Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Nazioaterako bloga

26/02/25

Argentinako Vaca Muerta hobian, 35.500 milioi dolarreko inbertsioak aurreikusi dira datozen urteetarako gas naturalaren arloan

Aukerak sorraraziko ditu ingeniaritzan, industria arloko makinerian, logistikan eta energiari aplikatutako teknologian diharduten euskal enpresentzat

Vaca Muerta petrolio-hobia, Argentinako Neuquén, Río Negro eta Mendoza probintzietan kokatua, mundu osoko shale oil eta shale gas delakoen erreserbarik garrantzitsuenetakoa da. Kalkuluen arabera, 27.000 milioi petrolio-upel baliokide izan ditzake, eta horren garapenak hidrokarburoen ekoizpena bultzatu du Argentinan, sektoreari lotutako esperientzia duten euskal enpresen intereseko merkatutzat finkatuz.

SPRI Taldeari atxikitako Basque Trade & Investment (BasqueTrade) euskal enpresak nazioartekotzeko agentziak Vaca Muertak eskaintzen dituen aukerak aztertu ditu azken ohar teknikoan, izan ere, eskualde horretako ondasun eta zerbitzuen urteko eskaria 3.000 milioi dolarretik gorakoa da, zulaketan, hidrokarburoen garraioan, prozesuen digitalizazioan eta energia-azpiegituren kudeaketan gaitasuna duten euskal enpresen parte-hartzea erraztuz.

BasqueTradek eskualdeko inbertsioen hazkundea aztertu du oharrean, teknologia aurreratua eta zerbitzu espezializatuak behar dituzten azpiegitura-proiektuen eta esplorazio-proiektuen harira. Kalkuluen arabera, inbertsioak 11.000 milioi dolarretik gorakoak izango dira 2030era arte, batez ere petrolio ez-konbentzionala erauzteko, eta honek aukerak sorraraziko ditu ingeniaritzan, industria arloko makinerian, logistikan eta energiari aplikatutako teknologian diharduten euskal enpresentzat.

Soluzio berritzaileak nahiz sektoreari lotutako esperientziak dituzten enpresak atxikitzeko ingurune egokia

Era berean, dokumentu teknikoak eskualdeko azpiegitura-beharrak nabarmendu ditu, eta horien artean dago Vaca Muerta Sur oliobidearen eraikuntza, 2.500 milioi dolarreko inbertsioa tarteko, petrolioa esportazio-merkatuetara garraiatzeko gaitasuna hobetu ahal izateko.

Bestalde, gas naturalaren sektorean, 35.500 milioi dolarreko inbertsioa aurreikusi da datozen urteetarako, gas natural likidotuaren (GNL) esportaziorako beharrezkoak diren likidotze-instalazioak, gasbideak eta bestelako azpiegiturak garatzeko.

Tokiko eragileekiko lankidetza eta Argentinako merkatuko erregulazioen araberako egokitzapen

Vaca Muertaren garapenak inbertsiogileak erakartzen eta ekoizpen-gaitasuna handitzen jarraitu du, soluzio berritzaileak nahiz sektoreari lotutako esperientziak dituzten enpresak atxikitzeko ingurune mesedegarria sortuz. Testuinguru honetan, tokiko eragileekiko lankidetza eta Argentinako merkatuko erregulazioen araberako egokitzapena funtsezko faktoreak izango dira euskal enpresek negozio-aukera horiek baliatzeko aukera izan dezaten.

Harremanak errazteko, BasqueTradek zerbitzu pertsonalizatuak eskaintzen dizkie eragiketak merkatu horretan nazioartekotzeko interesa duten euskal enpresei. Aholkularitza estrategikoaren bitartez, agentziak Argentinan finkatu eta jarduteko beharrezkoak diren baldintzak eta prozedurak ulertzen laguntzen die konpainiei.

 

Lotutako beste txosten batzuk: