Select Page

Basquexport

La plataforma que te ayuda a vender
en mercados internacionales.

Nazioaterako bloga

06/05/25

Robotikak eta automatizazioak Euskadiren eta Txekiar Errepublikaren industriarako dituzten aukerak aztertu dituzte

 Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua eta Libor Sečka Txekiar Errepublikako enbaxadorea bi lurraldeen arteko harremanak estutzeko bildu dira. Topaketa Txekiar Enbaxadak eta Czech Trade erakundeak Bilboko Merkataritza Ganberan antolatutako "Aukerak robotikan eta automatizazioan" jardunaldi ekonomikoaren barruan egin da. Mintegiak Basque Trade & Investment – SPRI Taldearen Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren laguntza izan du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektoreko hogei bat enpresatako ordezkariak bildu ditu, baita AFM, BRTA – Basque Research and Technology Alliance edo STECH gisako antolakundeak ere.

Topaketan parte hartu dute, halaber, Nagore Bonilla Basque Trade & Investmenteko zuzendari nagusiak eta Mikel Arieta-Araunabeña Bilboko Merkataritza Ganberako idazkari nagusiak.

Sailburuak adierazi duenez, “Euskadi eta Txekiar Errepublika bazkide garrantzitsuak dira, eta lankidetza-ibilbide luzea egin dute elkarrekin. 90eko hamarkadaz geroztik, herrialde hori helmuga tradizionala izan da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresentzako, Euskadiko 30 konpainia baino gehiago ezarri baitira han. 2024an, Euskal Autonomia Erkidegoak 460 milioi euroko balioa duten esportazioak egin zituen Txekiar Errepublikara, eta merkataritza-helmuga hori bihurtu zen esportazioetarako garrantzitsuenetako bat, Japonia, India edo Hego Korea gisako merkatu nabarmenen gainetik”.

Euskadik eta Txekiar Errepublikak 24 urte daramatzate elkarlanean, Ibarretxe lehendakariak 2001ean lehen akordioa sinatu zuenetik. 2002an, Eusko Jaurlaritzak merkataritza-bulegoa ireki zuen Pragan, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren kanpo-sareko zaharrenetako bat da —mundu osoko 90 herrialde baino gehiagori zerbitzu egiten dieten 23 merkataritza-bulegok osatzen dute kanpo-sare hori—.

“Etxe Zuriak muga-zergen bidez abiarazitako gerra komertzialaren aurrean, argi dugu industria gehiagoren eta Europa gehiagoren aldeko apustuak markatuko duela gure etorkizuna”, adierazi du Jauregik. “Topaketa honetan, gure industria bultzatzen duten eta robotikarako, automatizaziorako edo fabrikazio aurreraturako eremu emankor bihurtzen duten bi herrialdeen arteko lankidetzaren zenbait adibide ezagutu ditugu. Euskadiren eta Txekiar Errepublikaren artean zubiak eraikitzen dituzten eta Europako proiektua indartzen duten enpresa-proiektuak dira. Ziurgabetasun globalaren aurrean, baikortasunez betetzen gaitu elkarlan honek. Proiektu horietako bakoitzaren atzean enpresak, pertsonak, konfiantza eta etorkizuneko konpromiso partekatua daude. Azken batean, horixe da Europar Batasunaren oinarria”.