Nazioaterako bloga
Singapurrek eta Euskadik negozio-aukera berriak esploratuko dituzte energia berriztagarrietan eta biozientzietan

Aste honetan, Singapurreko enpresen garapena bultzatzeaz arduratzen den Enterprise Singapore gobernu-agentziaren ordezkaritza bat Euskadi bisitatu eta Basque Trade & Investmentekin bildu da, negozio-aukera berriak esploratu eta bi lurraldeen arteko lankidetza ekonomikoa indartzeko asmoz. Oraingo egonaldian, Cikautxo, H2Site, Idom, Maier Group, Mondragon, Ormazabal, Tubacex eta Vicinay euskal enpresa garrantzitsuen ordezkariek parte hartu dute bileran, sektore estrategikoetan balizko lankidetza-arloak jorratzeko.
Singapur bazkide estrategikoa da Euskadiren nazioartekotze-estrategiarako, bereziki Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Elkartea (ASEAN) osatzen duten herrialdeetarako sarbidetzat, hub teknologiko eta finantzariotzat eta Asia eta Europaren arteko garraio-nodotzat.
Testuinguru honetan, bi agentziek lankidetzarako potentzial handia duten arloak identifikatu dituzte, energia berriztagarrien sektorea kasu. Euskadi, offshore energia eolikoan duen esperientzia zabalari esker, lurralde aliatutzat nabarmendu da Singapurreko trantsizio energetikoa errazteko, honek ASEAN eskualdeko jasangarritasun-helburuetan aurrera egiteko finkatu duen helburuaren barruan.
Lankidetza honen adibide garbia dugu Enterprise Singaporek WindEurope azokan Singapurko enpresekin izan berri duen parte-hartzea, Asiako herrialde horrek Euskadik energia sektorean garatutako soluzio teknologikoen inguruko interes gero eta handiagoa indartuz.
Energiarekin batera, biozientzien sektorea ere nabarmendu da, izan ere, azken urteotan bi lurraldeek arlo honetan elkarrekin lan eta aukera berriak zabaldu dituzte, bereziki Euskadi zein Singapurren mesedekoak izan daitezkeen soluzio teknologiko aurreratuen garapenean.
Ildo horretan, SPRI Taldeari atxikitako Basque Trade & Investment (BasqueTrade) euskal enpresak nazioartekotzeko agentziak eta Enterprise Singaporek iaz sinatu zuten Elkar Ulertzeko Memoranduma (MoU, ingelesezko siglen arabera) aurrerapauso handia izan zen harreman hori sendotzeko bidean. Hitzarmenak aipatutako sektoreetan zerbitzuak, ezagutzak eta teknologiak trukatzeko esparrua finkatu du, inbertsioaren erakarpena eta bi eskualdeen arteko talentu-trukea barne hartuta.
BasqueTradek Singapurren duen bulegoak Asiako hego-ekialdean nazioartekotzen laguntzen die euskal enpresei, zerbitzu integrala eskainiz ASEAN eremuko herrialde guztietan: Indonesia, Filipinak, Malaysia, Singapur, Thailandia, Vietnam, Brunei Darussalam, Kanbodia, Laos eta Myanmar.