Nazioaterako bloga
Euskadik Brasilgo itsas-sektore eolikoko erakunde nagusiak hartu ditu hango merkatuaren garapena bultzatzeko misioan

Basque Trade & Investmentek (BasqueTrade), Nagore Bonilla zuzendari nagusiaren bitartez, Euskadin hartu du aste honetan Brasilgo itsas-energia eolikoaren sustapenean eta erregulazioan inplikatutako erakunde eta instituzio nagusiak partaide dituen ordezkaritza. Flanders Investment & Trade eta Euskadiko Energia Klusterraren lankidetzaz antolatutako ekimen honek hazkunde-potentzial handiko sektore honetan nazioarteko lankidetza indartu eta negozio-aukera berriak irekitzea du helburu.
Bisita Brasilgo itsas-eolikaren merkatua inflexio-une batean dagoela gertatu da. Aurtengo urtarrilean, Luiz Inácio Lula da Silva presidenteak sinatutako 576/2021 Lege Proiektuak arau-esparrua ezarri dio herrialdearen itsas-energiaren potentzialaren ustiapenari. Ordura arte, araudirik ezak teknologia horren inguruko proiektuen garapena geldiarazi du, Brasilek munduko itsas- baliabide eolikorik onenetakoak izan arren. Bere potentzial teknikoa 1.200 gigawattetik (GW) gorakoa dela kalkulatu da, zimendatze finkoko 480 GW eta zimendatze flotagarriko 748 GW barne hartuta. Baldintza hauek, eskariaren gune nagusien hurbiltasunarekin batera, itsas-eolikoa sektore estrategikotzat kokatu dute herrialdearen etorkizuneko energia-matrizean.
Egun, Brasilek 97 prozesu ditu abian itsas-eolikoaren arloko proiektuak garatzeko, eta guztien artean, 234 GWetik gorako baterako ahalmena dute. Merkatu honek nazioarteko operadore handien interesa piztu du, Corio, Equinor, TotalEnergies, Petrobras, Acciona eta BlueFloat tarteko direla. Enpresarik aktiboenen artean, Iberdrola nabarmendu behar da, izan ere, Neoenergia deritzon filialaren bitartez, 9.000 MWen garapena bultzatzen ari da, Aguas Claras, Maravilha eta Jangada parkeen artean banatuta.
Testuinguru honetan, aste honetako misioak euskal enpresei Brasilgo energia-plangintzari buruzko ikuspegi estrategikoa eskaintzea izan du helburu. Gainera, ekimenak merkatuaren hurrengo urratsak ezagutu eta sektorearen funtsezko eragileen aurrean norberaren gaitasunak aurkezteko aukera eman du.
Horretarako, lan-agendak hainbat bilera aurreikusi ditu erakundeekin, enpresa-elkarteekin, sektoreko konpainiekin, portuekin eta beste eragile garrantzitsu batzuekin, Brasilgo itsas energia eolikoaren aro berri honetan aliantza estrategikoen eraikuntza eta euskal industriaren posizionamendua errazteko asmoz.
Ekimen honekin, Euskadik energia berriztagarrien arloko nazioartekotze eta berrikuntzaren alde hartu duen konpromisoa indartu du, trantsizio energetiko globalerako erreferentetzat sendotuz.