Kolonbiako Garapen Bankuak, FDN, planak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak Bogotan duen ordezkaritzan egin duen bilera batean.
Kolonbiako Garapen Bankuak, FDN (Garapen Nazionalerako Finantzarioa), energia-proiektuak aurkeztu dizkie herrialde honetan 12 euskal enpresei; azken horiek proiektuan parte hartzeko aukera dute. Pasa den astean lan-bilera bat egin zen Eusko Jaurlaritzak Bogotan duen ordezkaritzan; bertan, Enrique Cadena FDNren Finantzazio eta Inbertsioaren gerenteak, Rafael Kutze Eusko Jaurlaritzaren Kolonbiako ordezkariak, María Ángeles Guerra ordezkaritzaren enpresa arduradunak, eta Jon Telleria ordezkaritzaren Kanpo Merkataritzarako aholkulariak hartu dute parte.
Bileran honako euskal enpresa hauek egon dira: Idom Consulting, Elecnor, Tradebe-Tecnoambiente, Sener, Ormazabal, Saitec, Zigor Energy, Tecnalia, Thermolisys-Termocol, Ingeteam, Euskabea eta LKS.
Banku kolonbiarra enpresa publiko-pribatu bat da, herrialdearen azpiegitura-proiektuen finantzazioa eta egituratzea kudeatu, babestu eta sustatzen duena. Bere helburu nagusia tokiko eta atzerriko inbertsioa sustatzea da, banku-merkatuen baliabideak mobilizatzen dituzten produktu finantzarioak eta herrialdeko azpiegiturak garatzeko kapitalen baliabideak egituratzen dituztenak.
FDNko finantzazio-gerenteak dei egin zien euskal enpresei bere bulegora bertaratu zitezen eta proiektu zehatzak aurkeztu zezaten, finantzazioa posible den ikusteko, banku kolonbiarrak zuzenean parte hartu baitezake energia berriztagarrien proiektuak finantzatzen.
Pasa den uztailean, Kolonbiako banku-erakundeak beste lan-bilera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzak Bogotan duen ordezkaritzan finkaturiko zortzi euskal enpresekin, herrialde latinoamerikarrean 9.000 milioi eurorekin azpiegituren proiektuetan sartu ahal izateko. Zehazki, inbertsio publikoko hamabi plan aurkeztu ziren.