Euskadik eta Kataluniak indarrak batu dituzte Europar Batasunaren berrindustrializazio prozesuan

  • Mikel Jauregi eta Albert Dalmau sailburuak bat etorri dira Euskadiren eta Kataluniaren lana, industria-ahalmena eta zeregina ?autogobernu-ahalmen handiko lurralde gisa? Europar Batasuneko erakundeen aurrean indartzeko premian, Europar Batasunaren potentzial berritzaile eta ekonomikoaren zati handi bat ordezten baitute

Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak eta Albert Dalmau Kataluniako Generalitateko Presidentetzako kontseilariak aldebiko bilera egin dute gaur Bilbon, bi lurraldeetako egoera ekonomikoa eta industria-politika aztertzeko. Bilera horrek jarraipena ematen dio Imanol Pradales lehendakariak eta Salvador Illa presidenteak urtarrilean egindako bilerari, eta agerian uzten du bi gobernuek harremanak estutzen eta indarrak batzen jarraitzeko borondatea dutela.

Bileraren amaieran batera egindako agerraldian, bi sailburuek Euskadik eta Kataluniak industria-polo gisa duten estatusaren garrantzia nabarmendu dute, Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualdeen buru diren heinean. Bi lurraldeek Estatuko industriaren arloko barne-produktu gordinaren % 25 biltzen dute, eta Europar Batasuneko eskualde industrializatuenen artean daude.

Clean Industrial Deal plan berriak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Kataluniako industria-sektoreei eskaintzen dizkien aukerak kontuan izanik, bi gobernuek Europa berrindustrializatzeko prozesuan funtsezko eragile direla aldarrikatzen dute. Egin dituzten balorazioetan, Jauregi eta Dalmau sailburuak bat etorri dira Euskadiren eta Kataluniaren lana, industria-ahalmena eta zeregina ?autogobernu-ahalmen handiko lurralde gisa? Europar Batasuneko erakundeen aurrean indartzeko premian, Europar Batasunaren potentzial berritzaile eta ekonomikoaren zati handi bat ordezten baitute.

Mikel Jauregi sailburuak aditzera eman duenez, “Euskadi eta Katalunia Europako bi nazio industrial zahar gara. Argi dugu industria zer den guretzat: ongizatea, bizi-kalitatea, aurrerabidea eta lanpostuak. Hori dela eta, ziurgabetasuna hazten ari den mundu honetan, Europar Batasunaren berrindustrializazio-prozesuaren buru izateko dugun zeregina aldarrikatzen dugu. Euskadik eta Kataluniak, industria-potentzia izanik, bien arteko lankidetza estutu nahi dugu, eta estutu behar dugu, Europak mundu berri honetan duen posizioa defendatu eta indartze aldera. Europaren birsortze industrialaren protagonista izan gaitezke”.

Bi sailburuak bat etorri dira Eusko Jaurlaritzarentzat eta Kataluniako Generalitatearentzat garrantzi handia duela loturak indartzeak eta testuinguru global zalantzagarri eta desafiatzailearen aurrean indarrak batzeak, eta elkarrekin lan egiten jarraitzeko deia egin dute, hurrengo topaketa bati begira.