Nazioaterako bloga
Euskadik eta Koreak lankidetza teknologikoa bultzatu dute adimen artifiziala eta digitalizazioa ardatz dituen ikuspegi berezi batez

Koreako erakunde ekonomiko eta industrialen ordezkaritza batek Euskadi bisitatu du aste honetan, berrikuntza eta teknologia digitalaren arloko lankidetza indartzeko asmoz, Knowledge Sharing Program (KSP) delakoaren barruan. Ekimena Koreako Ekonomia eta Finantza Ministerioak (MOEF) sustatu du SPRI Taldeari atxikitako Basque Trade & Investment (BasqueTrade) euskal enpresak nazioartekotzeko agentziaren lankidetzaz, eta digitalizazioan, adimen artifizialean, 5G konektibitatean eta antzeko arloetan ezaguerak partekatu eta lankidetza sustatzea izan du helburu.
Ordezkaritzan parte hartu dute Koreako Merkataritza eta Inbertsioak Sustatzeko Agentziaren (KOTRA) eta SK O&S eta NCL NCL enpresa teknologikoen ordezkariek. Euskadin egindako egonaldian, euskal erakunde eta enpresekin antolatutako truke-jardunaldi batean parte hartu dute Bilboko Ercilla hotelean.
5G sare pribatuak (P5G) ezartzeak eskaintzen dituen aukerak aztertzea izan da topaketaren ardatz nagusietako bat, izan ere, eremu horretan, Korea maila globaleko erreferentea da eta Euskadik Europa mailako nodo estrategikotzat finkatzeko asmoa du. Testuinguru honetan, sinergiak identifikatu eta balizko baterako proiektuak esploratu dira, euskal enpresa-sarean teknologia hori aplikatzeko bidean aurrera egin ahal izateko.
Era berean, bisitaren barruan antolatutako lan-bilera batean, Jaione Ganzarain Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordeak, Andoitz Korta Industriako Sailburuordeak, Elixabete García Caballero Eraldaketa Digitaleko Zuzendariak, Jon Ansoleaga SPRI Taldeko Zuzendari Nagusiak eta Nagore Bonilla BasqueTradeko Zuzendari Nagusiak parte hartu dute, SK O&S eta NCL enpresetako zuzendaritza taldeetako kideekin batera.
Saioan, Euskadik industria-digitalizazioaren arloan dituen gaitasunak aurkeztu eta Koreako enpresekin ezar daitezkeen balizko lankidetza-ildoak jorratu dira manufaktura aurreratua eta azken belaunaldiko P5G konektibitatea bezalako arloetan, bi lurraldeen arteko lankidetza indartuz. Gainera, eztabaidan jardun dute Euskadi Europan zentro teknologiko bihurtzeko aukeraren bideragarritasunaz eta esparru honetan inbertsio zein garapenerako proiektuak erakartzeko duen potentzialaz.
Koreako ordezkaritzak komunikazio eta digitalizazio industrialeko sareetan espezializatutako euskal zentro teknologikoak gertu-gertutik ezagutzeko aukera ere izan du, Euskadin proiektu pilotuak garatzeko lan-ildo bateratuen definizioa erraztuz.
Etorkizunari begira, P5G sareak euskal industriaren giltzarrizko sektoreetan ezartzeko plan estrategikoa abian jartzea aurreikusi da, baita MOEFek finantzatutako Korearako enpresa-misioa antolatzeko konpromisoa ere, lankidetza-aukera berriak esploratzen jarraitzeko asmoz.