Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Nazioaterako bloga

25/03/25

Europako Batzordeak altzairu eta metalen industriaren erresilientzia bermatzeko ekintza-plana aurkeztu du

Europako Batzordeak Altzairu eta Metalen gaineko Ekintza Plana aurkeztu du martxoan, presio ekonomiko eta geopolitikoa nagusi den egungo testuinguruan sektorearen lehiakortasuna indartu eta sektorearen etorkizuna bermatzeko. Ekimen hau Estatu Batuekiko tentsio komertzialek gori-gorian dauden unean iritsi da, erronka globalen aurrean Europaren erresilientzia industriala ziurtatzeko beharrak bultzatuta.

2026ko ekainean amaituko diren altzairuaren gaineko babes-neurriak berrikustea da planaren ardatz nagusietako bat. Neurri horiek Europako merkatua babesten lagundu dute munduko gainprodukzioaren eta lehia desleialaren aurrean, eta mekanismo berri batek ordezkatuko du epe luzera, siderurgia-sektorearen defentsa eraginkorra mantentzeko. Gainera, Batzordeak aluminioaren sektorearen gaineko babesei buruzko ikerketaren hasiera iragarri du, industria metalurgikoaren egonkortasunarekin duen konpromisoa berretsiz.

Inportazioen gaineko kontrola indartzeko, altzairua sailkatzeko sistema berri bat ezartzeko aukera planteatu da, metala “urtu eta isuri” den lekua kontuan hartuz. Neurri honen bidez, jatorrizko ekoizlea identifikatu nahi da, eta behar izanez gero, muga-zerga espezifikoak ezarri, karga beste herrialdeetako industria bitartekariei egoztea saihestuz.

 

Sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna indartzea

Dokumentuak egun oinarrizko metalei aplikatzen zaien Karbonoari lotutako Mugetako Doikuntza Mekanismoa (CBAM) handitzea ere aurreikusi du. Altzairuz eta aluminioz egindako produktuetara hedatuz gero, Batzordeak inportatzaileek karbonoaren gaineko zerga saihestea eragotzi nahi du. Horretarako, 2025eko bigarren hiruhilekoan jakinarazpen bat argitaratzea aurreikusi, EBtik esportatutako ondasunetan gertatzen den karbono-ihesaren arazoari helduz, Europako industriak lehiakortasunari eutsiko diola ziurtatzeko asmoz.

Europan metal birziklatuaren eskuragarritasuna bermatzea da ekimenean jasotako beste alderdietako bat. Horretarako, Batzordeak txatarraren esportazioak murrizteko aukerak aztertuko ditu, txatarra Europako merkatuan berriro sartzen ez duten herrialdeei dagokienez. Neurri honekin, materialen zirkulartasuna sustatu eta industriaren deskarbonizazioa bultzatu nahi da, haren ingurumen-inpaktua murriztuz eta eraginkortasuna hobetuz.

Energiaren eskuragarritasunari dagokionez, sektorearen kezka nagusietakoa baita, proposamenak energiaren kostu handiak dakarren karga arintzeko neurriak jaso ditu. Besteak beste, energia erosteko epe luzerako akordioak (PPA) sustatzea eta estatu kideei energiaren inguruko fiskalitatea eta sareko tarifak malgutasun handiagoarekin aplikatzeko aukera erraztea. Era berean, energia-kontsumo handia duten industriei sare elektrikorako sarbidea erraztu eta hidrogeno berriztagarriaren eta karbono baxuko hidrogenoaren erabilera sustatzeko beharra planteatu da.

Finantza-arloan, 150 milioi euro esleituko dira 2026-2027 urteetan Ikatza eta Altzairua Ikertzeko Funtsaren bitartez, Horizon Europe programak Industriako Itun Garbirako bideratutako 600 milioi euro gehigarriekin batera. Gainera, Batzordeak 100.000 milioi euro mobilizatzea aurreikusi du Industria Deskarbonizatzeko Bankuaren bidez, eta 2025ean 1.000 milioiko lehen enkante pilotua egingo du giltzarrizko industria-prozesuen elektrifikazio eta deskarbonizaziorako.

Azkenik, industria siderurgiko eta metalurgikoko enpleguaren babesa lehentasunezkoa da ekintza-esparru horretan. Zuzeneko nahiz zeharkako 2,6 milioi lanpostu jokoan daudela, Batzordeak trebetasunak garatu eta bidezko lan-trantsizioak errazteko politika aktiboak bultzatuko ditu. Bidezko Trantsizioaren Europako Behatokiaren eta Kalitatezko Enpleguen Ibilbide Orriaren bidez, neurri horiek lan-merkatuan izango duten inpaktua gainbegiratu da eta langileen eskubideak zainduko dira.