Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Nazioaterako bloga

14/04/25

Ukrainako susperraldi ekonomikoa, Bruselan eztabaidagai

Europa osoko enpresa-liderrak, erakundeen ordezkariak eta garapen ekonomikorako agentziak Bruselan bildu dira aste honetan, Ukrainaren susperraldi ekonomikoa eta Europar Batasunean (EB) pixkanaka-pixkanaka egin beharreko integrazioa ardatz dituen EU–Ukraine Business Summit 2025 foroaren kariaz. Bertaratutako erakundeen artean egon da SPRI Taldeari atxikitako Basque Trade & Investment (BasqueTrade) enpresak nazioartekotzeko euskal agentzia, prozesu horren inguruko eztabaida instituzional eta ekonomikoa gertu-gertutik jarraitzeko asmoz.

Topaketa Europako Batzordeak antolatu du beste bazkide instituzional batzuekin batera, eta Ukraina Europar Batasuneko erregulazio-esparrura eta esparru ekonomikora egokitzeko egiten ari den erreformak izan ditu aztergai. Bertan nabarmendu dutenez, eraldaketa horiek oinarriak finkatzen ari dira enpresa-ingurunea gardenagoa, aurreikusgarriagoa eta atzerriko inbertsiorako irekiagoa izan dadin. Hainbat panelen bitartez, neurri horiek jarduera ekonomikoaren sustapenean nahiz Europako enpresentzako lankidetza-gune berrien irekieran izan dezaketen inpaktuaz eztabaidatu dute.

Ukrainaren berreraikuntzak Europa berrindustrializatzeko estrategia bateratuan izan dezakeen eginkizuna izan da gai nabarmenetako bat. Azpiegituren hobekuntzatik energia arloko gaitasunen garapeneraino, herrialdea leheneratzeko prozesua aukeratzat ere planteatu da Europako balio-kateak indartzeko eta trantsizio berde eta digitalean aurrera egiteko. Testuinguru honetan, inbertsio pribatua mobilizatu eta Europako finantza-tresnak erabiltzeko beharra azpimarratu da, parte-hartze hori erraztearren.

BasqueTradek ekitaldi honetan izandako parte-hartzea estu-estu lotuta dago nazioarteko merkatuei buruz egiten duen jarraipen aktiboarekin eta euskal enpresentzako potentziala duten agertokiak identifikatzeko lanarekin. Honelako topaketetan parte hartuz, bertatik bertara ezagutu ahal dira erakundeen lehentasunak eta eskuragarri dauden laguntza-mekanismoak, proiektuen diseinu eta gauzatzean zuzenean inplikatuta dauden erakundeekiko harremanak errazteaz gain.

Testuinguru honetan, agentziak beharretara egokitutako laguntza-zerbitzuak eskaintzen dizkie euskal enpresei, Ukrainakoa bezalako merkatu emergenteetarako sarbidea errazteko. Ukrainan inbertsioa bideratzeko baldintzak eta lehentasunak oraindik zehazten ari direnez, BasqueTrade gertutik jarraitzen ari da ingurunearen bilakaera, eta euskal enpresa-sarearentzat baliagarria izan daitekeen funtsezko informazioa zehazten den gune estrategikoetan parte hartzen du.

Gainera, BasqueTraderen Varsoviako (Polonia) bulegoak harreman zuzena du Ukrainako merkatuan interesa duten euskal enpresekin. Bertatik erantzuten die informazio-eskaerei eta laguntza eskaintzen die Ukrainan sor daitezkeen aukerak zuzenean ezagutu nahi dituztenei.