Mexiko

MMexiko Amerika gaztelaniaduneko lehen merkatua da, eta Estatu Batuekiko gertutasunak erakargarriago egiten du Euskadiko enpresentzat. Hain zuzen ere, Euskadiko enpresen ezarpen gehien dituen herrialdea da, eta automobilgintzaren edo aeronautikaren moduko munduko balio-kateetan integratzen dira, Mexikoko eta Estatu Batuetako merkatuari heltzeko. Egonkortasun makroekonomikoa eta lotura historiko eta kulturalak ditu, baita merkatu libreko itunak ere. Hori dela eta, Mexiko leku bikaina da Amerikako merkatuan sartzeko.

Abantaila geoestrategiko handiko merkatu garrantzitsua

126 milioi biztanle baino gehiago ditu, eta Mexikok munduko ekonomiarik irekienetakoa du merkatu libreko 14 hitzarmeni esker. Horien bidez, lehentasunezko sarbidea du 50 herrialde baino gehiagotara. Mexiko, Estatu Batuak eta Kanadaren arteko ituna (T-MEC) funtsezko zutabea da Mexikoko kanpo merkataritzarentzat. EB eta Asia-Pazifikoko eskualdearekin (CPTPP bidez) sinatutako merkataritza-itunak gorabehera, Estatu Batuekiko merkataritza-mendekotasun handia du Mexikok; eta horregatik, oso sentikorra da herrialde estatubatuarrean gertatzen diren gertakari eta politikekiko. Morenak garaipen berria eskuratu zuen 2024an: Andrés Manuel López Obrador agintera iritsi zen alderdi horrekin, eta Claudia Sheinbaumek jarraitu dio, Mexikoko lehen emakumezko presidenteak. Aurreikusten da “Laugarren Eraldaketa” proiektuari jarraipena ematea. Proiektu hori gizarte-programen sustapenean, azpiegitura-proiektuetan, energia- eta elikadura-burujabetzan, ingurumen-babesean eta ustelkeriaren aurkako borrokan oinarritzen da. Mexikoko gobernuaren immigrazioaren, segurtasunaren edo protekzionismo ekonomikoaren inguruko politikek Estatu Batuekiko harremana tenkatzen dute.

Azken urteetan, Mexikok inguruko herrialdeek baino jarduera ekonomiko handiagoa izan du: BPG % 3,2 hazi zen 2023an egonkortasun makroekonomikoari, inflazioaren eta moneta-politiken bilakabidearei eta nearshoring fenomenoari esker. Hala ere, hazkunde hori 2024-2028 denboraldian mantsotu egingo dela aurreikusten da, eta urteko % 2,2 eta % 3 artean haziko dela uste da, iturriaren arabera. Hazkunde ekonomikoa txikitzea Estatu Batuen hazkundea moteltzearekin eta inbertsio publikoa jaistearekin dago lotuta, azpiegituraren proiektu estrategikoak bukatu baitira. Inflazioak behera jarraitzea espero da, eta herrialdeko etxerik txiroenei laguntzea horrek. Edonola ere, manufaktura-industriak, eskulan kualifikatu eta merkeak eta Mexiko balio-kate estatubatuarretan integratuta egoteak herrialdeko ekonomiak hazkundea mantentzea eragiten dute.

Mexiko munduko manufaktura-esportatzaile handienetakoa da, bereziki automobilgintzaren, elektronikaren eta etxetresna elektronikoen sektorean. 2023an, esportazioek 494 mila milioi dolar lortu zituzten, eta 2024an hazten jarraitzea espero da Ipar Amerikako hornikuntza-kateen integrazioa eta nearshoring fenomenoa dela eta, nagusiki manufaktura-industriaren, telekomunikazioen eta energia-industriaren sektoreetan. 2025-2028 denboraldian, kontu korrontearen defizita urteko BPGren % 1,2an kokatuko da batez beste, bidalketen sarreragatik eta atzerriko zuzeneko inbertsioagatik, beste faktore ekonomiko batzuk arintzen lagunduko duen nearshoringak bultzatuta. Estatu Batuak Mexikoren merkataritza-kide nagusia da esportazio zein inportazioetan. Inportazioei dagokienez, Txinaren eragina handitu da. Aldiz, esportazioetan, Kanada, Hego Amerika eta Europar Batasuna dira Mexikoko esportazioen beste helmuga batzuk.

Mexikoko merkatua dinamikoa eta askotarikoa da, eta manufakturara bideratua dago bereziki, batez ere automobilgintzan, elektronikan eta sektore aeroespazialean. Sektore horiek Estatu Batuekiko gertutasunaz eta T-MEC moduko merkataritza-itunez baliatzen dira, mugaz gaindiko merkataritza eta atzerriko inbertsio zuzena ahalbidetzen baitute. Nearshoringak indarra hartu du, eta inbertsio gehiago erakarri du hornikuntza-kate luze eta konplexuetako kostu eta arriskuak murriztu nahi dituzten enpresen birkokapena dela eta.

