Infinite proiektuak kontakturik gabe monitorizatzen du egitura aeronautikoen bizi-zikloa

Infinite proiektuak karbono-zuntzez fabrikatutako egitura aeronautikoen bizi-ziklo osoko kontakturik gabeko monitorizazio-sistema garatzea du helburu. Hori lortzeko, mikrohari ferromagnetikoak sartuko ditu lehengaian. Proiektu europar hau, Ideko zentro teknologikoak koordinatua, laster amaituko da hiru urteko lanaren ostean. 

Monitorizazio-sistema horren bidez, karbono-zuntzaren fabrikazio-etapak kontrolatu ahal izango dira kalitatea ziurtatzeko, piezak sentsore kableatuekin hornitu beharrik gabe. Era berean, material horren bizitza baliagarri osoan zehar osasun-egoera kontrolatuko da. “Osagai bakoitzaren aztarna dokumentatu eta digitalizatzeko aukera egongo da; haren trazabilitatea kontrolatuko da: fabrikazioa eta mantentze-lanak eta/edo konponketa bere bizi-zikloan”, laburbiltzen du proiektuaren koordinatzaile Peio Olaskoagak. 

Infinite Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Ingeniaritza Eskolako Magnetismo Taldearen lanen ondorioz sortu zen, Arkady Zhukov buru zuela, Tamag mikrohari amorfo magnetikoetan espezializatutako enpresaren sortzailea. Ideko eta Gaiker jarduera horiekin harremanetan jarri ziren, teknologiaren potentziala egiaztatu zuten, baita Horizon 2020 programaren barruan sartzen zela ere. Horregatik, partzuergo bat osatzea eta jarduera horiek finantzatzeko proposamen bat prestatzea erabaki zuten. “Lehen ahaleginak huts egin ondoren, 2021eko irailean proposamen berri bat aurkeztu, onartzea lortu eta finantzaketa jasotzeko posizioan kokatu genuen”, azaldu du Peio Olaskoagak. Partzuergoa sortuta, eta behin 5,5 milioi euroko finantzaketa lortuta, Infinite proiektua 2022ko ekainaren 1ean hasi zen lanean. 

36 hilabeteko lanaren ondoren, Europako proiektua aurtengo ekainean amaituko da. Hiru hilabeteko lana geratzen bada ere, “oraindik saiakuntzak egiten jarraitzen dugu seinaleak eta horien tratamendua hobetzen saiatzeko“, adierazi du proiektuaren koordinatzaileak. “Dokumentazio-lan handia dago oraindik, eta teknologiaren gaitasunaren azken erakustaldia”. 

Ideko proiektuaren koordinatzailea da, eta, horregatik, bere zeregin nagusiak baliabideak kudeatzea, proiektu-memorian ezarritako helburuetarako orientazioa ziurtatzea, jarduerak koordinatzea eta Europako Batzordeko kontrol-erakundeekiko elkarrizketa mantentzea dira. Hala ere, fabrikazio-teknologietan espezializatutako zentro teknologiko gisa, fabrikazio-prozesuen monitorizazioan lan egiten du. 

Epe laburrean, Infinite proiektuak memorian ezarritako helburuak ahalik eta modurik osoenean bete nahi ditu. “Horrek laborategiko lanarekin jarraitzea eta kalitatezko eta balio handiko edukiak dituzten entregatzekoak sortzea esan nahi du”, zehaztu du Peio Olaskoagak. Epe luzera, hainbat eragilerekin kontrastatzea aurreikusten du, batez ere azken erabiltzaileak izan daitezkeenekin, “proiektuaren etorkizuneko jarraipenetan parte hartzeko konbentzitzeko”. 

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu. 

SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.