Rebel Tickets sarreren salerosketarako plataforma bat da, historikoki erabiltzaileei zein ekitaldien sustatzaileei kalte egin dien sarreren birsalmenta irregularraren aurka borrokatzen duena. “Gure helburua sarreren birsalmentan iruzurrak eta gehiegizko prezioak desagerraraztea da, erabiltzaileei irtenbide justu eta etiko bat eskainiz ekitaldi bateko sarrerei irteera eman ahal izateko ekitaldira joan ezin dutenean”, azaldu du Asier Bengoa Rebel Tickets-eko CEO eta project manager-ak.
Era berean, ekitaldien sustatzaileei birsalmenta kontrolatzeko aukera ematen die, zirkuitu itxiaren eredua inplementatuz, zeinak salmentan jartzen duen pertsonaren datuak kendu eta erosle berriaren datuekin ordezkatzen ditu. Hala, Bengoak honela definitzen du Rebel Tickets: “Iruzurrak, sarrera faltsuak eta sarrera bikoiztuak desagerrarazteko irtenbidea”.
Enpresa 2023an sortu zen, sortzaileak hurbiletik ukitzen zituen errealitate bati zuzenean erantzuteko. “Lagunek eta ezagunek beren sarrerak sare sozialen bidez birsaltzen saiatzen zirela ikusten genuen, askotan etsita, iruzur batean erortzeko beldurrarekin, ohiko birsalmentarako plataformetan konfiantzarik ez zutelako”, zehaztu du CEOk eta project managerrak. Gaineratu duenez, “egoera horrek ikusarazi zigun ez zegoela erabiltzaileentzat benetan pentsatutako alternatiba justu edo segururik, baina ez hori bakarrik, ikusi genuen sustatzaileak -ekitaldien ekosistemaren funtsezko pieza- bigarren mailako zirkuitu horretatik guztiz kanpo zeudela, eta ez zegoela haien interes eta arazoez benetan kezkatzen zen birsalmenta-orririk”.
Kezka bikoitz horrekin -zaleak babestea eta sortzaileei tresnak ematea- sortu zuten Rebel Tickets. Bere ikuspegia da “birsalmenta merkatu justuagoa, gardenagoa eta etikoagoa eraikitzea”.
Enpresa sortzeko arrazoia sinplea izan zen: Ez zegoen sarrerak salerosteko plataforma bat bera ere, benetan segurua zena, erabiltzaileak eta ekitaldien sustatzaileak babesten zituena. “Iruzurrak saihesteko, espekulazioa ezabatzeko eta birsalmentan konfiantza itzultzeko irtenbide bat eskaini nahi genuen, aukera gardena, legezkoa eta alde guztientzat onuragarria bihurtuz”, adierazi du Bengoak.
Rebel Tickets-ek, alde batetik, milaka ekitaldi dituen plataforma bat eskaintzen du, non bertaratzeko modurik ez duten erabiltzaileek sarrerak modu arin eta seguruan birsaltzeko aukera duten, eta beste zale batzuek konfiantza osoz eros ditzaketen, eta, bestetik, sustatzaileek birsalmenta kontrolatu eta kudeatu dezaketen tresna bat, “lehen haiek gabe eta haien kontura gertatzen zen merkatu baten” parte izateko.
Gaur egun, jaialdien, kontzertuen eta bestelako ekitaldien sustatzaileekin lan egiten du, batez ere Espainian, bere publikoari birsalmenta baimendua eskaini nahi diotenekin. Bengoaren arabera, “Rebel Tickets berehala finkatu da musikaren panoramako ekitaldi garrantzitsuenetariko batzuetarako birsalmenta ofizialaren irtenbide gisa. Denbora gutxian, lehen mailako sustatzaileekin akordioak sinatzea lortu dugu, kontzertu jendetsuetan eta milaka entzule dituzten jaialdietan sarreren birsalmenta kudeatuz”.
Enpresak nazioarteko artistekin lan egin du, hala nola Myke Towers, birsalmenta ofiziala kudeatuz, zaleei sarrerak erosteko modurik seguruena eskainiz ekitaldia agortuta zegoenean, eta kasu guztietan sarrera bermatuz.
Era berean, jaialdi handiekin kolaboratu du, bere plataforma birsalmenta-kanal baimendu gisa inplementatuz, “horri esker milaka bertaratuk sarrerak konfiantza osoz erosi eta saldu ahal izan dituzte, espekulazioa eta iruzurrak murriztuz”. Bere azken kolaborazioetako bat Boombastic Festival-ekin izan da, non birsalmenta ofiziala kudeatzeko akordio bat duen, horrela milaka pertsonei sarrerak modu “seguru eta gardenean” eskuratzeko aukera emanez.
Etorkizunari begira, Espainian erreferentziazko birsalmenta-irtenbide ofizial gisa finkatu nahi da, eta Europako eta Latinoamerikako merkatu berrietara zabaldu. Gainera, erabiltzailearen esperientzia hobetzeko lanean ari da, eskaria iragartzeko tresnak, jakinarazpen adimendunak eta sarrerak modu seguruan erostea eta saltzea are gehiago erraztuko duen mugikorreko aplikazio bat erabiliz.
Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.
SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.