Barne-kontsumoak ere funtsezko zeregina du Mexikoko ekonomian, eta gora doan biztanleria gazteak bultzatzen du. Txikizkako industria sendoa da, eta merkataritza elektronikoa nabarmen hazi da, bereziki COVID-19aren pandemiaz geroztik. Mexikoko Bankuaren moneta-politikak interes-tasa altuak mantendu ditu inflazioa kontrolatzeko; eta egiturazko erreformekin batera, inguru makroekonomiko nahiko egonkorra sortu dute.

Mexiko atzerriko enpresentzako arreta-gune nagusietako bat bihurtu da hainbat arrazoirengatik: barne-merkatuaren bolumena, eskulanaren kualifikazioa eta kostua, Estatu Batuekiko gertutasuna, baliabide naturalak, merkatu libreko itunak eta finantza-sektore egonkor eta sendoa. Hala ere, Mexiko atzerriko inbertsioa herrialdean mantentzeko erreformak eta pizgarriak ezartzen ari bada ere, zenbait oztopo dituzte inbertitzaileek oraindik: zerga altuak, jabetza intelektualaren babes-lege ahulak edota ustelkeria-tasa altuak, bestea beste.

Mexikoko merkatura sartzen diren enpresak dibisen transferentzien erraztasunaz eta banku eta finantza-sektorearen lehiakortasunetik eratorritako kapitalen kontrolaz balia daitezke. Mexikok finantza-industria sendoa du, eta krediturako sarbide egokia eskaintzen du tokiko zein nazioarteko enpresentzat. Errentaren gaineko zergak lehiakorrak dira eskualde mailan, baina Mexikoren zerga-karga altua da, eta tasak ez dira oso lehiakorrak mundu mailan. Industria gakoetarako zerga-pizgarriek epe ertainera arrisku hori arintzea espero da. Mexikok merkatua eta enpresen egiturazko kostuak baldintzatzen dituzten estatu-enpresen sare zabala du, CFE edo PEMEX, esaterako, sektore energetikoetarako eta erregaien ekoizpenerako, hurrenez hurren.

Mexiko herrialde erakargarria da atzerriko zuzeneko inbertsiorako, bereziki herrialdearen iparraldeko mugan eta hiriburuan, Mexiko Hirian, kokatzen diren kluster espezializatuek sustatzen duten manufaktura-sektorean. Joera horrek gora egingo du, herrialdea Estatu Batuetako nearshoringak bultzatutako hornitzaileen ezarpenen helmuga nagusia bihurtu baita, eta Asia-Pazifikoko eremuarekin eta Europar Batasunarekin zenbait itun onuragarri sinatu baitira. Herrialdeko merkatua haztea espero da gobernu berriaren politika teknokratak direla eta, ziurgabetasun politikoa eta herrialdeko inbertsioa murriztuko baitute.

Mexikoko merkatu libreko hainbat itun direla eta, herrialdeak nazioarteko merkataritzako oztopo gutxi ditu muga-zergak liberalizatu izanagatik. Muga-zergaz haragoko neurriak dira merkataritzako oztopo nagusiak Mexikon, kuotak, etiketatze-baldintzak eta inportazio-baimenak, esaterako. Horri aduana-sistema konplexua eta baldintza administratibo zorrotzak gehitu behar zaizkio. Edonola ere, oro har, enpresek ez dute oztopo handirik izaten.

Mexikok nazioarteko lege-segurtasuna du, eta alderdi askotako itunetan eta merkatu libreko itun eta Osagarritasun Ekonomikoko Itunetan ezarritako araudiak betetzen ditu. Bestalde, nazioarteko erakunde garrantzitsuen kide aktiboa da, Nazio Batuen Erakundea (NBE) eta Merkataritzaren Munduko Erakundea (MME) moduko agentziak, besteak beste. Hala ere, erronkak daude jabetza intelektualaren babesari, sektore publikoko ustelkeria-tasa altuei eta erreformak egiteko zailtasunei dagokienez.

Digitalizazioak herrialdeko burokraziaren eraginkortasuna handitu du. Garrantzitsua da nabarmentzea 2023an Mexikok zenbait erreforma egin zituela enpresei malgutasun handiagoa eskaintzeko, eta erregulazioa lasaitu zuela zenbait arlotan.

Martha Márquez

Enpresa arloko arduraduna

EUSKADIREN ORDEZKARITZA MEXIKON

Av. Horacio 1213, Polanco, 11550 CDMX, Mexiko

+52 (55) 5254 1552

* Ordutegia:

Astelehenetik ostegunera 07:30etik 16:00etara
Ostirala 08:00etatik 13:00etara

Nola lagun diezazukegu?

Basque Trade & Investmenten zure nazioartekotze-prozesuan lagunduko dizugu, zerbitzu pertsonalizatuak behar badituzu edo zure enpresa atzerrira zabaltzeko informazioa nahi baduzu.
JARRI GUREKIN HARREMANETAN