Nazioaterako bloga
Mikel Jauregi sailburuak jaso du Japoniako Enbaxadoreak emandako distinzioa, Basque Trade & Investment nazioartekotzeko euskal agentziak Euskadi eta Japoniaren arteko harremanak sendotzeko egindako ahaleginari errekonozimendua
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak Takahiro Nakamae Japoniako Enbaxadorearen distinzioa jaso du, Basque Trade & Investment - SPRI Taldearen nazioartekotzeko euskal agentziak Euskadiren eta Japoniaren arteko harremanak estutzeko egindako ahalegina aitortuz.
2023an Euskadi - Japonia Urtea ospatu zen. Ekimen horrek bi herrialdeetako pertsonen eta enpresen arteko harremanak sustatu nahi izan zituen, industria, energia, turismoa edo gastronomia bezalako arloetan, besteak beste. Horretarako, Basque Trade & Investment agentziak funtsezko zeregina izan zuen. Eusko Jaurlaritzak oso positibotzat jo zuen ekimen hori, berritzailea eta garrantzi handikoa, "Euskadi Basque Country" nazioartekotze-estrategiaren barruan kokatua.
Jauregi sailburuak adierazi duenez, "Euskadi eta Japonia mundu mailako antipodetan gaude geografikoki, baina bizitza ikusteko modu antzekoa dugu. Industria eta teknologia dira antzekotasunak ditugun arlo nagusiak. Euskadi eta Japonia herrialde industrializatuak gara, eta bertan industriak eta garapen teknologikoak aberastasuna eta ongizatea sortzeko duten garrantziaz jabetzen gara. Herri langile eta aitzindariak gara. Horregatik, 2022az geroztik, Eusko Jaurlaritzak bulego komertzial reki zuen Tokion, Japonian diharduten euskal enpresen eta Euskadin interesa duten enpresa japoniarren jarduera sustatzeko".
Bestalde, Nakamae enbaxadoreak azpimarratu duenez, "urte hauetan Japoniatik Euskadira egindako bisitek, enpresa zein erakunde mailan, Basque Trade & Investment erakundeak mimo eta arreta handiz lan egiten duela azpimarratzen dute. Euskal enpresen teknologia-maila handia ere nabarmentzen dute, eta funtsezkoa da Euskadi-Japonia urtearen ondorioz sortutako bultzada hori aprobetxatzea. Japoniaren eta Euskadiren arteko harreman ekonomikoak sendoagoak dira orain, BTIren laguntza baliotsuari esker. Horregarik, nire esker ona eta miresmena adierazi nahi dizuet zuen eguneroko lanagatik, gaur ematen dizuegun sari honekin".