Nazioaterako bloga
Europar Batasunak Errusiaren aurkako zigorrak areagotu ditu, energia, industria eta finantza arloetako murrizketekin

Europar Batasuneko (EB) Kontseiluak Errusiaren aurkako zigor-multzo berri bat adostu du, Ukrainaren aurka mantentzen duen etengabeko gerrari erantzunez. Hamaseigarren zigor-sorta hau aste honetan onartu dute EBko enbaxadoreek Estatu kideetako Gobernuen Ordezkari Iraunkorren Batzordearen (COREPER) bileran, Moskuk Ukraina inbaditu izanaren hirugarren urteurrenean.
EBren zehapen-sorta berriak murrizketa berriak sartu ditu energia, industria eta finantza arloetan. Hartara, nabarmentzekoa da Erresiako aluminioaren inportazioari ezarritako debekua, Greziak azken unean azaldutako eragozpenen gainetik.
Ildo horretan, Europako Batzordeak murriztuta zeukan aurreko zigor-paketeetan metaletik eratorritako Errusiako produktuen sarrera, eta oraingo honetan, debekua aluminio primarioari zabaltzea erabaki du EBk Errusiako baliabideekiko duen mendekotasuna murrizteko eta Moskuren finantziazio-iturriak mugatzeko.
Energia sektoreari dagokionez, EBk murrizketa gehigarriak ezarri dizkio Errusiako “flota fantasma” deiturikoari, beste 73 ontzi gehituz zigortutako ontzien zerrendari. Esamoldea Mendebaldeko uretan asegururik gabe eta iruzurrez jardutearen susmopean nabigatzen duten ontziei dagokie, Errusia horiexez baliatzen baita zigorrak saihesteko, bereziki energiaren arloan.
Era berean, Errusiako petrolio eta gas findegiei zerbitzuak ematea debekatu da. Hala ere, zigor-sortan ez da jaso Errusiako gas natural likidotuaren (GNL) erabateko debekua, zenbait herrialdek Europako Batzordeari murrizketa hori sartzeko eskatu arren. Neurri hori hartzeari uko egin izana, neurri handi batean, Donald Trump AEBko presidentearen administrazioarekin egiten ari diren merkataritza arloko negoziazioei lotuta dago, izan ere, EBk Estatu Batuetako GNL gehiagoa erostea ekar lezake.
Industria eremuaren kasuan, Errusiako aluminioaren inportazioak debekatzea erabaki da, nahiz eta Greziak azken orduan kezka handiak agertu dituen. Aurreko paketeetan metaletik eratorritako Errusiako produktuak blokeatuta zeuden, eta Europako Batzordearen zigor-multzo berri honetan, aluminio primarioa debekatzea ere proposatu da. Horrekin batera, debekatuta dago produktu kimikoak, kromoa eta doitasunezko makina eta erremintetan erabiltzen diren bestelako produktuak esportatzea.
Paketean finantza sektoreari zuzendutako neurriak ere jaso dira. Adibidez, Errusiako portu eta aireportuekiko transakzioen debekua areagotu da, Moskuk Errusiako petrolioaren prezioaren gainean ezarritako murrizketak saihesteko aukera izan ez dezan. Gainera, 13 banku eta bestelako finantza-erakunde SWIFT nazioarteko ordainketa-sistematik deskonektatu dira. Horen harira, EBk zehatutako pertsona eta erakundeen zerrenda luzatu du, beste 48 gizabanako eta 35 erakunde gehituz. Zigor horiek Europako lurraldean dauzkaten aktiboak izoztu eta EBko herrialdeetarako sarrera debekatzea dakarte.
Azkenik, neurri iragankor bezala, egokitzapen-aldia ezarri dute inportazio jakin batzuetan, sarrera-kopuru mugatua baimenduz erabateko debekua oso-osorik indarrean sartu baino lehen.