Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Nazioaterako bloga

10/04/25

Maroko, Ipar Afrikako automobilgintzaren hub estrategiko nagusia

Hazkunde jarraitua gertatzen ari da Afrika iparraldeko hainbat herrialdetako automobilgintzaren sektorea

Hazkunde jarraitua gertatzen ari da Afrika iparraldeko hainbat herrialdetako automobilgintzaren sektorean, ibilgailuen ekoizpena nabarmen gehitu delarik. Industriaren garapena sektorearen birlokalizazioak eragin du neurri handi batean, Europako hornidura-kateen hurbiltasunarekin eta Txinan egoitza duten automobil-fabrikatzaileen inbertsioen gorakadarekin batera.

Gainera, kanpoko faktoreek, Itsaso Gorriko itsas-garraioan etenaldiak izateko etengabeko arriskua eta Bruselak eta Washingtonek Txinako ibilgailuei ezarritako merkataritza-mugapenak kasu, inguru erakargarri bihurtu dute eskualde hau euskal enpresak nazioartekotzeko.

Automobilgintza sektorearen azterketa Ipar Afrikan

SPRI Taldeari atxikitako Basque Trade & Investment (BasqueTrade) euskal enpresak nazioartekotzeko agentziaren azken txostenak sakon aztertu du automobilgintzaren sektorea Ipar Afrikan, Maroko, Egipto, Aljeria eta Tunisiako merkatuei arreta berezia emanez. Dokumentuak sektorearen bilakaerari buruzko ikuspegi global eta eguneratua jaso du, herrialde horietako datu eguneratuak bilduz.

Automobilgintza sektore estrategiko bihurtu da Marokoko industria-sarean

Dokumentuaren arabera, Maroko da automobilgintzako industriaren hub produktibo nagusia Afrikako iparraldean. Sektorea zutabe estrategiko bihurtu da Marokoko industria-sarean, eta epe luzeko plan estrategikoak ditu abian ekoizpen-gaitasuna handitu ahal izateko. Europarekiko gertutasunari esker, osagaiak merkeago eta azkarrago esporta ditzake kontinentearen erdialdeko beste herrialde batzuek baino.

Horren harira, txostenak argi utzi du hainbat faktore direla Maroko enpresentzat helmuga erakargarri bihurtu dutenak: zona frankoak, merkataritza-akordio mesedegarriak, kostu operatibo lehiakorrak eta sustapenezko gobernu-politikak. Ondorioz, garrantzizko automobil-fabrikatzaileuak, Renault eta Stellantis kasu, Europar Batasuna, Turkia eta hainbat herrialde arabiarretako merkatu estrategikoekin merkataritza askeko akordioak dituen herrialde honetan finkatu dira.

Maroko, Egipto, Aljeria eta Tunisiako adierazle makroekonomikoak

Automobilgintza sektorearen adierazleak Maroko, Egipto, Aljeria eta Tunisian

Atzerriko inbertsioaren igoera

 Automobilgintzan egiten den atzerriko inbertsioa Marokon, Egipton, Aljerian eta Tunisian biltzen da

Txostenak Egiptoren garrantzia ere azpimarratu du, izan ere, tokiko pizgarrien laguntzaz, automobilgintzaren industria indartzen ari da. Suezko kanalaren inguruan duen kokapen estrategikoak (merkataritza globalaren % 12 bertatik igarotzen da) posizio pribilegiatua ematen dio atzerriko inbertsioak erakartzeko. Ildo horretan, nazioarteko fabrikatzaile handiak, General Motors, BMW, Hyunday, Toyota eta Nissan kasu, Egipton lanean ari dira dagoeneko, bertako ekonomian inpaktu positiboa eraginez.

Era berean, Afrikako Kontinenteko Merkataritza Askeko Eremuaren (AfCFTA) sorrerak aukera berriak ireki ditu Afrika barruko merkataritza sustatzeko eta balio erantsi handiagoko ondasunen ekoizpena bizkortzeko.

Hala ere, azterketak zenbait defizit nabarmendu ditu Egiptoko automobilgintzan: azpiegitura sendoen falta, ezegonkortasun ekonomikoa eta interes-tasa altuak. Dena den, etorkizunari begira, aurreikuspenak nahiko positiboak dira, industriaren modernizazioa eta proiektu berrien garapena ardatz dituzten inbertsioen eraginez.

Aljeria da automobilgintzaren industria bultzatzen ari den eskualde honetako beste herrialdeetako bat, atzerriko zuzeneko inbertsioaren igoera nabarmenari esker. Gainditu beharreko erronken artean, inportazioekiko mendekotasuna, administrazioaren konplexutasuna eta azpiegiturarik eza azpimarra daitezke. Epe luzera, herrialdearen arrakasta Europar Batasunarekiko eta Afrikako beste merkatu batzuekiko merkataritza-harremanen egonkortasunaren araberakoa izango da.

Azkenik, Tunisia automobilgintzako osagaien garrantzizko hornitzaile bihurtu da Europako merkatuan, hurbiltasun geografikoagatik eta merkataritza-akordioengatik. Nolanahi ere, sektoreak ez du lortu Ipar Afrikako eremuan erreferentziazko merkatutzat posizionatzea, aduanen erregulazio zorrotzagatik, piezen inportazioekiko mendekotasunagatik eta burokraziagatik.


Hemen ere eska dezakezu txosten osoa.

Zerikusia duten beste txosten batzuk: