Nazioaterako bloga
Euskal enpresek Estatu Batuetako itsas-sektore eolikoan duten presentzia sendotu dute

Euskal enpresen ordezkaritza bat Estatu Batuetako Virginia hirira (AEB) joan da aste honetan, International Partnering Forum (IPF) 2025 ekitaldian parte hartzeko. Hauxe da itsas-sektore eolikoaren herrialde hartako ekitaldi nagusia da, eta AEBetako offshore energia berriztagarrietako industriaren hazkundea sustatzen diharduen Oceantic Network-ek antolatu du. Hitzorduak industriako eragile estrategikoak bildu ditu, Donald Trumpen itzulerak eta bere administrazioaren politika murriztaileen iragarpenak proiektu berrien garapenean eragindako ziurgabetasun handiko une honetan.
Herrialdeko presidentziara itzuli ondoren, Trumpek itsas-energia eolikoko proiektuetarako errentamendu federal berrien jaulkipena modu mugagabean eten eta baimenak emateari uztea erabaki duen agindu exekutiboa sinatu zuen, ekonomia eta ingurumenaren arloko berrikuspenaren zain. Neurri horiek, eraikuntzaren eta osagaien kostuetan izandako gorakadarekin batera, eragin nabarmena izan dezakete sektorearen garapenean.
Testuinguru honetan, bost euskal enpresa (Gometegui, IDOM, Irizar Forge, Kimua eta Slingsintt) eta Euskadiko Energia Klusterra kide dituen ordezkaritza bat azokan izan da, merkatuaren bilakaera bertatik bertara ezagutzeko, saio teknikoetan parte hartzeko eta sektoreko eragile estrategikoekin zuzeneko harremanak ezartzeko.
Ordezkaritzarekin batera izan da SPRI Taldeari atxikitako Basque Trade & Investment (BasqueTrade) euskal enpresak nazioartekotzeko agentzia, eta Estatu Batuetan duen bulegotik eginkizun estrategikoa garatu du, konpainien agenda instituzionala eta enpresariala koordinatuz eta sektoreko garatzaile, operadore eta erakunde garrantzitsuekin bilera pribatuak erraztuz, Avangrid, DNV Energy, Dominion Energy, Equinor, National Grid, Oceantic eta REW Renewables tarteko direla.
Ekitaldian, euskal enpresek saio espezializatuetan parte hartzeko aukera izan dute, merkatuaren egungo egoera, erregulazio-politikak, berrikuntza teknologikoa eta sektorearen epe ertaineko aurreikuspenak ezagutzeko.