Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Nazioaterako bloga

12/03/25

Euskadik nazioarteko estrategia indartu du Bruselan

Euskadik Europan duen presentzia indartu eta euskal enpresentzat aukera berriak sortzea. Helburu horri begira, SPRI Taldeari atxikitako Basque Trade & Investment (BasqueTrade) euskal enpresak nazioartekotzeko agentziak Bruselarako misioa egin du aste honetan. Ordezkaritzak bilerak egin ditu Europako erakundeen ordezkariekin, Europar Batasuneko politiken, finantzaketa-mekanismoen eta hainbat sektoretako negozio-aukeren ezagutzan sakontzeko.

Ekimen honi esker, ordezkaritzak Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiarekin (DG TRADE) biltzeko aukera izan du, Euskadik nazioarteko merkatuetan duen posizionamendua eta Europako merkataritza-akordioek euskal industrian duten inpaktua aztertzeko. Horrekin batera, hornidura-kateen erregulazioarekin zein Karbonoari lotutako Mugetako Doikuntza Mekanismoa (CBAM) indarrean sartzearekin lotutako alderdiak izan zituzten mintzagai, enpresentzako aukerak eta balizko oztopoak identifikatzeko asmoz.

Agendarekin jarraituz, topaketa bat antolatu zen Enpresa Txiki eta Ertainetarako Europako Agentzia Exekutiboarekin (EISMEA), eta bertan, euskal enpresek Europako programen barruan dituzten finantzaketa-aukerak aztertu zituzten. Horren harira, deialdi aktiboak berrikusi ziren, baita industria aurreratua, digitalizazioa eta jasangarritasuna ardatz dituzten ekimenetan parte hartzeko balizko bideak ere. Gainera, aldez aurreko Europako proiektuetan izandako parte hartzeari buruzko esperientziak trukatu eta Euskadik programa horietan duen presentzia indartzeko aukerak esploratu ziren.

Halaber, ordezkaritza Flanders Investment and Trade-rekin batzartu zen, bi lurraldeen arteko lankidetza hobetzen eta Flandria eta Euskadiren artean sinatutako Lankidetza Akordioa baliatzen lagunduko duten estrategiak jorratzeko. Lankidetza-bideak ere esploratu ziren, alderantzizko misioak, zuzeneko misioak edo baterako ekitaldiak egiteko.

Misioaren amaieran, topaketak antolatu ziren Europako beste erakunde eta organismo batzuekin, Euskadik merkataritza-sustapen eta inbertsioaren arloan dituen konexioak areagotzeko. Ekimen honen bitartez, BasqueTradek euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzen jarraitu nahi du, merkatu berrietarako sarbidea erraztuz eta Europako ekosistema ekonomikoaren barruko integrazioa indartuz.