Nazioaterako bloga
82 gazte abiatuko dira urtarrilean beren atzerriko lanpostura, Eusko Jaurlaritzaren BEINT nazioartekotze-bekei esker
-
- BEINT bekek 38 urte bete dituzte, eta haien bidez 2.100 gazte baino gehiago prestatu dira nazioartekotzean eta kanpo-merkataritzan
- 2025eko lehen hiruhilekoan, beste deialdi bat egingo da, 30 urtetik beherako gazteei atzerrian prestakuntza eta lan-esperientzia eskaintzeko
Guztira, 82 gazte abiatuko dira urtarrilean beren atzerriko lanpostura, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen BEINT nazioartekotze-bekei esker. Beka horien helburua bikoitza da: nazioartekotzean eta kanpo-merkataritzan talentu berriak prestatzea eta euskal enpresen eta erakundeen beharrei erantzutea. Aurten, 38 urte bete ditu nazioartean ospe handia lortu duen eta 2.100 gazte baino gehiago prestatu dituen programak.
Gazte horietako bik atzerrian finkatutako enpresetan (euskal enpresetan, ahal bada) hasiko dituzte beren praktikak, eta gainerako 80ak Basque Trade & Investment agentziaren Kanpo Sareko bulegoetan, atzerrian kokatuta dauden Espainiako Bulego Ekonomiko eta Komertzialetan edota Afrikako, Amerikako, Asiako eta Europako 45 herrialdetan nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuetan arituko dira.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik, Industriako sailburuorde Andoiz Kortak, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendari Sara Urionabarrenetxeak eta SPRI Taldeko Basque Trade & Investment – Nazioarteko Euskal Agentziako zuzendari nagusi Nagore Bonillak akreditazioak eman dituzte gaur goizean, UPV/EHUko Bizkaia Aretoan egindako ekitaldian, 82 gazte bekadunak eta haien senideak bertan zirela.
Mikel Jauregik bekadun berriei zuzendutako hitzaldian aldarrikatu du “gure gazteak nazioarteko aldaketa handiei lotuta dagoen mundu honetako protagonistak izan zaiteztela; gure helburua Euskadiko nazioarteko sarea sendotzea da, eta, horretarako, 82 enbaxadore berri ditugu lanean, euskal industria munduan ezagutarazteko eta gure enpresen nazioartekotzean laguntzeko; industriak aberastasuna eta ongizatea sortzeko duen balioa garbi duen herrialde txikia gara, eta gure enpresen nazioartekotzea funtsezkoa da industriaren sektorearen aldeko apustuan ".
Bestalde, Basque Trade & Investment agentziako zuzendari nagusi Nagore Bonillak adierazi duenez, “Euskadik atzerrian duen ospea balio ukiezina da, gure enpresen eta erakunde publikoen lan historikoan eta aurreko 40 promozioen lanean oinarrituta eraikia. Horiek guztiek Euskadi - Basque Country marka eraiki dute, eta marka horrek lehen mailako gero eta nazioarteko erakunde gehiagotako ateak irekiko dizkizue bekadun berriei, hala nola Munduko Bankuaren bulegoetako, Euskadiko ordezkaritzetako edo euskal enpresa nagusiek atzerrian dituzten egoitzetako ateak".
Ekitaldian, halaber, amaitu berri den programaren fase akademikoan parte hartu duten hiru unibertsitateen ordezkaritza batek hartu du parte ekitaldian. Zehazki, honako hauek izan dira: Jon Barrutia, UPV-EHUko Ekonomia Zientzien Fakultateko dekanoa eta Marisol Esteban, sail bereko zuzendaria; Jon Altuna, Mondragon Unibertsitateko errektoreordea eta Lander Beloki, Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa; Victor Urcelay, Deustuko Unibertsitateko Ekintzailetzako eta Enpresekiko Harremanetako errektoreordea eta Felix Arrieta, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Nazioarteko Harremanetako eta Graduondoko Ikasketen dekanordea.
2021. urtean, hitzarmen bat sinatu zen SPRI Taldeko Basque Trade & Investment - Nazioarteko Euskal Agentziaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU-UPV), Deustuko Unibertsitatearen eta Mondragon Unibertsitatearen artean, eta urte horretako edizioaz geroztik, BEINT beken berezko programa eta hiru euskal unibertsitateen arlo horretako jakintzarik eta prestakuntza-metodologiarik onenak uztartzen dira.
Hiru euskal unibertsitateekiko hitzarmena
Akordio horren helburua da BEINT beka-programaren onuradun diren gazteei kalitateko prestakuntza eskaintzeko aukera emango duen ekosistema bat sortzea, prestakuntza horren bidez nazioarteko merkataritzaren errealitatearen eta arauen, euskal sare ekonomikoaren eta sare horretako erakunde eta enpresen, eta lokalizazio anitzeko enpresen eta nazioarteko erosketen eta salmenten kudeaketan beharrezkoak diren trebetasunen ezagutzan sakontzeko.
