Nazioaterako bloga
Euskadi eta Italiako klusterren haien arteko lankidetza indartu dute

Italiako iparraldean dagoen Emilia Romagna eskualdeko klusterren ordezkaritza batek merkataritza-misioa egin du aste honetan Euskadin, bi lurraldeen arteko lankidetza sustatu eta zeharkako eremuak jorratzeko asmoz, 4.0 industria, zibersegurtasuna, adimen artifiziala eta jasangarritasuna kasu.
Ekimena SPRI Taldeari atxikitako Basque Trade & Investment (BasqueTrade) euskal enpresak nazioartekotzeko agentziak antolatu du, ordezkaritzaren buru izan den ART-ERT ERT Italiako elkartearen lankidetzaz.
Misioaren hasieran, harrera instituzionala egin dute Nagore Bonilla BasqueTradeko zuzendari nagusiak eta Giorgio Moretti ART-ERTen arduradunak. Lehen topaketa horretan, SPRI Taldearen ordezkariek euskal ekonomiaren zutabe nagusiak aurkeztu zituzten, hala nola, klusterrei laguntzeko euskal politikak, zibersegurtasuneko ekimenak eta BIND 4.0 berrikuntza irekiko programa.
Misioan, ordezkaritzak B2B topaketetan parte hartu du euskal klusterrekin: ACICAE, Euskadiko Energia Klusterra, AFM - Advanced Manufacturing Technologies, Basque Food Cluster, Basque Health Cluster, GAIA, ACLIMA, HEGAN, BUILD:INN, BASQUETOUR eta Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra. Bilera horiei esker, sinergia zehatzak detektatu eta lankidetza-bide berriak ireki ahal izan dira automobilgintzan, makina-erremintan, industria digitalean, ingurumenean, eraikuntzan, osasunean, turismoan eta gastronomian.
Agendaren barruan, lurraldeko ekimen estrategikoak ere bisitatu dituzte: Hidrogenoaren Euskal Korridorea (BH2C) eta Basque Cybersecurity Center (BCSC). Horrez gain, ordezkaritzak gertu-gertutik ezagutu ahal izan ditu hiri-eraldaketarekin, mugikortasun jasangarriarekin zein automobilgintza aurreratuarekin lotutako proiektuak Automotive Intelligence Centerren (AIC), Amorebieta-Etxanon, eta Tecnalia zentro teknologikoan, Zamudion.
Era berean, ordezkaritzak Bilboko Udaletxea eta Basque Artificial Intelligence Center (BAIC) bisitatu ditu, eta azken horretan, Italiako ordezkariak enpresen lehiakortasuna eta euskal gizartearen ongizatea hobetzea xede duten adimen artifizialarekin lotutako ekimenak ezagutu ahal izan dituzte.
Azkenik, bilerak egin dituzte Biolan Health, Biolan Microbiosensores, Cocoon Bioscience eta IDOM euskal enpresekin eta Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroarekin (CFAA).
Misioari esker, Euskadik berrikuntza eta teknologia arloko polotzat duen nazioarteko posizionamendua indartu du, adimen artifizialean, bioteknologian, jasangarritasunean eta fabrikazio aurreratuan duen lidergoa nabarmenduz.
Ekimen hau Emilia-Romaña eta Euskadiren arteko Elkar Ulertzeko Memoranduma (MoU, ingelesezko siglen arabera) zein ART-ERT eta BasqueTraderen arteko akordioa sinatu aurreko prozesuari dagokio. Akordio horietan aurreikusi denez, lankidetza-esparru bat ezarriko da hainbat esparrutan, fabrikazio-industria, ikerketa aplikatua, enpresa-berrikuntza, ingurumen-kudeaketa, talentuaren mugikortasuna eta inbertsioaren erakarpena kasu.