Nazioaterako bloga
Euskadik Europako energia-sektorean duen presentzia indartu du ‘Power Connect Energy Summit’ delakoaren bidez

Euskadik Europa iparraldean energiari buruz eta lotutako sektoreei buruz antolatzen diren ekitaldi nagusietako batean parte hartu du, “Power Connect Energy Summit” delakoan. Poloniako Gdansk hirian antolatutako ekitaldi honek, Itsaso Baltikoaren inguruko konektibitatea eta segurtasun energetikoa ardatz, Poloniako eta Europa Iparraldeko trantsizio energetikoaren arduradun nagusietako batzuen arteko ezaguerak trukatzeko aukera eskaini du.
Energia eta berrikuntza teknologikoaren arloetako enpresek osatutako ordezkaritza bat izan da euskal parte-hartzearen protagonista, eta industria-gaitasunak erakusteaz gain, negozio-aukerak esploratu eta Poloniako merkatuko enpresekin harremanak ezartzeko aukera izan dute.
Ordezkaritzak stand bat izan du azokan, Euskadiko sektore eolikoaren balio industrial eta teknologikoaren katea posizionatu eta Polonian duen presentzia indartzeko.
Gainera, ordezkaritzak hainbat azpiegitura estrategiko bisitatzeko aukera izan zuen, Baltic Towers eta Gdanskeko portua kasu, Euskadiko Energia Klusterra buru duen ELBE Euroclusterreko bazkidea den Pomeraniako Offshore Eolikoaren Plataformaren (Pomeranian Platform for Offshore Wind) lankidetzaz antolatutako topaketa batzuen bitartez.
Aldi berean, bilerak antolatu ziren Poloniako enpresa garrantzitsuekin, ORLEN enpresa multienergetikoa, ENERGA elektrizitate-konpainia eta CRIST ontziola kasu. Harremanetan jarri ziren, halaber, intereseko beste konpainia batzuekin: Mostostal Pomorze, Baltic Diving Solutions, Baltic Towers, PGZ War Shipyard, MAG eta Baltic Industry Group, den-denak funtsezkoak herrialdeko trantsizio energetikorako eta garapen industrialerako.
Power Connect Energy Summit delakoan izandako parte-hartzea aukera estrategikoa izan da Euskadirentzat, enpresei Poloniako merkatuan duten presentzia sendotzea erraztuz, Europako trantsizio energetikoan duten eginkizuna indartzeaz gain. Sektoreko enpresa eta erakundeekin izandako elkarrizketaren bidez, euskal ordezkaritzak negozio-aukera berriak esploratu eta lankidetza-sarea sendotu ahal izan du, sektorearen etorkizunerako garrantzizko ingurune honetan.