia birplanteatu dute, eta merkataritza-sarea berritzeko prozesuei ekin diete. Jardunaldian zehar, Makina-Erremintaren sektoreko hizlari nagusiek Estatu Batuetako sektorearen egungo eta etorkizuneko egoeraren berri eman zuten eta salmenta-emaitzarik onenak lortzeko estrategia komertzialei buruzko beren ezagutza eta esperientzia partekatu zuten