Nazioaterako bloga
Euskadik eta Txinak merkataritza-harremanak indartu dituzte Yao Jing Enbaxadorearen bisitarekin

Txinako enpresen ordezkaritza batek, Yao Jing Txinako Herri Errepublikako Enbaxadorea buru, Euskadi bisitatu du aste honetan, Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko Idazkaritzak SPRI Taldeari atxikitako Basque Trade & Investment (BasqueTrade) euskal enpresak nazioartekotzeko agentziarekin batera antolatutako topaketa estrategiko batean parte hartzeko. Jardunaldiak Txinako sektore estrategiko desberdinetako enpresen ordezkariak, Euskadiko kluster nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako agintariak bildu ditu.
Bi lurraldeetako enpresen arteko elkarrizketa sustatu eta lankidetza-aukera berriak esploratzea izan da topaketaren helburu nagusia. Ildo horretan, bileran hainbat sektoretako ordezkariek parte hartu dute: energia berriztagarriak, automobilgintza, 4.0 industria, biozientzia eta osasuna, azpiegiturak eta garraioa, eta teknologia eta digitalizazioa.
Jardunaldian, bi aldeen intereseko gaiak jorratu dituzte, hala nola lankidetza ekonomiko eta komertziala, inbertsiorako aukerak, Euskadik Europako hub industrial eta teknologikotzat duen potentziala, eta alde biko esportazio eta inportazioen egungo egoera. Era berean, ekimenak enpresa parte-hartzaileen arteko kontaktu-trukea errazteko eta enpresa-harremanak ezartzeko gune egokia eskaini du.
Txinako Herri Errepublikako Enbaxadoreak honelako topaketen garrantzia nabarmendu du Euskadi eta Txinaren arteko harremanetan aurrera egiteko, Txinako enpresek euskal enpresa-ekosistemarekin loturak ezartzeko duten interesa azpimarratuz. Bestalde, euskal agintariek beren-beregi nabarmendu dute Euskadik enpresen inbertsio eta nazioartekotzerako duen erakargarritasuna, klusterrek garapen ekonomikoan duten eginkizuna agerian utziz.
Topaketa balantze positiboarekin amaitu da, izan ere, lankidetza-arloak identifikatu eta bi aldeek inbertsio-aukera berriak esploratzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Ekitaldi hau negozioak maila globalean garatzen lagundu eta Txinakoa bezalako merkatuetan euskal enpresa-sarearen lehiakortasuna indartzea helburu duen Euskadiren nazioartekotze-estrategiaren barruan antolatu da.