Horrela, beraz, SPRI Taldeak eta Basque Trade & Investment agentziak beka horiek % 100ean babesten jarraitzen dute, eta, ildo horretan, hautaketa-prozesua kudeatu eta prestakuntza-ibilbidea koordinatzen dute. Unibertsitateek, berriz, bakoitzak bere metodologia eta ezagutza propioarekin, BEINT programako bekadunen jarduna ebaluatzen dute (bakoitzak prestakuntza-ibilbidearen barruan dagokion arloan), eta BEINT programako bekadunei eskubidez dagozkien unibertsitate-kredituak ematen eta aitortzen dituzte.
Beint bekak
30 urtetik beherako ehun bat gaztek izaten dute aukera urtero BEINT beka bat lortzeko. Beka horien helburua da nazioartekotzearen arloko talentu berriak prestatzea, euskal enpresen eta erakundeen beharrei erantzuteko. BEINT bekak aukera paregabea dira goi-mailako unibertsitate-titulazioa duten gazteak nazioartekotzean eta kanpo-merkataritzan prestatzeko.
Programa zabal horren barruan, erreferentziazko titulu propio bat lortzen da, 12 hilabeteko prestakuntza praktikoa jasotzen da Basque Trade & Investment agentziaren Kanpo Sareko bulegoetan, atzerrian kokatuta dauden Espainiako Bulego Ekonomiko eta Komertzialetan edota nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuetan, eta, azkenik, 8 hilabeteko egonaldia egiten da mundu osoan kokatutako enpresetan (euskal enpresetan, ahal bada).
38 urteko ibilbidearen ondoren, talentu berriak nazioartekotzeko tresna horren enplegagarritasun-indizeak ia % 100ekoak dira.
Ekimen hori SPRI Taldeko Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziak zuzentzen du, eta hiru fase ditu. Lehen etapan, 14 prestakuntza-modulu daude hiru euskal unibertsitateetan banatuta, eta bakoitzak Bilbon duen campusean ematen dira. Guztira, 43 unibertsitate-kreditu lortzen dira, eta unibertsitate bakoitzak bere titulua ematen du. Aurrez aurre eta online ematen den prestakuntza horretan, ikasleek nazioarteko merkataritzaren arauetan eta errealitatean, euskal sare ekonomikoan eta lokalizazio anitzeko enpresak kudeatzeko beharrezkoak diren trebetasunetan sakontzen dute.
Lehen fase hori gainditzen duten bekadunak bigarren fasera igarotzen dira. Fase horretan, 12 hilabeteko prestakuntza praktikoa ematen da nazioartekotzea babesten duten erakundeetan. Praktika horiek Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bulegoetan eta atzerrian kokatuta dauden Espainiako Bulego Ekonomiko eta Komertzialetan egingo dira.
2021. urteaz geroztik, TPEk, nazioartekotzea sustatzen duten eragileen Europako Elkarteak eta ekonomiaren garapenerako Flandriako eta Greziako agentziek hartzen dute parte, eta bekadun batzuek beren prestakuntza-ibilbidea egiteko destinoak eskaintzen dituzte. Horren bidez, parte hartzen duten gazteek ezagutza handiagoa lortzen dute eta kontinente guztietako 40 herrialde baino gehiagoko destinoak dituzte aukeran.
BEINT beken azken fasean, lanbide-praktikak egiten dira nazioartekotutako enpresetan (euskal enpresetan, ahal bada). Programaren etapa horretara iristen diren gazte bekadunek kanpo-merkataritzaren inguruko trebetasunak eta ezagutzak hobetzen dituzte enpresa-ingurune erreal batean. Praktika horiek, halaber, aukera paregabea dira kanpoan lan-aukerak izateko. Izan ere, aurreko edizioetan parte hartu dutenen erdiek, gutxi gorabehera, praktikak egin zituzten konpainian jarraitu dute lanean.
BEINT bekak Euskadin bizi diren eta unibertsitate-titulazioa eta ingeles-maila handia duten 30 urtetik beherako gazteei zuzenduta daude. Programak 38 urteko ibilbidea du egina, eta, aldi horretan, 2.100 gazte baino gehiago prestatu dira nazioartekotzean eta kanpo-merkataritzan. Unibertsitate-gradu guztietara irekita badago ere, parte-hartzaileen titulaziorik ohikoenak Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Ingeniaritzak eta Zuzenbidea dira. Eusko Jaurlaritzak 4,5 milioi euro bideratu ditu ekimen horretara aurten.